Asteroko buletina
Izotzila, hotzak hila; otsaila firili-faraila; martxoa dinbirri-danbarra; apirila biribila, urdandegian hila.

Zaintza erdigunean

Tamaina txikikoa, gris-marroi kolorekoa eta gau zalea. Halakoa da txantxiku arrunta. Ezaugarri horiekin ez du ematen atentzioa deitzeko moduko animalia denik, baina… ondo erreparatuta, txantxikuak baditu hainbat sekretu gizakiaren begietara ezkutatzen direnak. Izan ere, txantxiku arrunta, Europako aporik zaharrena izateaz gain, apo berezia ere bada: zaintza erdigunean jartzen du.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2023ko irailaren 25a
Txantxiku arrunta (Alytes obstetricans)

Taldea: Ornoduna / Anfibioa.

Neurria: 5 cm inguru.

Non bizi da? Basoa, hezegunea, belardia eta eremu urbanoa.

Zer jaten du? Ornogabe txikiak.

Babes maila: Europa mailan babestua.

Ikusi, ikusi… agian ez zenuen ikusiko, baina entzun… oso litekeena da txantxiku arrunta entzun izana. Izan ere, baserri inguruetan, aska edo ur-putzu txikiren bat den gunean, txantxikua nahiko arrunta izaten da Euskal Herrian. Eta ugaltze garaia iristen denean, udaberri inguruan, edo batzuetan baita udazkenean ere, txantxikua kantuan hasten da, bere txistu soinu berezi eta errepikakorrarekin. Ezagutzen ez duenak ez dio kasurik egingo, bere belarrira txoriren bat izan daitekeela-ko. Behin belarria eginda, alabaina, nahasezina da bere musika. Kun-kun egiten omen du. Horregatik, agian, Agurainen jarri dioten izena: kunkuna. Leku guztietan, ordea, kantua ezberdin aditzen omen da eta, amurriotarrek klinklona deitzen diote. Klin-klon egingo duelako. Hernani inguruan, kuk-kuk egiten duela, baina… zapottikia bezala ezagutzen dute. Tamainari erreparatu diote kasu horretan. 

Txikia izanagatik, ordea, ikusi izan duenak ez du berehalakoan ahaztuko. Urre-zilar koloreko begi ederrak, eta pinto gorri txikiak bizkarraren bi aldeetara. Hori gutxi ez-eta, txantxiku arruntak, inguruko beste anfibio espezieek ez bezala, etorkizuneko zapaburuak izango diren arrautzak ipurdi-bizkar gainean eramaten ditu korapilatuta ugaltze garaian. Eta hala, gauero-gauero, uretara eramaten ditu eta bertan busti, heze mantentzeko. Arrautzak gau eta egun eramango ditu bizkar gainean, eta arduratuko da horiek leku hezean mantentzeaz, harri edo enbor azpietan, eguzkitik salbu. Zapaburuak ateratzeko zorian direla sumatzen duenean, putzu, aska edo ur geldoko eremuan utziko ditu.

Baina agian espero ez duzun beste ezaugarri batek emango dizu arreta. Izan ere, txantxikuaren kasuan, emeak ez, arrak dira etorkizuneko zapaburuak aterako diren arrautzak bizkar gainean eraman eta zainduko dituztenak. Txantxikuak urteak daramatza zaintza erdigunean jartzen.

Gurean arrunta izanagatik, ez dugu erlaxatzeko arrazoirik espezie honen kontserbazioan. 1998ko udan, Guadarramako mendilerroan, Peñalarako Parke Naturalean (Madril), metamorfosia egin berri zuten ehunka txantxiku hilik agertu ziren bi mila metro ingurura dauden hainbat urmaeletan. Itxuraz, kontserbazio egoera ezin hobean ziren putzuetan. Urte betera, 1999ko udan, txantxiku populazio hartako zapaburuen %86a desagertua zen jada. Kitridioen taldeko onddo batek egin zuen sarraskia eta jada gaixotasuna Euskal Herrira ere iritsi da, nahiz eta hiru lekutan baino ez den atzeman.

Gizakiak ere zaintza erdigunean jarri beharko du, bere buruarena eta inguruko gizakiena ez ezik, baita gainontzeko bizidunena ere, gure bizitzaren oinarria den biodibertsitatea mantendu nahi badu.

Ospea ez da beti ona
2024-03-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Euskal Herriko muskerren artean ez da handiena, baina ziur asko, bai ezagunena. Musker berdeak, izenak dioen moduan, gorputz berdea du oso, eta ugal garaian, buru... (+)
Basotik farmaziara
2024-02-12 | Iñaki Sanz-Azkue
Luzea, fina eta iluna da eskulapioren sugea. Arre-beltz kolorekoa izan ohi da, orban txiki zurixkak ditu gorputzaren aldeetara, eta hargatik, agian, pertsona batzuen begietara beldurgarri... (+)
Basomutilak hil zituena
2023-12-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Horia eta beltza da arrabio arrunta. Kolorazio aposematikoa duela esan ohi da eta ez da kasualitatea. Kolore deigarri horiek badutelako euren funtzioa. Bere burua babesteko... (+)
Ezagutzen ez dugun bizilaguna
2023-11-06 | Iñaki Sanz-Azkue
Euskal Herrian dauden sugandila espezieetatik, gizakiaren begietara arruntena da horma-sugandila. Arre kolorekoa da batzuetan, berde puntu batekin besteetan, eta aldeetara eta bizkar gainean, marra edo... (+)
Harkaitz-txoria, kolorea negu grisean
2023-02-19 | Iñaki Sanz-Azkue
Hegaldi berezi batek deitu digu arreta itsas bazterreko labarren artean. Burua jaso eta tximeleta baten gisan igaro du begien aurrean dugun zeru-tartea. Negua da. Hegazti... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora