Asteroko buletina
Otsailean aldiz eguzkitan, aldiz sutatsean.

Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren mailako herritar gisa tratatuak izatearen sentimendua gora doa Mayotten eta, tamalez, eskuin muturra da garaile.


2024ko maiatzaren 09a

Ez pentsa pobreziari eta miseria sozialari loturiko kolera eritasuna Frantziako Estatutik desagertua denik. Desagertua baldin bada Metropolitar Frantziatik, oraindik hor dute Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Mayotte irlan. Bertako Koungou herriko 3 urteko ume bat zendu da koleragatik, Frantziako Osasun Agentziak maiatzaren 8an jakitera eman duenez. Martxoaren 19an identifikatu zuten irlako kolera kasu bat eta orduz geroztik zenbaturiko 58 kasuetatik lehen heriotza da.

"Populazioaren kontzentrazio altuek, ingurumen-higiene eskasarekin lotutakoak, dakartzate kolera epidemiaren agerpena eta garapena", irakurri daiteke Frantziako Osasun Agentziaren webgunean. Egoera horretan da Frantziako Estatua ere eta eritasunaren garapenak agerian utzi ditu, beste behin, Parisek bideraturiko gobernantzaren eskasiak: bigarren mailako herritartzat ditu bere menpe segitzen duten itsasoz haraindiko departamenduetako eta eskualdeetako biztanleak. Mayotte irlaz gain, Guyanan ere agertu dira kolera kasuak. Sentimendu hori dute bertakoek, eta frogak dituzte egunerokoan: soldata minimoa Metropolitar Frantzian baino %20 apalagoa dute, laguntza sozialak ere apalagoak dituzte, Parisetik bideraturiko erabakiak inposatuak zaizkie –uraren krisiari emandako erantzunak, kasu–, langabezia tasa %34koa dute –Metropolitar Frantziakoa %7,5ekoa denean–, eta abar.

Froga bat gehiago dute kolera eritasunaren garapenari emandako erantzun eskasarena. Parisetik etorri beharra zaie Mayottera maiatzaren 9an Osasun ministro Frédéric Valletoux, eta ikusteke dago zer nolako erantzunak emanen dizkien. Osasun zerbitzuari dagokionez, 54 erizain, 36 osasun langile berezitu eta bost dentista zituzten 2019an 100.000 herritarrentzat –hurrenez hurren, 139, 177 eta 64 direlarik Metropolitar Frantzian–.

Ura: haserre iturri

"Lotura handia dago koleraren transmisioaren eta ur edangarriaren eta saneamendu-instalazioetarako eskuragarritasun eskasaren artean", Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez. Ur edangarria lortzeko arazo larriak dituzte Mayotten eta baldintza gogorretan pasa behar izan zuten iazko uda. Jakin behar da erabilitako uraren %80 gainazalekoa dutela (erreketakoa, urtegi naturaletakoa…) eta klima larrialdiaren eraginez baliabide hori gutituz doala –berriki arte euri sasoiek azarotik martxora irauten baldin bazuten, gaurko egunean urtarriletik martxora dute bakarrik–.

Aterabide gisa, hiru egunetatik bitan ura moztu zitzaien, eta gaur egun, oraindik, hiru egunero dute iturria agorturik. Saneamendu sistema kaskarra dutenez, ur edangarria ez da herritar guztien eskura jarria. Kaltetuenak dira Afrikatik etorritako etorkinak, txaboletan metaturik bizirauten dabiltzanak.

Ondorioa: xenofobia gora

Funtsean, arazoaren oinarriari begiratu beharrean, migranteak dauzkate miseriaren kausatzat bertako jende anitzek, eta otsaileko manifestazio eta blokeoak izan ziren horren isla. "Frantziak abandonatu izana" salatzen duten arren, aterabidetzat jartzen dute migratzaileen aurkako borroka. "Segurtasunaren" izenean, mugen kontrol handiagoa eta paper gabeko pertsonen kanporaketa galdatzeko mobilizazio jendetsuak bideratu zituen Forces Vives [Indar Biziak] eskuin muturreko taldeak. Lehen indarra atera zen Marine Le Pen, 2022ko lehendakaritzako bigarren itzulian, botoen %59 jasota.

Tonu berean dabil erantzuten Frantziako Gobernua. Wuambushu operazioa burutu zuen Frantziako Poliziak iazko apirilean, 1.000 txabola-hiri suntsitzeko eta paperik gabeko 10.000 pertsona kanporatzeko asmoz. Giza eskubideen aldeko egiturek gogorki salaturiko neurri baten berri eman zuen otsailean Frantziako Gobernuak: Mayotten sorturiko paperik gabeko umeentzat lur-eskubidea –Frantzian sortuz gero frantses herritartasuna lortzeko eskubidea– kenduko lukeen konstituzio moldaketa bideratzekoa du Emmanuel Macron presidenteak. Hots, Frantziako Estatuak bermaturiko eskubide guztiek ez dute balio itsasoz haraindiko bere lurraldeetan.

Migrazioaren aurkako mugimendu azkarra dute Mayotten. Miseria ororen oinarrian jartzen dituzte etorkinak.

Astelehen honetan ere bideratu dituzte immigrazio zerbitzurako bulegoen kontrako ekintzak, zeinetan koleraren kasuak etorkinen presentziari lotzen dituzten.

INSEE estatistika institutuaren 2022ko datuen arabera, 300.000 biztanle dira Mayotten bizi eta horietarik erdia da etorkina –papergabeak %30 lirateke–. Indiako Ozeano erdian dago Mayotte eta gerrak eta goseteak harturiko Afrikako herrietakoentzat bada helmuga itxaropentsua hortik hurbil, 300 kilometrotara duten Frantziako Estatua.

Ingurumenaren aldeko neurrien arintzea dakarren NPBaren erreforma onartu dute eurodiputatuek
Europako Batzordeak landutako Nekazaritza Politika Bateratuaren "sinplifikazioaren" alde bozkatu dute eurodiputatuek. 425ek egin dute alde, 130ek aurka eta beste 33 abstenitu dira. (+)
Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak
Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek... (+)
Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa
2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan,... (+)
Opari ederra Bruselak transgeniko ekoizleei: bukatu dira orain arteko kontrolak
Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa... (+)
Lapurdi eta Gipuzkoa arteko autobidearen blokeoa abiatu dute laborari asindikalek
A-8 autobideko ordainlekua 12:00etatik 16:00etara blokeatzeko helburua dute. Traktoreak iritsi dira Bidasoaren bi aldeetatik. Sindikatuen borrokari dagokionez, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora