Baratzea maitasun abesti bat da, pertsona bat eta Ama Naturaren arteko dueto bat

Bizi baratzearen plaza

EHKOlektiboa
Euskal Herriko bio-baserritar agroekologiko eta herritarren kolektiboa gara. Muga administratiboen gaindik, Euskal Herriko bio laborariak biltzen ditugu, baita herritarrak ere, elkarteko kide izanik, parte hartzen dute. Zer bultzatzen dugu? Agroekologian oinarritutako nekazaritza eredu bio-ekologikoa. Lau hitzetan definituta: Laborantza BIO-EKOLOGIKOA, BERTAKOA, ETXALDEKOA eta HERRIKOIA.

EHKO Mantangorria sortu da, etxalde eta produktuen identifikatzaile agroekologikoa.

2026-10-05 14:55

Maitane Alvarez (Ordiziako Udala), Judit Gartzia (ENEEK-Ekolurra), Haizea Bengoetxea (EHKOlektiboa), Eli Pagola (EHKOlektiboa) eta Leire Arandia (D’Elikatuz). Argazkia: Argia.


EHKO Mantangorria sortu da, Euskal Herriko etxalde eta produktuen identifikatzaile agroekologikoa, eta EHKOlektiboa Elkarteak Ordizian aurkeztuko du urriaren 17an.

Azken hamarkadetako elikadura ekoizpena mundu mailako industriarik boteretsuenetako bat bihurtu da; ingurumenari zor zaizkion ardura eta errespetuari erreparatzen ez dion industria. Laborantza eredu biziki kutsakor honen aurrean aterabide konkretu bat jalgitzen ari da laborantzaren sabeletik: Agroekologia. Berrikuntza eta jakintza tradizionala uztartzen dituen, eta ekologia laborantzaren erdigunean kokatzen duen eredua.

EHKOlektiboan antolatuta, Euskal Herriko hainbat laborari Agroekologiaren eredua definitu eta identifikatzeko lanetan dabiltza komunitate bizien eta lur emankorraren arteko harreman orekatua berreraikitzeko. Agroekologia nola ekoitzi nahi dugunaz gain, nola bizi nahi dugun baita.

Bide horretan, laborari eta herritarrak saretu eta elikadura sistemaren eragile aktibo izan daitezen erraztea dagokio EHKOlektioa Elkarteari eta horretarako urratsetako bat da EHKO Identifikatzaile agroekologikoa, Euskal Herriko egoera eta aukeretara egokitutako eredu ekologiko ziurtatua, tokikoa, pertsonen neurrikoa eta ekonomia sozial eraldatzailearen parte dena identifikatzeko mantangorria. Elkartearen sorreratik izan den bezala, Biharko Lurraren Elkartea bidelagun funtsezkoa izan da prozesu honetan.

Etxalde eta elikagai agroekologikoak identifikatzen ditu mantangorriak. EHKOlektiboko kideak arloka antolatu eta nork bere bereizgarriei begirako betekizunekin osatu dira identifikatzailearen nondik norakoak. Aplikazioa, berriz, Berme Sistema Parte-hartzailearen bidez egiten da. Mantangorria erabiltzeko eskaria egin duen etxaldea bera, lehenik, eta laborari-herritar talde bat, ondoren, arduratzen dira kolektiboki egindako lanketaren ondorio diren irizpide eta adierazleak betetzen direla ziurtatzeaz. Hitz gutxitan, laborarien arteko elkartasuna praktikatzen da eta ereduaren garapenean aurrerapausoak ematen.

EHKO identifikatzailea erreminta bat da Euskal Herriko laborantza tradizionalari jarraikiz, herria eta natura elikatzen duen lehen sektore bizigarri bat izan dezagun.

Mantangorriak helburu du Euskal Herrian agroekologia mugimendu sozial, ekonomiko eta kulturala da eta hori dena bilduko da urriaren 17an Ordizian, egitarau oparoaren laguntzaz. Goiz osoan zehar izango dira azoka agroekologikoa, identifikatzailearen aurkezpenak, txikienentzako txoko eta tailerra, solasaldiak eta bertso saioa.

sss

The post EHKO Mantangorria sortu da, etxalde eta produktuen identifikatzaile agroekologikoa. appeared first on EHKOLEKTIBOA.

atzera
gora