Euskal Herriko muskerren artean ez da handiena, baina ziur asko, bai ezagunena. Musker berdeak, izenak dioen moduan, gorputz berdea du oso, eta ugal garaian, buru eta lepo aldea urdinduak izan ohi ditu. Gainontzean, puntu beltz txikiz osaturik izaten du gorputza, baina bere berdetasuna ezkutatu gabe.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
Taldea: Ornoduna / Narrastia.
Neurria: 13 cm inguru asko jota (isatsik gabe).
Non bizi da? Belardian eta basoan, batez ere.
Zer jaten du? Ornogabe txikiak.
Babes maila: Europa mailan babestua.
Arrak emeak baino handiagoak izan ohi dira (beti ere 13 cm baino txikiagoak), eta gorputzarekin alderatuta, burua handiagoa izaten dute. Emeek maiz bi marra zuri izaten dituzte bizkarraren bi aldeetara. Hortik bere izen zientifikoa: bilineata, bi marra dituelako.
Zomorrojale amorratua izanik, musker berdea belardi inguruetan topatu ohi dute sarri. Normalean, ekotonoa deitzen zaien eremuan. Alegia, bi habitat ezberdinen mugan: horma eta belardia, basoa eta belardia, basoa eta horma… jatena bezain garrantzitsua delako eguzkia hartzeko eta babesteko leku egokiak izatea.
Bizitoki horiek izateak ere eragingo zuen, noski, muskerraren faman. Izan ere, baserri inguruetan, edota landa eremuetatik gertu bizi izan den jendeak segituan ezagutzen du narrasti eder hau. Bere zoritxarrerako, ordea, ospe guztiak ez dira onak, eta muskerrari famaren alde txarra egokitu zaiola dirudi…
Bernardo Atxagak Obabakoak idatzi zuenean aipatzen zuen muskerra belarritik sartzen zela belardian etzanda geldituz gero, eta pertsona tontotuta uzten zuela betiko, haren burmuina janda. Herri askotan, ordea, saltari finaren fama jarri diote. Muskerrak kopetara saltatzen duela diote, eta ez dela askatzen zazpi herritako kanpaiak jo arte. Horregatik, jende askok beldurra dio muskerrari. Horregatik, eta sugegorriarekin duen gertutasunagatik; muskerra dagoen lekuan sugegorria egoten dela esaten baita herri batzuetan. Habitat berdintsua dutela ezin dugu ezkutatu, baina batak ez du zertan bestea ekarri atzetik, beraz, guztiz egia denik ere ezin esan. Muskerrak ez du pozoirik, noski, baina ahoz aho zabaldu izan da muskerraren horzka sugearena baino txarragoa dela. Ez du, beraz, lan eskasa horiek guztiak gezurtatu nahi dituenak.
Baina musker berdeetan baten bat famatua izan bazen, hori Hernaniko musker berdea izan zen. 1913an, Edouard Britten izeneko gazte britainiar bat Hernani inguruan ibili zen. Musker berde bat harrapatu eta Europako herpetologiaren aitari bidali zion: George Albert Boulengerri. Hernaniko muskerra Londresko British Museum of Natural History-ra iritsi zen eta 1921ean publikaturiko Monograph of the Lacertidae famatuan ateratzen da. Beste behin, ospeak eraman zuen musker berdea: muskerrei buruz egin den monografiko bikainenean agertzen da Hernaniko muskerra, famatu, baina hilik.
Kontakizun, istorio eta ipuin guztiek ez dute zertan egia izan, eta sarri gizakiaren beldurrak eta beldur horrekiko jarrerak bultzatzeko baino ez daude idatziak. Beraz, ahozkotasuna jaso eta biltzea ederra bezain ezinbestekoa den bezala, kritikotasunetik begiratzea ere komeni izaten da, uste okerrak alferrik zabal ez ditzagun.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545