Asteroko buletina
Buruila larrazkeneko maiatza.

Bizi baratzearen plaza

Itsas Enara Ornitologia Elkartea
Hegaztiak eta haien habitata ikertzea, babestea eta ezagunaraztea ditugu helburuak, eta Gipuzkoa jardun-lurraldea. Ongi etorri!

eBird aplikazioa eta webgunea euskaraz

2021-06-28 19:05

Itsasenara elkarteko kideek azken hilabeteotan egindako lanari esker, eBird plataforma ezaguna euskaraz daukagu dagoeneko. Txorien behaketak erregistratzeko zientzia hiritarreko tresna erabiliena da eBird eta hemendik aurrera posible izango da munduko edozein tokitan egindako behaketak euskaraz ere jasotzea. 

 

 

 

Txorizaleok hainbat plataforma eta APP ditugu gure esku txori-behaketak gordetzeko eta partekatzeko. Horien artean eBird da mundu mailan erabilienetako bat, dela webgunearen bidez (www.ebird.org) zein APParen bidez (eBird APP). Bada, eBird-en plataforma guztia euskaraz erabiltzeko aukera daukagu hemendik aurrera, Itsasenara Elkarteko kideek egindako lanari esker.

Izan ere, azken hilabeteotan eBird euskaratzeko lanetan aritu dira hainbat txorizale, Itsasenarak koordinatuta. Lehenengo lanak 2020ko udazkenean egin genituen eta urtarriletik euskaraz erabili daiteke APPa. Horrekin batera, SEOrekin elkarlanean, Europako hegazti guztien euskarazko izendegia txertatu genuen eBird-en. Azken asteetan webgunearen txanda izan da eta, maiatza hasieratik, ebird.orgere euskaraz erabili dezakegu.

eBird plataforma euskaratzeko ahalegina eBird erakundearen beraren ekimenaren ondorio ere bada, plataforma ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzeko asmoa baitaukate. Orain arte 11 hizkuntzatan erabili zitekeen eBird (besteak beste, ingelesa, gaztelania, portugesa, italiera...) eta azken eguneraketarekin beste bi hizkuntza gehitu dira, txekiera eta euskara. Eleaniztasun-ekimen horren barruan, munduko 12. hizkuntza izan da, beraz, euskara. Albiste ona, euskal txorizaleontzat ez ezik, baina euskararentzat ere.

Aurkeztu berri den bertsio hau dagoeneko erabat funtzionala da, baina erabiltzailea konturatuko da azpiatal batzuk eta testu gutxi batzuk oraindik itzuli gabe daudela. Datozen asteotan hondar ikutuak ematen jarraituko dugu, azkenengo zatiak itzuliz eta egon daitezkeen akats txikiak zuzenduz. Plataforman arazoren bat aurkitzen baduzu, eskertuko genuke gurekin harremanetan jartzea.

Hegazti-behaketak gordetzeko eta partekatzeko plataformen garrantzia

Gero eta gehiago dira txorizaleok gure behaketak jaso eta argitaratzeko erabilgarri ditugun tresnak. Besteak beste, Ornitho.eusdaukagu Euskal Autonomia Erkidegorako, Ornitho-navarraNafarroako behaketak sartzeko, Observation.orghegazti zein beste animalia batzuen mundu mailako datuak sartzeko, edo Reservoirbirdshegaztien ezohiko behaketen jarraipena egiteko. Guztien artean, eBird.orgda mundu mailan arrakasta handiena daukan plataforma eta Itsasenarak aspalditik erabiltzen duena.

Edozein plataforma erabiltzen dugula ere, oso garrantzitsua da txorizaleok ikusten ditugun hegaztien behaketak horrelako tresna baten bidez jaso eta partekatzea. Izan ere, plataforma hauetan biltzen diren milaka eta milaka erregistroei esker, hegaztien populazioen jarraipena egiteko aukera paregabea eskaintzen diegu zientzilariei, populazioen dinamika aztertzeko, migrazioak ulertzeko, aldaketa klimatikoaren eragina neurtzeko eta, azken batean, hegaztien kontserbaziorako beharrezko diren neurriak hartzeko.

Txorizale bazara eta tarteka-marteka hegaztiak behatzera irteten bazera, zure maila eta maiztasuna edozein delarik, Itsasenaratik animatu egiten zaitugu ikusi dituzun espezien datuak horrelako plataforma batera igotzera. Guztion onerako izango baita.

eBird-i dagokionez, Cornell Unibertsitate estatubatuarrak garatutako tresna da. Doakoa da eta mundu osoan dago erabilgarri, gorago esan bezala, 13 hizkuntzatan. eBird-i esker, ikusi ditugun hegaztien zerrendak gorde ditzakegu gure datu-basean eta mundu osoarekin partekatu. Plataforma honen onura bi mailatan neurtu daiteke, hartara: batetik, gutako bakoitzari gure behaketan estatistikak eta jarraipen historiko zehatza egiteko aukera ematen digu, oso modu erraz eta eraginkorrean; bestalde, gorago esan bezala, txorizale guztion artean jasotako milioika datuei esker, ikerketa zientifikoetarako zein kontserbazio proiektuetarako ezinbesteko diren datuak metatzea lortzen dugu. Zientzia hiritarraren garrantzia inon baino gardenago bistaratzen da eBird eta antzeko plataformen balioa aztertzen dugunean.

Itsasenara Elkarteak aspaldi dauka lotura zuzena eBird tresnarekin. Besteak beste, eBird proiektuak Euskal Herrian dituen arduradunetako gehienak Itsasenara elkarteko kideak dira eta elkartearen datu historiko guztiak (30 urtez urtekarietan eta zentsoetan jasotakoak) plataformara igotzen ari gara. Guztira, 4000 behaketa-zerrenda baino gehiago igo ditugu dagoeneko eBird-en datu-basera.


eBird-eko datuak Euskal Herrian

Euskal Herriko datu orokorrei dagionez, hauexek dira une honetan ditugun espezie eta zerrenda kopuruak (Ipar Euskal Herriko daturik ezin dugu eman, eBird-ek Akitanianko datu orokorren barruan sartzen dituelako, bereizi gabe):



Erabiltzaileak

Zerrendak

Espezieak

Hotspotak

Araban

350

3.500

287

96

Bizkaian

600

11.200

338

138

Gipuzkoan

500

17.000

355

107

Nafarroan

1.000

78.400

367

468




 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora