Astelehenero 8:00etan zure epostan
Berriztagarrien kooperatibak Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin sinatu duen akordioari esker, “Goiener Saria” izena eramango du txapelketak
Pilota partidu bat bailitzan, bikote osatuz jokatzea erabaki dute Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak. Bi erakundeok lankidetzarako akordioa sinatu dute gaur Donostian, hala kirol munduan, nola energiaren sektorean ere, partekatzen dituzten helburu eta balioetan azpimarra jarrita. Dokumentua Iñaki Lizaso (GEPF) eta Maria Arretxe (Goiener) arduradun nagusiek sinatu dute.
Lankidetza berriaren emaitza agerikoenetako bat “GOIENER SARIA” izango da. Horrela, berriztagarrien kooperatiba euskaldunak babestuko ditu emakumezkoen aurtengo eskuzko pilota txapelketak, eta lehiaketek Goienerren izena eramango dute.
Akordio hau une berezian heldu da, aurten Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa bere 100. urteurrena ospatzen ari baita. Orain arte, elkarte bakoitzak beretik, euskararen, euskal kulturaren, ohituren, eta balio kooperatibo zein feministen alde aritu da lanean; gaurtik aurrera, lankidetza-akordio berri honi esker, GEPFk eta Goienerrek balio horietan sakontzeko pauso sendoak ematen jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Lau t’erdiko “Goiener Saria”
Iñaki Lizaso presidentea oso pozik agertu da aurkezpen ekitaldian: “Gipuzkoako Pilota Federazioarentzat garrantzia handia du Goienerren aldetik jasotako babesak, akordio honekin, emakumeen pilota eta euskal kultura sustatzeko ezinbetseko bidelagun bilakatu baita.“
Lizasok aurerratu duenez, maiatzaren 11n ekingo zaio lau t’erdiko “Goiener Sariari”, ligaxkako norgehiagokekin. Final handia ekainaren 21ean jokatuko da Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta Hamaika Telebistak zuzenean eskainiko du jaialdia.
Maria Arretxe Goienerreko kideak adierazi du pozgarria izan dela «emakumezkoen pilota babesteko aukera izatea». Arretxeren ustez, «ezinbestekoa da eraldaketa sozialaren eta berdintasunaren bidean lagun onak aukeratzea» eta, esparru ezberdinetako erakundeak izan arren, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Goienerrek bat egiten dutela balio horietan.
Pilota eta berriztagarriak, hogeita bira bidean
Lankidetzarako hitzarmen honi esker, bi erakundeek berdintasunaren eta berriztagarrien aldeko konpromisoan indartsu jokatzeko erabakia hartu dute, elkarrekin bikote eginez. Hogeita bira bidean, elkarlanerako kolaborazio sareak garatu eta bide berriak urratuko dituzte aurrerantzean ere.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545