Asteroko buletina
Idiak esan omen zun: maiatz luzia gosia. Harek eraman zuen nere alabia.

Ezagutzen ez dugun bizilaguna

Euskal Herrian dauden sugandila espezieetatik, gizakiaren begietara arruntena da horma-sugandila. Arre kolorekoa da batzuetan, berde puntu batekin besteetan, eta aldeetara eta bizkar gainean, marra edo orban ilunak izan ohi ditu. Sugandila guztiek bezala, hatz luzeak ditu, eta ezkatez babesturiko gorputz arina, isatsaren laguntzarekin mugimendu azkarrak egiten laguntzen diona.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2023ko azaroaren 06a
Horma-sugandila. Argazkia: Iñaki Sanz-Azkue.

(argazkia: Iñaki Sanz-Azkue)

Horma-sugandila (podarcis muralis)

Taldea: Ornoduna / Narrastia

Neurria: 7 cm inguru isatsik gabe.

Non bizi da? Baso, harkaizti, belardi eta eremu urbanoan.

Zer jaten du? Ornogabe txikiak.

Babes maila: Europan babestua.

 

Arrunta izanagatik, ordea, ezin esan espezie ezaguna denik. Sugandilak maiz ikusten ditugun arren, ez baitiegu arreta askorik jartzen, ez herritarrok, ez ikertzaileok ere, kosta egiten baitzaigu mehatxatua ez dagoen horri begiak jartzea. So egingo diegu, agian, arrak udaberriko borrokekin hasten direnean, edota haiekin jolasean dabilen umeak isatsa kendu eta behin gorputzetik banatuta nola mugitzen den behatzen dionean, baina… ezagutzen al dugu horma-sugandila?

Horma-sugandilak, izenak dioen bezala, hormak ditu gustuko, eta hargatik, gure etxe, baserri edota inguruko paretetan gehien ikusten dena da. Basoko argiguneetan, ezpondetan, egur artean edota zelai ertzetan ere ikus daiteke. Burua zapala du, baina muturra ez puntaduna, zirrikitu handi samarretan sartzeko adinakoa. Horma-sugandilak, ezkutalekua bilatzen du gune horietako zuloetan eta jana inguruetan. Zomorrojale amorratua baita.

Narrasti guztiek bezala, beroaren premia izaten du gorputza berotzeko eta egunari ekiteko. Hala, bero hori eguzkitik jaso dezake, eta horretarako, zapal-zapal eginda topatuko dugu eguneko lehen izpiekin, denbora ahalik eta gutxienean, ahalik eta azkarren berotzeko asmoz. Ektotermoa denez, bero horrek lagunduko dio gorputza aktibatzen eta orduan hasiko da ehizan, jan bila, indartzeko eta udaberriko ugal garaiari aurre egiteko.

Udaberrian, arrek lekurik onena hartu nahi izaten dute. Leku egutera, babeslekuekin harrapakarietatik ihes egiteko, baina era berean, jatena ugaria duena. Beraz, ez da harritzekoa arren arteko borrokak ikustea, haien artean hozkaka, nork tokirik egokiena lortuko. Arrautzak jartzeko, horma zaharretako arrakala lehorrak erabiliko dituzte, edota harri eta enbor azpiak. Eta hala, tamaina oso txikiko arrautzatxoek busti gabe iraungo dute baina beharrezko hezetasun minimoarekin. Bertatik sortuko dira sugandila oso txikiak, jada gurasoen beharrik izango ez duten narrasti independenteak.

Europa hegoaldeko herrialdeetan ikus daitekeen espeziea da horma-sugandila. Mediterraneo aldean,  altueran gora jo behar izaten du behar dituen baldintzak bilatzeko. Hala, ez da harritzekoa Iberiar penintsulako leku askotan horma-sugandila mendi garaietan baino ez aurkitzea.

Espezie arrunta izanagatik, interesarekin begiratu beharrekoa da. Europa mailan babestua, baina gutxi ikertua da gurean. Izan ere, espezie mehatxatuei arreta jarri izan diegun bitartean, ezezaguna zaigu askotan arruntenen egoera. Hargatik, etxeko ondoko horman sugandila ikusten duzun aldiro, gogoratu, espezie horrek merezi duela begirada bat, segundo bateko behaketa, sikiera, gure ingurumenaren parte dela guk ere sinesteko.

Ospea ez da beti ona
2024-03-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Euskal Herriko muskerren artean ez da handiena, baina ziur asko, bai ezagunena. Musker berdeak, izenak dioen moduan, gorputz berdea du oso, eta ugal garaian, buru... (+)
Basotik farmaziara
2024-02-12 | Iñaki Sanz-Azkue
Luzea, fina eta iluna da eskulapioren sugea. Arre-beltz kolorekoa izan ohi da, orban txiki zurixkak ditu gorputzaren aldeetara, eta hargatik, agian, pertsona batzuen begietara beldurgarri... (+)
Basomutilak hil zituena
2023-12-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Horia eta beltza da arrabio arrunta. Kolorazio aposematikoa duela esan ohi da eta ez da kasualitatea. Kolore deigarri horiek badutelako euren funtzioa. Bere burua babesteko... (+)
Zaintza erdigunean
2023-09-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Tamaina txikikoa, gris-marroi kolorekoa eta gau zalea. Halakoa da txantxiku arrunta. Ezaugarri horiekin ez du ematen atentzioa deitzeko moduko animalia denik, baina… ondo erreparatuta, txantxikuak... (+)
Harkaitz-txoria, kolorea negu grisean
2023-02-19 | Iñaki Sanz-Azkue
Hegaldi berezi batek deitu digu arreta itsas bazterreko labarren artean. Burua jaso eta tximeleta baten gisan igaro du begien aurrean dugun zeru-tartea. Negua da. Hegazti... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora