Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ingurumen hezkuntzan maiz aipatzen dira biodibertsitatea, ekosistemak, habitatak eta tankerako beste hainbat kontzeptu. Hala ere, nekez ulertzen dituzte ikasleek, eta ,egindako neurketen arabera, bertako aniztasuna helarazteko garaian makur dabiltza eskolak: tokiko zuhaitzak izendatzeko gaitasun txikia dute, eta askoz ere animalia gehiago ezagutzen dute sabanan etxe ondoko hariztian baino.
Hutsuneari konponbidea topatzeko, ikerketan oinarritutako proiektuak ugaritzen ari dira Euskal Herrian. Ikasleei arazo bat jarri, eta haien kabuz behatu behar dute ingurunea, datuak bildu, aztertu eta hausnartu, ondorioak atera ahal izateko. Hartara, haien gaitasun zientifikoak hauspotzeaz gain, ingurua ezagutzeko tresnak ere eskuratzen dituzte.
Ikerketagaiak erabakitzeko garaian, aldaketa globalaren zantzuek zeresan handia dute. Gizakiaren jarduerek eragindako aldaketa guztiak biltzen dituenez, tokiko ingurumen arazoak aukeratuz gero, eduki teorikoez gain biodibertsitatearekiko jarrerak lantzeko aukera ere ematen dute ingurumen ikerketa proiektuek.
Lurzoruen erabilerak, basogintza ereduak, habitat suntsiketak… guztiak izan daitezke ingurumen hezkuntzarako baliagarri. Batzuk dagoeneko egin izan dira, esaterako, ibai ertzetako herriguneetako eskoletan uholde arriskua neurtzeko ,proiektuak. Beste zenbait eskola, habitatekin eta klima aldaketarekin lotuta, anfibioen bizilekuak berreskuratzeko ,urmael sarearen eraikuntzan ere ari dira Aranzadi ZErekin batera. Hezkuntzarako osagai egoki guztiak biltzen dituzte beste gatazka batzuek, esaterako, ,Zilbetiko harrobiak. Magnesita erauzteko zulatu nahi zuten Kontserbazio Bereziko Eremua, okil gibelnabarraren bizileku pagadia suntsitzen. Egoera hori bera, eta antzeko gehiago, ingurumen hezkuntzarako tresna egokiak dira, ikasleek proiektuaren egokitasuna eta ondorioak aztertuta hainbat ertzetatik azter dezakete-eta tokiko ingurumen arazoa, eta indagazioaren bidez biodibertsitatea balioesten ikasi.
Horrenbestez, tokiko ingurumen arazoak kaltegarri izan arren, haietatik ikasteko balia daitezke, eta biodibertsitatea urruneko zerbait izatetik gertuko izatera igaro. Lehen urratsa da, baina ezinbestekoa, ez bada ezagutzen, ez delako babestu nahiko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545