Asteroko buletina
Buruila udaren buztana eta neguaren hastapena.

Bizi baratzearen plaza

ENBA
Baserritar elkartea

ENBAk artzain bati egindako sabotaia salatzen du eta bide batez, Aralarko mendian jarduten diren abeltzainentzat ezinbestekoak diren baliabideak sustatuko dituzten ekimen eta akordioen aldeko jarrera berretsi nahi du

2024-10-26 14:17

Pasa den ostiralean, Urriak 18, Aralarko artzain baten autoa lau gurpilak zulatuta azaldu zen aparkatuta zegoen tokian, Ordizian.

Ez da artzain honi horrelako ekintzak jasatea tokatzen zaion aurreneko aldia, ezta bigarren edo hirugarren aldia ere. Hori bai, inongo erakundeetatik ez da sekulan honen aurka egindako ekintzarik kondenatu. Hau al da Aralarren alde dena eman duen artzain batek merezi duena?

Ekintza hau egin duenak edo egin dutenek, Errekabeltzen udan gertatu zenarekin lotzeagatik egingo zuten ziur aski. Jakin beza Goierriko gizarteak artzain honek eta bera bezelakoek horrelako ekintzen beharrik ez dutela beraien aldarrikapenak egiteko.

Azken urteetan Enirio-Aralar Mankomunitateak artzai eta ganaduzaleen aldeko lanik egin ez duenean, abeltzainen aldetik ez da egon inolako saboitairik. Zentzurik ba al du orain abeltzainen aldetik horrelako kontu zikinetan sartzeak, Mankomunitatea eta Aldundiaren arteko akordioa dela eta inbertsioak egiten hasi direnean mendian? Hau egin duenak zer ulertarazi nahi dio Goierriko gizarteari? Errekabeltzeko sabotaiaren ondoren bere ordaina jaso duela?

ENBAk hipotesi bezala ere baztertu egiten du, Errekabeltzeko ekintza abeltzain baten lana izan daitekeenik. Garbi dugu artzainei errua botatzeko egindako ekintza bat izan zela, hastear zeuden lanak geratu asmoz. Oiduegiko soziedadea erre zenean bezalaxe, gertakariak oso antzekoak izan dira.

Guzti honen atzean mendian artzai eta ganaduzaleen aldeko inbertsioak ez egiteko giro txarra sortzea dago helburu bezala eta Aralarko artzain eta ganaduzaleen izen ona zikintzea.

Horregatik, ENBAk bereziki Goierriko gizarteari eskatzen dio behingoz ausardiaz artzain eta ganaduzaleen alde egin dezala, artzainen eskakizunak babes ditzala eta kondenatu dezala artzai honek jasan behar izan duen enegarren sabotaia. Joko zikinean dabiltzan esku beltzak bakarrik utzi arte.

ENBAk bere babes osoa adierazten dio kaltetua izan den artzainari.

ENBAk gero eta gogo gehiagoz lanean jarraituko du Aralarren alde, abeltzantzaren alde, elikagaiak sortuz eta paisaia zainduz, gizarteak goza dezan.

Aralarren, Urriaren 26an.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora