Asteroko buletina
Luzea banintzen, motza banintzen, maiatzean burutu nintzen (garia).

Basomutilak hil zituena

Horia eta beltza da arrabio arrunta. Kolorazio aposematikoa duela esan ohi da eta ez da kasualitatea. Kolore deigarri horiek badutelako euren funtzioa. Bere burua babesteko modu bat da, “erne! Pozoia dut-eta!” esanez bezala. Eta noski, ezaugarri horri gizakiak are indar handiagoa eman dio. Arrabioa arriskutsua dela transmititu baita belaunaldiz belaunaldi, eta horiek egi bihurtu nahian-edo, badira hainbat kontakizun eta istorio arrabioari lotuak.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2023ko abenduaren 25a
Argazkia: Egoitz Alkorta.
Arrabio arrunta (Salamandra salamandra)

Taldea: Ornoduna / Anfibioa.

Neurria: 20 cm gehienez (isatsa barne).

Non bizi da? Baso eta erreka inguruetan.

Zer jaten du? Ornogabe txikiak.

Babes maila: Ez du babesik.

Egiatik, ordea, zati txiki bat baizik ez dute bere pozoiari buruzko aipamenek: Arrabioak badu likido erresumingarri zuri bat, animaliaren batek hura jateko saiakera egingo balu gorputzean zehar zabalduak dituen guruinetatik askatuko lukeena. Gizakiak ere tentuz ibili beharko du, arrabioa hartu ostean eskuak begietara eramango balitu, litekeena baita azkura sortzea. Hortaz, basoan hura topatuz gero, bere bidean bakean uztea izango da onena. Hura behatu, bere edertasunaz gozatu eta errespetuz joaten uzteko.

Alabaina, litekeena da zuen herrian edo inguruan arrabioaren pozoiari buruzko istorio edo kondaira beldurgarriren bat baino gehiago entzun izana. Asko baitira! Urumea bailaran bada bat, esaterako, oso zabaldua dagoena: basomutilak akabatu zituen arrabioarena. Kontakizuna hainbat baserritan entzuna eta jasoa izan da, eta honela dio:

“Bazen behin, basomutil kuadrilla bat, basora lanera joan zena, eta haiekin eraman omen zuten, ohi bezala, mutil gazte bat bazkal ordurako janaria prestatu ziezaien. Basomutilak lanean ari ziren bitartean, mutilak eltzea errekan sartu omen zuen errekako ura hartzeko asmoz, babak egosteko. Bera konturatu ez, ordea, eta urarekin batera hartu omen zuen arrabioa, eta babekin irakiten jarri. Konturatzerako arrabioa eta babak ur berotan omen ziren egosten, eta gazteak zer egin ez zekiela, arrabioa hartu eta bota egin omen zuen inor ez konturatzeko moduan. Bueltakoan, basomutilak gose zirela-eta, baba guztiak jan omen zituzten, baina sukaldariak, isil-isilik, ez omen zuen bat bera ere probatu. Hortik gutxira hil omen ziren basomutil guztiak. Sukaldari gaztea izan omen zen bizirik atera zen bakarra. Eta hargatik, esaten da, arrabioak pozoia duela”.

Arrabioa, ikusten den bezala, basoari eta errekari loturiko animalia da. Eta ez da harritzekoa. Baso hezeak maite ditu, orbel eta hildako enborren artean ezkutatzeko; baina errekastoak ere behar ditu, umatzeko. Beraz, ipuinaren testuingurua, behintzat, ezin egokiagoa dela esan daiteke.

Arrabio arruntak zomorro txikiak jaten ditu eta animalia mantsoa da. Ez du abiadurarik hartu beharrik, bere koloreek ematen baitiote babesa. Baina bista-bistan egotea baino, askotan nahiago izaten du enbor zahar edo ustelen azpian ezkutatu. Hargatik, esan ohi da, baso bateko arrabio dentsitatea indikatzaile ona izaten dela basoaren kalitatea neurtzeko.

Kontakizunak gora kontakizunak behera, arrabioa gure basoetako ekosistemaren elementu garrantzitsu bat gehiago da. Egun, Herbeheretan, esaterako, ia desagertu egin da gaixotasun baten ondorioz. Bai basoak, bai arrabioa bera ondo kontserbatzea ezinbestekoa dugu, ez badugu istorio soiletan utzi nahi anfibio honek duen magia berezia.

Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”
2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe,... (+)
Lau hanka txiki gorputz bat azkarra egiteko
2024-10-14 | Iñaki Sanz-Azkue
Bi argazki aterako dizkiogu gure memoriari: batak Nafarroako Bardeetara eramango gaitu. Bertan, hautsez beteriko pista baten aldamenean, belar luzez osaturiko zelaitxo bat aurkituko dugu. Argazkiak... (+)
Ur lasterretako erregina
2024-09-02 | Iñaki Sanz-Azkue
Errekastoa bizi doa harri eta harkaitz artean. Ur salto txikiak, ur lasterrak eta putzuak nahasten dira ibilguan zehar. Hotza dago ura, baina hala du gustuko... (+)
Sinplearen konplexutasuna
2024-06-24 | Iñaki Sanz-Azkue
Gaztea denean ez du zalantzarako tarte askorik uzten. Suge gorbatadunak badu ezaugarri bat gainontzekoetatik bereizten duena: gorbata. Gorbata, edo batzuek deitzen dioten moduan, lepokoa. Izan... (+)
Dragoitxo arrunta eta klima aldaketa: etsaia lagun duzunean...
2024-05-14 | Iñaki Sanz-Azkue
Euskal Herriko gune batzuetan bizilagun ezaguna dute jada dragoitxo arrunta. Nafarroa hegoaldean, esaterako, urteak daramatza (gutxienez 1980ko hamarkadatik) bertako hormetan eta etxe inguruetan gora eta... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora