Apiril biribil, egun erein bihar hil.

Bizi baratzearen plaza

Goiener berriztagarriak
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba

Goiener S.Coop. Rescoop.eu-ren Kontseilu Errektoreko kide izango da

2025-06-04 09:30

Pozarren eta irrikaz gaude gure kooperatibarentzat eta energia-komunitate osoarentzat garrantzia handikoa den albiste bat emateko: Goiener S.Coop. Rescoop.eu-ko Kontseilu Errektorean sartu da! Mugarri garrantzitsua eta estrategikoa da guretzat; izan ere, Europako energia-sektorearen gaineko erabakiak hartu eta araudiak zehazten diren lekuan kokatzen gaitu, energia-komunitateen inguruko jakintzak pilatu eta defendatzen jarraitzeko aukera ematen digu.


Lorpen handi hau, joan den maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako batzarrean mamitu zen, Energia Komunitarioaren Forumaren baitan. Topaketa hau aukera paregabea izan zen esperientziak partekatzeko, sektoreko beste eragileengandik ikasteko eta Europan dugun presentzia indartzeko. Gainera, foro horretan, hizlari gisa parte hartzeko ohorea izan genuen, funtsezko gaiak jorratuz, hala nola komunikazio inklusiboa eta energia-komunitateentzako finantzaketa-ereduak.

Goiener Europar agendan

Goiener Kontseilu Errektoreko kide izango da datozen 4 urteetan, eta horrek ekarpen esanguratsua eta iraunkorra egiteko aukera emango digu. Ahaztu gabe, alboan izan genituen beste kooperatibak ere zoriondu nahi ditugu. Bereziki, Erresuma Batuko Energy4 all, presidentetza hartuko duena; Herbehereetako Energie Samen, presidenteordetza hartuko duena; Belgikako Ecopower, diruzaintza-lanak egingo dituena; Kataluniako Som Energia, idazkaritza hartuko duena; Alemaniako DGRV, Italiako Enostra, eta Frantziako Energie Partagée. Oso lorpen garrantzitsua da guztiontzat!


Aukera hau baliatu nahi dugu benetan eskerrak emateko gure alde bozkatu zutenei eta lorpen hori posible izan zedin gogor lan egin dutenei. Haien babesik eta konpromisorik gabe, ezinezkoa izango zen urrats garrantzitsu hau egitea.

atzera
gora