Joan den otsailaren 5ean trantsizio energetikoaren egungo eredua eztabaidan jartzeko asmoz Okendo Kultur Etxean jende asko bildu zuen mahaingurua egin ondoren, Donostian bi ekintza informatibo antolatu dira datozen egunetarako zentral eolikoen eta energia berriztagarrien makroproiektuen auziaren inguruan:
Asteartea 25ean, 19:15ean, “Vidas irrenovables” dokumentalaren proiekzioa eta Francisco J. Vaquero zuzendariarekin solasaldia, Trueba zineman. Dokumentalak energia berriztagarrien industriaren hedapena Espainian ekosistemak, ekonomiak eta landa-eremuko gizarteak nola suntsitzen ari den erakusten du. Era berean, mehatxu horren aurka hainbat lurraldetan mobilizatu diren kolektiboen eta pertsonen esperientziak jasotzen ditu. Sarrera doan zango da eta ekintza hau Groseko Hondarpe Auzo Elkarteak antolatu du.
Osteguna 27an, 19:00etan, Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimenaren aurkezpena eta hitzaldi informatiboa Okendo Kultur Etxean. Arano, Goizueta eta Hernaniko bizilagun taldeek eratu berri duten herri ekimen honetako kideek Repsolek eta Endesak Urumeako mendietan bultzatzen dituzten makroproiektu eolikoei buruz informatuko dute. Repsolek sustatzen duen egitasmoa egun Euskal Herrian planteatzen den mota horretako azpiegiturarik handiena da. “Erreka Parke Eolikoa” deitu duten makroproiektu horrek kalteturiko eremuan prospekzio arkeologikoak egitekoak direla-eta joan den urtarrilaren 30ean Nafarroako Gobernuak Aranoko Udalari bidalitako txostenaren arabera, Adarra-Mandoegi mendilerroaren inguruetan neurri handiko 15 aerosorgailu jartzea eta Urnietako Besabitik abiatuta 27’54 kilometrotako sarbidea (6 metroko zabalerarekin) eraikitzea planteatzen da Repsolen proiektuan. Horri gehitu behar zaio energia ateratzeko 21’063 kilometroko luzera eta 68 dorre izango lukeen ebakuazio-linea bat eraikitzea aurrikusten dela egitasmoan, Arano, Hernani, Urnieta, Astigarraga Errenteria eta Oiartzungo udalerriak zeharkatuz, Arkaleko azpiestazio elektrikoan banaketa-sare orokorrarekin konektatzeko. Guztiarekin, bistan dago proiektu honek kalte larriak eragiten dituela natura- eta giza-ingurumenean, hain zuzen ere lurraldeari eraso egiten dioten eta energiaren kudeaketa lokalagoa eta komunitarioa bultzatzearekin bateraezinak diren makroproiektuen ereduaren adibide argi bat delarik. Aurkezpen honen antolatzaileak Satorralaia, Eguzki, Haritzalde eta Ekologistak Martxan dira.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545