Asteroko buletina
Apirila biribila, zerria urdandegin gosiak eta hotzak hila.

Bizi baratzearen plaza

Goiener berriztagarriak
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba

8 aholku merkaturatzailez aldatzeko eskaintzen aurrean

2024-07-10 08:00

Azkenaldian asko dira gure bazkideek helarazten dizkiguten zalantzak beste merkaturatzaileetatik jasotzen dituzten eskaintzak medio. Hori dela eta, merkaturatzaile baten deia jasotzen duzunerako ondorengo aholkuak bildu ditugu:

1. Potentziaren prezioa finkoa da, baina barne dago merkaturatzailearen kudeaketa kostua ere. Argi ibili! Merkaturatzaileak ezartzen dizun kudeaketa-kostua altuegia bada, potentziaren prezioa asko garestituko zaizu. Izan kontuan potentziaren denbora tarte bat bestea baino askoz merkeagoa izan ohi dela beti.

2. Kontuz energiaren prezioan eskaintzen dizkizuten deskontuekin! Marketing hutsa izaten dira… beti kontuan izan behar duzu prezio unitarioa (€/kWh) zein den. Altuegia bada, deskontuak gutxirako balioko dizu, prezioak altua izaten jarraituko baitu.

3. Argi ibili letra txikiak energiaren prezioaren inguruan dioenarekin. Merkaturatzaileek prezio erakargarriak eskaini ahal dizkizute, prezioa bere horretan mantenduko dela esanez, baina letra txikian KPIren arabera eguneratuko dela jar dezake. Beraz, gaur merkea dena etorkizunean garestia izan daiteke, nahiz eta merkatuko prezioa  jaitsi.

4. Merkaturatzaile batzuk “prezio bereziak” eskaintzen dizkizutenean, iraupen data batekin egiten dute (nahiz eta askotan betirako prezioa izango dela esan). Horregatik eskaintzaren iraupena begiratzea oso garrantzitsua da, gerta daiteke lehenengo urtean prezio oso merkea izatea eta hurrengoetan asko igotzea.

5. Zerbitzu gehigarriak ez dira inoiz beharrezkoak! Askotan fakturaren azkeneko zatian zerbitzu gehigarriak sartzen dizkizute zenbait merkaturatzailek, ohikoena etxe barruko matxura elektrikoak konpontzeko zerbitzua. Baina argi eduki ez direla beharrezkoak, fakturan gainkostu bat baino ez dizute suposatuko eta askotan etxeko aseguruan barne izango dituzu gainera.

6. Kontuz permanentziarekin! Orain, legez, ezin du urte bat baino gehiago iraun eta gure gomendioa da beti beti beti galdetzea permanentzia izango dugun edo ez.

7. Adi energia berdea, garbia…” saldu nahi dizunarekin, “%100 berriztagarria” jartzen ez badute, kontuz.

8. Argi ibili telefonoz jasotako zenbait deirekin. Kontsumitzailea beldurtu eta engainatuz, zonaldeko argindar konpainia direla esan eta arautegi berri bat edo deskontu bat jasoko duzun aitzakiarekin, zure kontratua egokitu behar duzula esaten dizute. Nahiz eta konpainiaz ez zaituztela aldatuko agindu, iruzurra izan ohi da eta konturatzerako beste merkaturatzaile batera aldatuko zaituzte.

Gure gomendioa: zurea ez den merkaturatzaile batetik deitzen badizute, ez hasi kontratu bat kudeatzen, zalantzarik izanez gero zure merkaturatzailearen bulegora hurbildu lehenago.

Amaitzeko, energia-komunitate batera bazkidetu bazara eta merkaturatzaile aldaketa bat proposatzen badizute, eskatu azalpenak, azal diezazutela ea gomendio bat den edo kontratuz derrigortzen zaituzten horretara. Gure bazkideen artean dagoeneko badaude autokontsumo partekatuetan edo energia komunitateetan parte hartzen dutenak, eta Goiener merkaturatzailean jarraitzen dute inolako arazorik gabe.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora