Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Zubietako kartzela berria eta mugikortasun 'jasangarri eta adimenduna'

2026-07-02 16:16

Martuteneko presoak ekainaren 16an eraman zituzten Zubietara, eta harrigarria bada ere, egun horretan ez zen martxan ipini kartzela berriaren kokapenak sortu dituen garraio publikoaren beharrei erantzuteko autobus-linearik.

Aurretik, Donostiako Udalaren eta Foru Aldundiaren ordezkarien arteko liskarra izan zen komunikabideetan, ea bi erakundeetako zeini zegokion autobus-linea eratzeko ardura.

Astelehenean, presoak Zubietara eraman eta bi aste geroago ere hara iristeko ia modu bakarrak auto partikularra izaten jarraitzen duela ikusirik, Eguzkik bat egin zuen kexatu direnekin (1).

Atzo, Aldundiak ponpa handiz jakinarazi zuen Lurraldebuseko “linea esperimental” batek Eskuzaitzeta industrialdea (hor dago kartzela) eta Zubieta lotuko dituela. Hori bai, irailaren “bigarren hamabostalditik aurrera” (2).

Pozten gara, zinez poztu ere. Baina linea presoak Zubietara eraman eta berehala ezarri ordez handik hiru hilabetera ezarriko dutela iragaztzeak ez dirudi planifikazio eredugarriaren adibidea denik. Are gehiago kontuan hartzen badugu orain dela sei urte ere bazekitela autobus-zerbitzu hori beharrezkoa izango zela. Ez dirudi mugikortasun “jasangarri eta adimenduna” oso kontuan izan dutenik. Momentuz, eta datozen hiru hilabeteetan, behintzat, presoen senideak, hirugarren graduan daudenak eta gainerako erabiltzaileak ahal bezala moldatu beharko dira, planifikazio-falta nabarmenaren ondorioei aurre eginez.

Jarraian kopiatzen dugu Aldundiaren linea berriari buruzko jakinarazpena ezagutu baino lehen egin genuen salaketa.

ZUBIETAKO KARTZELAKO ISOLAMENDUAREKIN AMAITZEKO AUTOBUS-LINEA BAT ESKATU DU EGUZKIK

Hamabost egun baino gehiago badira presoak Martutenetik Zubietara eraman zituztela. Kartzela zaharretik kartzela berrira pasatzea ez da, printzipioz, albiste txarra, baina, praktikan, arazo-iturri bihurtu da presoentzat zein bisitatu nahi dituzten senide eta lagunentzat. Izan ere, Zubietako kartzelara joateko garraio publikorik ez dago. Kartzela Eskuzaitzeta poligonoan dago, hirigunetik urruti, eta, beraz, autoa erabiltzea ia ezinbestekoa da hara iristeko.

Eguzkikook gertuen dauden garraio publikoen eta kartzelaren arteko distantziak neurtu eta kronometratu ditugu. Hona hemen datuak:

– Lasarte-Oriako tren-geltokitik hasi eta kartzela bitartean, 5.800 pauso daude, gutxi gorabehera 58 minutu (joateko bakarrik).

– Bugatiko autobus-geltokitik, berriz, 3.100 pauso, 33 minutu inguru.

– Bi kasuetan 100 metrotik gorako desnibela gainditu beharra dago. Alegia, zati handi batean aldapan gora nabarmen egin behar da, eta bidean ekaitzaren edo eguzkiaren kontrako babesik gabe.

Beraz, arestian esan bezala, autoan ez bada, nekez irits daiteke kartzela berrira. Garraio publikorik ez izatea zigor gehigarria da senideentzat eta batez ere hirugarren graduan dauden presoentzat, horiek joan-etorria egunero egin behar dute eta.

Gauzak horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu garraio-zerbitzu publiko bat lehenbailehen ezartzeko. Erakunde publikoek ezin dute argudiatu arazo hau bat-batean eta ustekabean sortu dela. Garraio-zerbitzu hori behar zela duela sei urte ere bazekiten, eta, hala ere, urte hauetan guztietan ez dira egoerari irtenbide bat emateko gauza izan.

Baina kartzelara joateko garraio publikorik ezak agerian uzten du arazo handiago bat. Izan ere, Eskuzaitzeta sortu zutenean, Gipuzkoako industrialderik handiena izateko “bokazioa” zuela esan ziguten. Eta oraindik ez dago beteta, ezta hurrik eman ere, baina dagoeneko ehunka dira bertara joaten diren langileak, erraustegira, OTIS edo Gifarco enpresetara edota kartzelara. Eta guztiak, halabeharrez, auto pribatuan, noski.

Eskuzaitzetan dagoeneko ezarrita dauden enpresen artean Naturklima eta Mubil aurkitzen ditugu, biak ala biak diru publikoz finantzatuak. Enpresa horien helburu nagusia edo nagusietako bat “mugikortasun jasangarri eta adimenduna” sustatzea da. A ze sarkasmoa! Erakunde publikoek “garraio jasangarri eta adimenduna” sustatu nahi dute baina hara iristeko autobus-linea triste bat ezarri gabe? Posible ote da “garraio jasangarri eta adimenduna” garraio publikorik gabe? Den-denok dakigu zein den erantzuna.

Beraz, Aldundiari eskatzen diogu Eskuzaitzetara iristeko autobus-linea bat lehenbailehen ezartzeko, luzamendu gehiagotan ibili gabe, hara joan behar duten langile, preso edo senideek garraio publikoa erabiltzeko aukera izan dezaten.

EGUZKI, 2026ko uztaila

(1)

(2) Lurraldebuseko linea esperimental berri batek Eskuzaitzetako industrialdea eta Zubieta lotuko ditu iraileko bigarren hamabostalditik aurrera – gipuzkoa

atzera
gora