Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gure sistema energetikoaren %20 inguru elektrikoa da gaur egun, eta gainerako %80a beste energia formak –batez ere hidrokarburoak–. Erregai fosilak lurpean uzteko bide-orria nahiko argia da: energia gutxiago erabili, fosilak berriztagarriekin ordezkatu eta sistema elektrifikatu, %20 hori gutxienez %70era igoz –eta gainerakoa, beste energia berriztagarri ez-elektrikoekin hornituta–.
Alabaina, trantsizioaren eztabaidaren testuinguruan han-hemenka errepikatzen ari da gure sistema energetikoa ezin dela elektrifikatu eta, are, elektrifikazio tasa %30etik gora igotzea ezinezkoa dela ere esan izan da, besteak beste. Partekatzen dugu zailtasunaren kezka, sistema energetikoa eraldatzea erronka izugarria baita, baina egingarritasuna ukatzea, gure ustez, ez da zuzena eta ez da egia.
Lehenik eta behin, %30eko elektrifikazioa gainditu duten lau herrialde gutxienez badirelako dagoneko, Enerdata analisi zentroaren arabera (2024): Norvegia (%47), Suedia (%33), Taiwan (%32,5) eta Japonia (%31). Eta kontuan hartu behar da elektrifikazioaren hasiera momentuan baino ez gaudela.
Elektrifikazioak %30eko muga duela esatea, gezurra izateaz gain, mezu kaltegarria da, trantsizioa ezinezkoa dela edo, are, engainu bat dela ulertarazten baitu
Nola egin du Norvegiak? Teknologia elektrikoen aldeko apustu argia egin zuen bai klimatizazioan nola garraioan duela pare bat hamarkada. Egun, bizitokien %60 aerotermia bidez klimatizatzen da. EAEn, aldiz, galdaren %90 baino gehiago gasezkoak dira oraindik. Elektrifikazioa ahalbideratzeaz gain, bero-ponpek %75 energia gutxiago behar dute eraginkortasun handia dela eta. Garraioari dagokionez, Norvegiak hiru hamarkada daramatza garraio elektrikoaren aldeko politika publikoak garatzen. Egun, merkatuan saltzen diren autoen %98 elektriko puruak dira –otsailean gasolinazko hamabi auto saldu ziren herrialde osoan–. EAEn auto elektrikoak ez dira %10era iristen eta hazkuntza kurba ez da oso azkarra izaten ari.
Bigarrenik, dagoeneko gure sistemaren %75etik gora elektrifikatu daiteke eskura dauden teknologiekin –soilik %25ekoa zen potentziala 2000. urtean–. Adibide on bat da garraio astunaren bilakaera: garai batean gainditu ezinezko erronka zirudiena elektrifikatzen ari da orain, Txinan saltzen diren lau kamioietatik bat dagoeneko elektrikoa baita, 20.000 baino gehiago hilabetero. Hard to abate deituriko sektoreetan daude azken erronkak –industria astuna eta distantzia luzeko garraioa–. Eta sektore horietan ere badatoz soluzio ezberdinak, orain dela hamarkada pare bat uste zena baino dezente azkarrago, gainera.
Sistema %100 berriztagarrien posibilitatea bera ikertzen duen alor zientifiko oso bat dago. 2022an meta-analisi garrantzitsuena publikatu zuten gaiari buruz. Uste oker askori erantzuten zaio bertan –hala nola berriztagarriak garatzeko fosil asko beharko direla–, baina benetan azpimarragarria 50 urteko ikerketen analisiaren ostean ateratako ondorioa da:
"Energia Sistema %100 berriztagarriaren ikerketa gehienen ondorio nagusia da sistema horiek munduko eskualde guztietako energia guztia elikatu dezaketela, kostu baxuan. Hori dela eta, etorkizunean, ez dugu erregai fosilen mende egon beharrik".
Bada beste mito bat ere: gero eta elektrizitate gutxiago erabiltzen dela. Aitzitik, munduan elektrizitatearen kontsumoa eta elektrifikazio tasa, biak, gorantz doaz azken urteetan, baita Europan ere. Berriz ere, Txina, argiaren abiaduran: 2000. urtean elektrifikazio tasa %12 ingurukoa bazen, 2026an %27koa da –eta lau urte barru %34koa izan daiteke–. India, Vietnam, Nepal, Uruguai, Hegoafrika eta beste hainbat herrialde argindarraren aldeko apustuaren adibide dira ere. Mundua elektrifikatzen ari da.
Sistema kontsumista irrazional hau gainditu eta energiaren kontsumoa gutxitzea gakoa da, batik bat garraio pribatuan. Beste modu batera esanda: bizikleta ere etorkizuneko teknologia da. Baina elektrifikazioa ere kontsumoa gutxitzeko estrategia bikaina da: gaur egungo sistema guztia elektrikoa balitz, %40 energia primario gutxiago beharko genuke.
%100a oraindik teknikoki eskura ez badago ere, dagoeneko %75 elektrifikatzeko modukoa da, gutxienez. Zergatik geratu orduan gaur egungo %20an? Autobusak dagoeneko elektrifikatu daitezke eta horretarako beharrezkoak dira energia komunitateak, parke eoliko eta fotovoltaikoak, biltegiratze sistemak eta sare elektrikoaren hobekuntzak. Hori, edo kea botatzen duten autobusak. Zer aukeratuko dugu?
Elektrifikazioak %30eko muga duela esatea, gezurra izateaz gain, mezu kaltegarria da, trantsizioa ezinezkoa dela edo, are, engainu bat dela ulertarazten baitu. Eta mezua baldin bada “zubi hori zeharkatzea ez du merezi” horren ondorio erreala da “ba hemen geratzen naiz”. Eta hori da egin dezakegun okerrena, gauden lekuan geldirik segitzea.
Gorka Laurnaga eta Markel Peñalba, Stop Fosilak-eko kideak
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545