Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen duenean, zikloaren amaiera gertu dagoela esaten ari zaigu. Loretik fruitua etorriko da, hazien bilgarria. Patataren lore zurizta ikustean, hasi lurpetik aleak ateratzen, goxo, xamur urtsu… Jendeak ilarra (Pisum sativum) famatzen du, baina ez dago patata txiki berria azal eta guzti frijitua bezalakorik udaberrian gaudela jabearazteko.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
NEIKER ikerketa guneak patentatutako Atsegiñe patata.
Bitxia da patatarena. Ugaltzeko ez dugu hazirik erabiltzen. Sortzen duen fruitua tomate (Solanum lycopersicum) txiki baten tankerakoa da, izan ere, familia eta genero berekoak dira. Patata landare berriak sortzeko patata bera lurperatzen dugu. Patata ale bati erraz igarriko dizkiozu kimu edo begi muturtxoak. Horietako bakoitza landare berri bat emateko gai da. Ereiterakoan, patata handia bada, labanaz zatitu egiten da, atal bakoitzari begi bat edo bi utzita.
“Erein” esan dut, baina ea zeuk nola esango zenukeen… Hiztegiak miatzen badituzu, “erein” hitzaren esanahi zehatza “hazia barreiatu edo sartzea” da. Ezin erein, beraz, hazia ez dena. “Erein” esateko “hazikatu” eta “ereiki” behintzat erabiltzen dira. “Ereiki” asko gustatzen zait, agian “eraiki” gogora ekartzen didalako… Ereikitzen dugu gero landarea eraikiko duena, hazia. Patata landarea munduratzeko ez dugu hazirik erabiltzen.
Aldatu edo landatu egiten ote dugu ba patata? Zer da aldatzea edo landatzea? Guretzat, landare bat edo bere puska bat lurrean jartzea izan da aldatzea. Eta hiztegi gehienetan halaxe jasoa azaltzen da. Begian min eman dit, ordea, nire bihotzeko hiztegietako batean topatu dudanak; Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegia-n (Kutxa fundazioa, 1996), honela dio: “Landatu: landare edo hazi bat lurrean ipini, haz eta bizi dadin”. Uste dut ia ezinezko zaiola inori hazi bat landatzen duela esaten duen euskaldunik topatzea. Ikerketa lerro bide bat garbitzen hasi beharko genuke gai hau argitzeko.
Zuzenena litzateke patata landatu egiten dela esatea. Patataren tuberkulua edo tuberkuluaren zati bat jartzen dugu lurpean, bere begiek hozitu edo hazitu eta landare berria sor dezaten.
Patataren zati bat ugalketaren oinarri izanik, zati hura eman zuen amaren berdin-berdina sortuko da landarea, klon bat. Klona amaren kopia zehatz-zehazkikoa da. Beraz, amaren onurak eta txarkeriak jarauntsiko ditu. Amaren arazoak biderkatu egingo zaizkio alaba-kopiari, hari erasotzen dioten gaitz eta izurriteek gero eta hobeto ezagutzen baitute. Horra patataren galbidea eta hondamena.
Horregatik, landatzeko patata –ereiteko edo hazitarako patata esaten zaio– ez da erabiltzen etxean aurreko urtean sortutakoa. Beti, urtero, Arabatik ekarritakoa erabiltzen da. Araba da Euskal Herrian, Espainian eta haragoko lurralde askotan erabiltzen den landatzeko patataren ekoizlea. Europa osoan ezaguna da. Garaiera altuko lurraldeetan sortzen da besteok landatzeko erabiliko dugun patata hori. Garaiera horretan bizi edo iraungo duen patatari erasotzen dion gaitz edo izurriterik ez dago. Patata garbia, sanoa etortzen da handik. Patatazaleon santutegia da Araba.
Hori baliatuta, patata barietate asko sortu dira Araban. NEIKER ikerketa guneak patentatuak ditu Euskal Herrian sortutako patata barietate asko. Bertako baldintzetara egokituak, eta erabilera anitzekoak: frijitzeko, egosteko, erregosteko edo gisatzeko… Leire, Miren, Edurne, Entzia, Gorbea; ondo bertako izenak dituzte jarriak. Gehienak emakume izenak, ederki asko jarriak, izan ere, patata hermafrodita izanagatik, bere jarrera emea da nagusia, gure asmoetarako ere: eman eta eman egiteko grina zailduta izatea.
Azken-azkena aurkeztu berri dute: emakume izena jarri diote honi ere, Atsegiñe. Kanpoko aldetik zuria da baina bihotza ubela du. Frijitzeko berezia da, aparta. Hemendik atzera noiznahi ikusiko duzu zuri ubelak diren patata txipak dituen poltsa. Atsegiñe. Arabarra. Eta arabarrek, erein ala landatu, zer egiten dute?
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545