Soroak zor du larrea

Bizi baratzearen plaza

Ekologistak Martxan
Ekologistak Martxanetik ekologismo soziala jorratzen dugu. Ingurumenaren arazoak, ekoizpen eta kontsumo ereduekin loturik daudela uste dugu, geroz eta globalizatuagorik dagoen mundu honetan; eta guzti honek, bestelako gatazkak sozialak eragiten ditu gure ikuspegitik: Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak, desberdintasun sozialak...

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du orain ez dagoela Europako airearen kalitatearen indize komun eta normalizaturik

2026-04-28 07:56
  • Apirilaren 17ko kontroleko osoko bilkuran, EH Bildu legebiltzar-taldeak galdera bat egin ondoren, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak azpimarratu zuen indize hori ez dela existitzen, nahiz eta haren webguneko informazioa Europako Ingurumen Agentziaren parametroetan oinarrituta egon

Ekologistak Martxan elkarteak bere sinesgaiztasuna adierazi du Mikel Jauregi Letemendia Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarreko apirilaren 17ko kontroleko osoko bilkuran egindako adierazpenen aurrean. EH Bilduko legebiltzarkide Amancay Villalbak sailburuari galdetu zion ea egokitzat jotzen zuen EAEko airearen kalitate-indizea Europako erreferentzia-indizera egokitzea. Bi indizeak bat ez etortzeak airearen kalitatearen ebaluazioan eta jarraipenean eta herritarrei helarazten zaien informazioan distortsioak sortzen ditu.

Amancay Villalba EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galderari erantzun zion sailburuak, indize europar komun eta normalizaturik ez dagoela esanez. Ekologisten ustez, adierazpen horiek deigarriak dira, kontuan hartuta duela 7 urte baino gehiagotik hona Eusko Jaurlaritzaren webgunean adierazten dela EAEn aplikatzen den airearen kalitatearen indizea Europako Ingurumen Agentziaren parametroetan oinarritutako indizea dela, eta egunero ematen zaiela airearen kalitateari buruzko informazioa herritarrei.

Sailburuak, gainera, gezurtatu egin du Europako Agentzia bera, zeinak, Ekologistak Martxan elkartearen informazio-eskaera bati erantzunez, 2025eko abenduan berretsi baitzuen indizea 2017an sortu zela, 2019an 6 maila edo kategoriaz osatua, eta azken eguneratzea 2025ean egin zela, indizea Osasunaren Mundu Erakundearen 2021eko jarraibideetara egokitzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak indizearen informazioa gaitu zuen bere webgunean 2019ko apirilean. Orduan, etiketak okerrak ziren, eta ez ziren zuzendu, ez urte beraren amaieran, AEMAk egindako aldaketen ondoren, ez Europako Agentziaren eguneratze berrienekin.

Ekologistak Martxan elkarteak sailburuari gogorarazi dio 2025eko aldaketak, Europako Agentziak berak adierazi bezala, kutsatzaileen bandak egokitzeko egin zirela, “OMEren 2021eko airearen kalitateari buruzko jarraibideen arabera”, eta gidalerro horietara egokitzea funtsezkoa dela pertsonen osasuna bermatzeko.

Jauregik, bere txandan, EH Bilduko legebiltzarkideari aurpegiratu zion “arduragabekeria dela esatea ahulenen osasuna arriskuan dagoela Euskadiko airearen kalitate txarragatik“. Hala ere, Ekologistak Martxan taldeak argitaratutako azken txostenen arabera, NO2-neurketak hartu diren 78 eskola-inguruneetatik 3tan soilik betetzen dira OMEren jarraibideak (10 µg./m³), edo, bestela esanda, eskola-inguruneen % 96an aire kaltegarria arnasten da. Eusko Jaurlaritzaren webgunean erakusten den “indize singularrari eta alderraiari” jarraikiz, NO2-ren 40 µg/m³ arteko balioekin, airearen kalitatea “muy buena/oso ona” izango litzateke EAEn. Kategoria hori ez da existitzen Europako Agentzian. Web honetan airearen kalitatea “oso ona” esaten denean, Europako Agentziaren arabera “erdipurdi” da, eta Eusko Jaurlaritzarentzat “ona” dena, Agentziarentzat “kaltegarria” da.

Etiketen garrantzia administrazio eta erakundeek datu eta indize oker horiek erreferentzia gisa erabiltzean datza; izan ere, “EAEko administrazioak oro har ez ezik, enpresa publiko eta pribatuak eta ingurumen-aholkularitzak ere kutsatzen ditu”.

atzera
gora