Asteroko buletina
Zezeileko oloa, olo; martxokoa, oloto; aprilekoa, ez olo ez lasto.

Bizi baratzearen plaza

Itsas Enara Ornitologia Elkartea
Hegaztiak eta haien habitata ikertzea, babestea eta ezagunaraztea ditugu helburuak, eta Gipuzkoa jardun-lurraldea. Ongi etorri!

Antondegin olatu artifizialen parkea eraikitzeak arriskuan jarriko lituzke Bereziki Babestutako Hegaztiak

2021-01-07 12:18


Ohar honen bidez, Itsas Enara Ornitologia Elkartea eta SEO/BirdLife elkarte ornitologikoek gure kezka adierazi nahi dugu Antondegi gainean Donostiako Udalak eraiki nahi duen olatu artifizialen parkeari buruz.

Antondegi gaina Donostiako hiri-sarearen kanpoaldean dago, eta balio ekologiko handia du, ikuspuntu ornitologikotik behintzat. Antondegin behatu diren 117 hegazti-espezieak -eBird herritarren zientzia-plataformako erregistroen arabera- horren froga dira. Gainera, 117 hegazti-espezie horietatik 84 Espainiako Babes Bereziko Erregimeneko Hegaztien Zerrendan daude, eta 29 Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan. Adibidez, miru gorria (Milvus milvus), Antondegin ohiko negutarra, desagertzeko arriskuan dagoen espeziea da. Zenbaki horiek Antondegik duen balio ornitologikoaren adierazle sendoa dira.

Antondegiko aberastasun ornitologikoa arriskuan legoke olatu artifizialen parkea eraikiz gero, habitata nabarmen aldatuko bailitzateke. Aipagarria da Antondegik landa-paisaia tradizional berezia duela, baratze, zelai, landazabal atlantiko, zuhaizti eta heskaiez osatua, gero eta urriagoa, lurraldearen garapen industrialaren eta urbanizazioaren ondorioz. Lurzoruaren artifizializazioari beste eragin negatibo batzuk gehitu beharko litzaizkioke, hala nola, eremu horretan egingo liratekeen joan-etorrien hazkunde nabarmena eta instalazioaren erabileraren ondoriozko beste alderdi batzuk.

Horiek horrela, SEO/BirdLife eta Itsas Enara elkarte ornitologikoek Donostiako Udalari eskatzen diogu Antondegin olatu artifizialen parkea eraikitzeko proiektua berriz azter dezala. Azpiegitura hori eraikitzeak arriskuan dauden espezie askori eta haien habitat bereziari kalte larria eragingo lieke.


Miru gorria Antondegin 2020an (egilea: Itsas Enara)


atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora