Sapar zailari aihotz zorrotza

Bizi baratzearen plaza

Naturkon
Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.

ALDUNDIAREKIN ZUEN HARREMANA ETETEA ERABAKI DU NATURKONEK

2026-05-18 09:48

Naturkon, Gipuzkoako natura-talde eta talde ekologistak biltzen dituen koordinakundeak, azken bi urte hauetan Aldundiarekin izandako bileren balorazioa egin du eta ondorio bezala adierazten du bilera hauei bukaera emateko erabakia. 

Bi arrazoi nagusik eraman gaituzte erabaki hau hartzera: batetik, bileren eraginkortasun falta, ez dugulako uste natur kontserbazioan eragiteko baliagarriak izan direnik. Bestetik, Gipuzkoako natur ondarearen eta biodibertsitatearen zaintzarako eta berreskurapenerako estrategiarik ez dagoela ikustea. Estrategiarik, plangintza orokor zein zehatzik eta aurrekonturik gabe, ez diogu zentzurik ikusten bilerak egiteko adostutako dinamikari. 

Bilerak egiteko deia jaso genuenean, ilusioz hartu genuen eskaintza eta oso baliagarria iruditu zitzaigun bilera teknikoak eta politikoak bereiztearen ideia. Behingoz, harreman eraginkorra izango genuenaren esperantza piztu zitzaigun. Esanguratsua egin zaigu Mendietako eta Natura Ondareko Zuzendaritzaren organigrama ezagutzea, baita esku-artean zituzten egitasmoen berri izatea ere. Baina horrek ez du balio izan Gipuzkoan natur kontserbaziorako estrategia bat egituratzen laguntzeko. 

Hala ere, sortu ginenetik erakutsi bezala, Gipuzkoan biodibertsitatearen zaintza eta berreskurapena sustatzeko ekarpenak egin ditzakegula uste dugunez, inoiz helburu zehatzagoekin bilerak egiteko aukerari ez dizkiogu ateak ixten eta horretarako, arloz-arlo  zerrendatu ditugu gure eskaerak. 

 

A) Babestutako eremuak

A1. Natura 2000 sarea

Gipuzkoan dauden KBE (Kontserbazio Bereziko Eremu) guztien kudeaketa-planak eguneratu behar dira. Babestutako eremu horietan dauden garrantzia komunitarioko habitaten ezaugarritzeak berrikusi eta zehaztasunez deskribatzeaz gain, garrantzia komunitarioa duten espezieak identifikatu eta arriskuan daudenen egoera aztertzea ezinbestekoa da eremu horien kudeaketa egikaritzen hasteko. 

Bada, eremuen ezaugarritzea, kudeaketa planifikatzea eta horretarako behar adina, giza baliabide eta baliabide ekonomiko zehaztea ezinbestekoa ikusten dugu. Hasteko eta behin, parke naturaletako KBEetarako dagoeneko ezarritako helburuen betetze-maila zehaztasunez jasoz urtero aurkezten diren eremuetan.

Bestalde, betidanik izan da kezka-iturri herri eremuetan dauden babestutako eremuen biodibertsitatearen zaintza, adibidez Inurritza, Sakoneta…. Aldundiak ez du horretarako nahiko giza baliabide, ezta arau hausteen aurrean baliatzeko araudi zehatzik ere, eta borondate nahikorik ere ez du azaltzen, adibidez, parke eolikoen proiektuen aurrean alegazioak aurkezteko. Bada, tokiko erakundeekin lankidetza sistematizatu ezean, kostaldeko babestutako eremuetako biodibertsitateak, esaterako, arriskuan jarraituko du.

 

A2. Parke naturalak

Natura 2000 Sarea osatzen duten KBE horietako lau. parke naturalak dira: Aiako Haitzak, Aralar, Aratz-Aitzkorri eta Pagoeta. Parke hauek bestelako kudeaketa bat eskatzen dute, orain artekoa kontuan izango duena. Parke bakoitzak berezkoak dituen ezaugarriak baditu ere, badira denetan eragina duten jarduerak: erabilera publikoa, basogintza eta larreen kudeaketa. Egun giza jarduera hauetara bideratuta dago, bereziki, parke naturalen kudeaketa. Begirada hau aldatu eta natur kontserbazioa, alegia, biodibertsitatearen zaintza eta berreskurapena ardatz izango duen kudeaketa-eredua diseinatu eta gauzatzea beharrezkoa ikusten dugu. 

Bada, lehentasunak aldatzeko prozesua abiarazteko kronograma eta baliabide material eta pertsonalak zehaztea beharrezkoa dela uste dugu. Hasteko, parke naturalen kudeaketa KBEenarekin bateratzetik eta Planak jartzen dituen derrigorrezko neurritik hasita, patronatuetako bileretan eskatu bezala. KBEetako kudeaketa planek neurriak gauzatzeko ezarri dituzten epeak erabat gaindituak daude, eta hauek ahalik eta azkarren betetzea ezinbestekoa da kontserbazio-egoera on bat lortzeko, KBE izendapenaren helburua hori baita alegia. 

 

A3. Natura leheneratzeko Europar legea

Europa Kontseiluan onartutako 2024/1991  (EB) Erregelamenduak, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2024ko ekainaren 24koak, 2030. urterako lurraldearen % 20 leheneratzea, naturalizatzea eskatzen du, %10 kontserbaziorako gordez. Hau gauzatu ahal izateko estrategia eta plangintza ez dira gizarteratu. Bada, Aldundiak bide horretan egin asmo duena partekatzea eskatu dugu.

 

A4. Azpiegitura berdea

2018an, Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen Departamenduak Gipuzkoako azpiegitura berdea planifikatu zuen. Proposamen horrek bete-betean eragiten dio gure lurraldearen ondare naturalari, baina Lurralde Oreka Berdea departamenduak ez du inoiz interesik erakutsi erakunde horretako beste sail batek egindako proposamenarekiko. 

Baina, Gipuzkoak behar beharrezkoa du korridore ekologikoen azpiegitura. Egun babestuta dauden eremuek ez dituzte espezie askoren habitatak gordetzen, alegia, presazkoa da babestutako eremu horien arteko loturak egitea. 

Horretarako estrategia beharrezkoa ikusten da. 

 

B) Babestutako eta interes komunitarioko espezieak

Ez dakigu zein den hala izendatutako espezieen kontserbazio-egoera. Ezagutzen direnen kasuan ere, haien kontserbazio-planik ez dago indarrean. Kontserbazio-egoerarako beharrezkoak bezala izendatutako neurriak ez dira betetzen biodibertsitatearen kalterako. Adibide gisa, oraindik hegazti nekrofagoen eta kiropteroen planak ez daudela onartuta. Jarduera honetarako, administrazio ezberdinen elkarlana behar dela jakina da, baina horrek ez dio Aldundiari ardurarik gutxitzen.

 

D) Basogintza

Hasieratik Naturkonen kezka-iturri izan den gaia da hau. Sarritan aipatu izan dugunez, basogintzaren izenean egurgintza da Aldundiak arautu eta bideratu duen jarduera. Gipuzkoako azaleraren erdia baino gehiago gaixotzera eraman zuen kudeaketa okerrak, BSTK, Basotik fundazioaren sorrera ekarri du. Fundazio horren helburuetan ondorioztatu litekeenez, fundazioa ez da sortu egurgintzaren krisia eragin duen monolaborantzan oinarritutako kudeaketa intentsiboa aldatzeko, baizik eta betikotzeko. Izan ere, fundazio honetara bideratu den aurrekontua oso esanguratsua da, basogintzari begira egon daitezkeen bestelako erabaki teknikoak zapuztu ditzakeela pentsatzera eraman gaitzakeelarik. Fundazio honen eskutik lur jabe pribatuekin Aldundia egiten ari den kontratuekin, Gipuzkoako basogintza datozen 60-100 urtetarako hipotekatuko da, epe horretaraino eta luzeagoko luzera duten akordioak ixten ari direlako. Hau guztia BSTK fundazioak Aldunditik jasotako diru-laguntzekin egindako kontratazioen bidez gauzatzen ari da, ez Aldundiaren berariazko langileen bidez. Bada, helburuari eta bitartekoei begira, argi dago interes publikoa duen jarduera baten pribatizazioaren aldeko apustu argia egin duela Aldundiak basogintzaren esparruan. Naturkon osatzen dugun elkarteen ordezkariok fundazio honen helburuen kontra egoteaz gain, egurgintza sektorearen mesedetan Aldundia bizitzen ari den pribatizazio-prozesua arbuiatzen dugu, baliabide publikoak interes pribatuen mesedetan kudeatzen ari direlako interes orokorraren, kasu honetan, biodibertsitatearen, kaltetan.  Gure basoak berreskuratzeko ahaleginak egin beharrean, kanpoko espezieen landaketa errazten eta diruz laguntzen du.

Bada, fundazio honen helburuak errotik aldatu eta basogintzara bideratzen den aurrekontua onura publikoaren mesedetan kudeatzea, alegia, basoen berreskurapenerako bideratzea eskatzen dugu. Bide horretan, Kutxa fundazioak Gipuzkoan dituen lursailak helburu horretarako bideratzea izan liteke lehentasunez hartu beharreko neurrietako bat

Gainerako neurriak, hainbat txostenetan aurkeztu izan ditugu.

 

E) Ehiza

Aurten, beste behin, ehiza egiteko baldintzak betetzeko ez dira baliabideak jarri, betebehar hori ehiztarien eskuetan utziz. Gainera azken momentuan modu maltzurrean ordutegia handitu da, baina Auzitegiak aldaketa bertan behera utzi du zorionez. 

Postuak ez dira gutxitzen/berrikusten, uxaldietarako baldintzak segurtasunaren kaltetan egokitu dira eta gainera ez dira bermatzen (pertsona bat tiroz hilda gertatu zen, uxaldi ilegala, babestutako espezie tirokatuak ….). Azken batean, jarduera honen kudeaketa oinarri zientifikoen baitan arautu gabe gauzatzen du Aldundiak. Eskatzen ditugun gutxieneko neurri zehatzak dira: 

  • KBE diren eremuetan ehiza debekatzeko plangintza egitea, Parke Naturaletatik hasita.
  • KBE diren eremuetan ehiza-baimenak motibatuak eta publikoak izatea.
  • Orkatza eta basurde populazioen dinamikak ezagutzeko sistema fidagarria eta zientifikoa (datuetan oinarritutako eredu prediktiboak) erabiltzea, horien baitako ehiza baimendu ahal izateko
  • Espezie horien kasuan populazio kontrolatzeko uxaldi sistemari alternatiba bilatu eta frogatzea.
  • Uxaldien berri tokiko erakundeei jakinaraztea eta beharrezko zaintzarekin egitea.
  • Ezkututako ehiztarien jarraipena zorrotza egitea eta babestutako espezieak tartean baleude, isunak eredugarriak ahalbideratzeko ehiza-aginduak onartzea.
  • Ehiza xehearen kasuan, migrazio-garaikoa kasu, arriskuan dauden espezieen ehiza debekatzea eta ehizatzen diren espezieen populazioaren egoeraren jarraipen zorrotza egitea, ehiza-baimenak irizpide zientifikoen baitan arautu ahal izateko.
  • Postuetako ehiza debekatzeko plangintza egitea, tradiziozkoak izan diren arauak kentzen hasi eta babes eremuak handituz (50m-tik 100m-tara, esaterako). 
  • Migrazioan ehizak duen eraginaren azterketa zientifikoa egitea, jarduera horrek biodibertsitatean duen inpaktua behar bezala neurtzeko.

Urteroko Foru Aginduak onartu aurretik, legeak ehiza kontseiluak biltzea eskatzen du eta horretarako deituak izaten gara. Bilera hauen deialdiak lan orduetan egiten direlako, eta bertan lantzen diren gai ordenak natur kontserbazioarekin inolako interesik ez dutelako, hainbat deialdietan parte ez hartzeko erabakia hartu izan dugu. Aurrera begira ere, parte hartzeko zailtasunak aurreikusten ditugu. 

 

E) Arrantza

Erreka, ibai eta ekosistema urtarren ekologia kontuan izan gabe arautzen den jarduera da arrantza. Aldundiak guztiz gutxiesten du arrantzak erreketako biodibertsitatean duen eragina, besteak beste sartzapenak eta espezieen leku-aldaketak egiten jarraitzen duelako inolako azterketa eta txosten zientifikorik gabe. Ehiza-jarduera bezala, arrantzaren kudeaketa oinarri zientifikoen baitan arautu gabe gauzatzen du Aldundiak. Arrantza-kontseiluen bileretarako eskatzen ditugun gutxieneko neurri zehatzak dira: 

  •  Erreka eta ibaien egoera ekologikoa ikertzeko egindako lanen emaitzak aurkeztea. 
  •  Gipuzkoako ibar basoetako, erreka ertzetako eta erreka/ibaietako bizidunen habitaten jarraipena egitea eta arriskuan dauden espezieen babeserako neurriak arrantza-kontseiluetan aurkeztea. 
  •  Erreketan egiten den arrantzak duen inpaktua neurtzeko plangintzak diseinatzea. 
  •  Foru-aginduetan jasotzen diren neurrien oinarri zientifikoak zehaztea. 
  •  Arriskuan dauden ur gezako espezieak zaindu edota berreskuratzeko egiten ari diren lanak, eta baleude, planak aurkeztea. 
  •  Arriskuan dauden espezieak babestu (egoera larrian dauden espezieen zerrendan sartzeko tramiteak erraztu) eta arrantzatzea debekatu, adibidez aingira.
  •  Motorrik gabeko tramankuluen erabilera eta haiekin egindako arrantza, ibaietako babestutako eremuetan, arautzea edota debekatzea (kayaketatik, paddle-tabletatik…) 

Urteroko Foru Aginduak onartu aurretik, legeak ehiza kontseiluak biltzea eskatzen du eta horretarako deituak izaten gara. Bilera hauen deialdiak lan orduetan egiten direlako, eta bertan lantzen diren gai ordenak natur kontserbazioarekin inolako interesik ez dutelako, hainbat deialdietan parte ez hartzeko erabakia hartu izan dugu. Aurrera begira ere, parte hartzeko zailtasunak aurreikusten ditugu. 

 

F) Larreak

Babestutako eremuetako larreen kudeaketa LIfe Oreka Mendian izeneko proiektuaren baitan egingo dela esan zaigu. Proiektu horren nondik-norakoak eta emaitzak ez ezagutarazteaz gain, Aldundiak ez du inoiz larre-habitaten kontserbazioa lehenetsiko duela agindu. Kontrara, abeltzantzarako ahalik eta kudeaketa mesedegarriena egiteko nahia erakutsi du ahal izan duen guztietan. Esaterako, eremu babestuetako legez kanpoko abeltzaintzaren aurka ez da ezer egiten (baimenik gabeko ganadua basoetan, ahuntzak, etab.) 

Bestalde, jakina da minden (purin) zaparradek (oro har, gehiegizkoak nonahi), belardietako biodibertsitatea kaltetzen dutela. Purinen erabilerak KBE diren eremuetan duen eraginaren azterketa zientifikoa beharrezkoa da, susmoa dena, informazioa eta ezagutza bihurtzea gero eta beharrezkoagoa baita belardietako habitaten kontserbaziorako.

Bada, larre habitaten egoera ekologikoa aztertu, bilakaera historikoa ebaluatu eta ondoren, biodibertsitatea berreskuratzeko plangintzak zehaztea eskatzen dugu. 

 

F) Parte-hartze foroak

Naturkoneko kideak Parke Naturaletako Patronatuetan, zein Ehiza eta Arrantza Kontseiluetan parte hartzen jarraituko dute ahal duten neurrian. 

Horretarako, bilerak lan orduetan ez egitea (baizik eta, arratsaldeko 16:00ak baino beranduago egitea) eta formalitate-kontuak betetzea beharrezkoa ikusten da: denboraz gai ordenak bidalita eta bileren ostean aktak partekatuta (bilera ahaztu aurretik, ez orain arte bezala bilera egin eta urtebete beranduago). Ezinbestekoa da Patronatuek dituzten funtzioak betetzea eraginkorra izatea nahi baldin bada.

NATURKON, Koordinakundea gara, irabazi-asmorik gabeko gizarte eragileen ordezkariak. Gure parte-hartzeari garrantzia eman nahi bazaio, parte-hartzea bermatu eta elkar lan eraginkorra bermatzeko, langile profesionalenak ez diren baldintzak ditugula onartu beharko litzatekeela uste dugu. 

Bestalde, ordezkaritza-organoetan ez da bermatzen interes publikoaren aldeko elkarteen ordezkaritza eta bai, interes korporatibista duten elkarteen ordezkaritza; azken hauena biderkatuta dago eta murriztea eskatzen dugu.

Idatziaren hasieran aipatu bezala, azken  bi urte hauetako bilerak guztiontzat denbora galtzea direlakoan, orain arteko dinamika bertan behera uztea erabaki dugu. Idatziak, zehaztu eta zerrendatutako helburuei begira, Aldundiak elkarlanerako borondaterik badu, prest gaude eta ez diogu elkarrekin biltzeari uko egingo. Baina, aipatutako helburu zehatzei begira, epeekin, gai ordenekin eta Aldundiak bideratu nahi dituen baliabideen zehaztasunekin. Beti ere, idatzizko txostenekin.

atzera
gora