Bizi baratzearen plaza

Goiener berriztagarriak
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba

Doitzeko zerbitzuen prezioen gorakada itzalaldiaren eraginez

2025-05-28 11:51

Apirilaren 28an Iberiar penintsulan gertatutako itzalaldiaren ondoren, Red Eléctrica (REE), sistemaren operadoreak, Doitzeko Zerbitzuen funtzionatzeko modua aldatu du, eta horrek kostuen igoera nabarmena ekarri du.

Oraindik itzalaldiaren arrazoi zehatzak ezagutzen ez badira ere, REE neurriak hartzen ari da egoera berriro gerta ez dadin.

Kostuen igoera horrek kontsumitzaileentzat ere fakturaren igoera ekarri du, nahiz eta Eguneko Merkatuaren batez besteko prezioa hilabete hauetan baxu mantendu den.

Zer egiten du sistemaren operadoreak?

REEren eginkizun nagusia da, une oro oreka bermatzea kontsumitzen ari den energiaren (eskaria) eta sortzen denaren (sorkuntza) artean, energia behar den lekuan eta unean eman ahal izateko. Hornidura modu etengabean ziurtatu ahal izateko beharrezko tresna edo mekanismoak sistemaren Doikuntza Zerbitzuak dira.

Zer dira sistemaren Doikuntza Zerbitzuak?

Doikuntza Zerbitzuak, REEk kudeatzen dituen mekanismoak dira, martxan jartzen direnak aurreikusitako programa betetzen ez denean, eskarian edo produkzioan izandako aldaketengatik, arazo teknikoengatik, sarearen gainkargengatik edo desorekengatik.

Beharra dagoenean zenbait zentral elektrikok ekoizpena handitzen dute edo kontsumitzaile jakin batzuek euren kontsumoa murrizten dute. Operazio hauek sistemaren sorkuntza eta eskaria orekatzeko egiten dira eta sortzen duten kostua merkaturatzaileek hartzen dute beren gain. Horrek, noski, kontsumitzaileen fakturetan eragina du. (Informazio gehiago)

Zein eragilek parte hartzen dute Doikuntza Zerbitzuetan?

Merkatu hauetan nagusiki ekoizpena erregulatzeko gaitasuna duten zentralek parte hartzen dute, hala nola ziklo konbinatuek eta zentral hidroelektrikoek. Baina beste teknologia batzuek ere parte har dezakete.

Kontsumitzaile handiek ere REEren aginduak jaso ditzakete kontsumoa murrizteko, eta horrela merkatu hauetan parte hartzeko.

Zergatik igo da Doikuntza Zerbitzuen kostua?

Azken urteotan, berriztagarrien instalazio handiak sistema elektrikoan integratzeak doikuntza zerbitzuen erabilera handitzea ekarri du, bereziki energia berriztagarrien presentzia handiagoa duten hilabeteetan. Berriztagarriak beharrezkoak diren arren, aldakortasun handiagoa dutenez, REEk ahalegin handiagoa egin behar du sistema orekatuta mantentzeko.

Apirilaren 28ko itzalaldiaren ondorengo egunetan, Frantzia eta Portugalekin egindako energia-trukeetan murrizketak izan dira, eta REEk aldatu egin du Doikuntza Zerbitzuen funtzionamendua sistema elektrikoaren egonkortasuna indartzeko. Horrek ziklo konbinatuen parte-hartzea handitu du.

Horrela, alde batetik, nazioarteko trukeen murrizketek Eguneko Merkatuaren prezioa hondoratzea ekarri dute (batzuetan prezio negatiboak izanik). Bestetik, REEren funtzionamendu-aldaketek Doikuntza Zerbitzuen prezioa urteko batez bestekoaren aldean 10-15 €/MWh igo dute.

Nola eragiten dio kontsumitzaileari?

  • Prezio finkoko tarifa baduzu, igoera honek ez dizu eragingo kontratua berritu arte. Hala ere, merkaturatzaile batzuk kontratu handienak berrikusten ari dira, egoera honek galera ekonomiko larriak eragin baititzake.
  • Prezio indexatuko tarifa baduzu, Doikuntza Zebitzuen kostuaren igoera nabarituko duzu. Itzalaldiaren ondorengo egunetan, prezioa ia bikoiztu egin da, nahiz eta etorkizuneko hilabeteetan, berriztagarrien presentzia murriztean, zer gertatzen den ikusi behar den.

 

atzera
gora