"Emazte laborariak argitan" lemapean iraganen da aurtengo LURRAMA azoka, azaroaren 10, 11 eta 12an.
Miren Harinordoki laborariak, eta Lurramako batzorde antolatzaileko kideak, editorial hau idatzi zuen Izar Lorea aldizkarian :
---
Lurrama aurten ere itzuliko zauku Miarritzeko Irati gunerat, heldu den azaroaren 10, 11 eta 12an. Aurtengo aleak, emazte laborariak aitzinean emanen ditu, gure afitxa ederrak egiten duen bezala. Badakigu munduan zehar emazteen errealitateak eta dretxoak biziki desberdinak direla eta laborantxari doakionez, diferentzia horiek ere nabari dira. Jakin behar da herrialde ainitzetan, nahiz eta lurra landu eta kabalak hazi, emazteek emazte izaiteagatik nekezia ainitz pairatzen dituztela. Formatzeko, lurraren eskuratzeko, jabe izaiteko, ezagupen baten ukaiteko, baliabide material eta ekonomikoen lortzeko, ahalak eta dretxoak kenduak zaizkie.
Horren kontra jotzeko eta zor zaizkien dretxoen lortzeko, herrialdeka eta munduan zehar emazteak kolektiboki antolatzen dira eta elgarrekin borrokatzen.
Morgan Ody, Bretainian baratzezaina izaiteaz gain, Via Campesinako koordinatzailea da. Hura izanen dugu aurtengo Lurramaren gazama. Bere hitzaldian mundu mailako ikuspegi bat emanen dauku, Via Campesinaren baitan diren emazteen borrokak aipatuz.
Hemen ere, betidanik emazteek etxaldeetan lan egin baldin badute, haien lana itzalean emana izan da luzaz. Estatusik gabe, gizartearen eta instituzioen ezagupenik gabe lan egin dute urteetan eta urteetan. Ez ote da harrigarria ohartzea, 2010-ean, senar emazteen arteko GAEC-a sortu arte, ezin zutela emazteek heien bizi lagun edo senarraren estatus berdina ukan ? Bigarren mailako estatus batzueri mugatuak ziren, kotisazio apalekin, heien erretretako dretxoak ikaragarri kaltetuz. Berdintasuna legean sartua baldin bada orain eta arlo sozialean amatasun geldialdia bezalako hobekuntzak lortu baldin badira, eguneroko bizian emazteek oraino trabak badituzte heien lekua osoki hartu ahal izaiteko. Ohartzen ahal gira, etxeko eta etxaldeko lanak oraino generoaren arabera biziki antolatuak direla, edo laborantza egituretako erabaki guneetan, gizonak direla gehienetan nagusi. Errealitate horietaz eztabaidatzeko mementoa jina da. Emeki emeki gauzak aldatzen ari direla entzuten da maiz, ohargabean gertatzen balira bezala. Gauzak aldatu eta aldatzen dira emazte batzu indar haundirekin borrokatu eta borrokatzen direlako.
Lurrama huntan emazteeri emanen zaie hitza. Elgarrekin hausnartuz eta ekinez eraikiko dugu berdintasunaren bidea, jendarte osoaren onerako.
Aurten ere ale eder bat prestatzen ari girelako, hurbildu zaitezte berriz Lurramarat ! Zatozte gogoetatzera, besta egiterat, laguntzerat, edo hiruak betan egiterat !
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545