Astelehenero 8:00etan zure epostan
Brikolajearekin lotutako kate baten merkataritza-gune berri bat eraikitzeko lanak hasi dira Errekaldeko industrialdean, Lasarte-Oria eta Donostiaren arteko mugan. “Errekaldeko industrialdean? Non, baina? Han ez dago lekurik eta”. Hain justu, lekurik ez dagoelako, lekua egiten hasi dira Coca Cola zena eta Funeraria Vascongadaren atzeko partean, Bigarren Ingurabidetik jaisten den mendi-hegalean.
Proiektu honen lehenengo biktima mendi-hegal horreta hazten den baso mistoa izaten ari da. Eta okerrena iristeko dago, horretan ez dugu duda handirik. Testu honekin batera argitaratzen ditugun argazkiak ez dira munduko onenak, baina bai nahiko adierazgarriak, ezta?
Errekaldeko industrialdeak, berez, gabezia nabarmenak ditu. Espaloi ziztrin bat ere ez du. Lasarte-Oriarekin oinezkoentzako lotura zuzenik ere ez du. Pentsatzekoa da merkataritza-gune berriarekin gauza horiek ez dutela hobera egingo, alderantziz baizik. Baina, tira, hau eta beste kontu batzuk esan genituen proiektua izapidetu zenean, eta ez dugu orain esango orduan esan ez genuenik.
Hori bai, agintariek laster kanpaina berri bati ekingo diote, ingurumena zaintzea guztion zeregina dela edo erosketak tokian tokiko saltokietan egitea komeni dela kontzientziatu gaitezen.
EGUZKI, 2025eko otsaila
P.D. Fotomuntaketa hau Plan Berezia izapidetu zen garaikoa da. Beharbada merkataritza-gune berriaren itxura ez da zehatz-mehatz hor agertzen den bezalakoa izango, baina basoari kendu behar dioten puska nabarmena da, ezta?
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545