Asteroko buletina
Sagar arbolak loratzen hasten direnean ganbarako sagarrak usteldu. Sagarra lore lore denbora denian, gazteak hankak arin soinuan denean.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Urola ibaia kutsatzen duten zabor tonak kentzeko eskatu die Eguzkik Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa, Azpeiti eta Azkoitiko udalei

2024-04-09 18:36

Telebista bat Urola ibaian, Azpeitiko Lasao auzoan. Honako hondakin hau arriskutsutzat jotzen da, osagai elektronikoak eta gai toxikoak dituelako, hala nola merkurioa eta beruna. Telebista hau ez da puntu honetan isuri. Ibai-korronteak arrastatu du honaino.

Herrialde garatua, oro har, bizi-maila ona duen herrialdea da, eta horien artean dago gure herria, Euskal Herria. Gure herrietatik igarotzen diren ibai eta errekei begiratzen badiegu, plazer berberak ez dituztela gozatzen konturatuko gara: ingurumenaren degradazioa, gehiegikeria eta ibai eta erreken aurkako erasoak agerikoak dira. Aurten ere, ibaiertzeko landaredia, ibai-sistemen osasun onerako funtsezkoa dena, edozein motatako hondakinez beteta dago, eta Urola ibaia ez da horretatik salbu.

Hona hemen Urola ibaiaren ia ertz osoa inbaditzen duten hondakinen tona eta motak: latak, beirazko eta plastikozko botilak, plastikozko poltsak, disolbatzaile eta motorreko olio poteak, nekazaritza eta abeltzaintzako hondakinak, ehunak, txatarra, pneumatikoak, metalezko egiturak, gomak, komunak, su-itzalgailu eramangarriak, eraikinetan jartzen direnak bezalakoak, altzari eta teilapeen zatiak, besteak beste, baita arriskutsuak ere, hala nola tresna elektronikoak eta uralitak.

NOLA IRISTEN DIREN HONDAKIN HORIEK IBAIRA?

Euskal kostaldea kutsatzen duten hondakinen % 80 gure ibaietatik datozen bezala, ibaian ditugun hondakin gehienak zuzenean isuri dira, nahita; ez dira ustekabean edo estolderiatik iritsi. Izan ere, batzuek ibaia eta errekak beren zabortegi partikular gisa erabiltzen dituzte, eta hori ez da gauza berria, duela hamarkada batzuetatik baitaramatza gurekin.

Hondakin asko ez daude isuri diren puntu berean; aitzitik, ibai-korronteek eramandako jatorrizko puntutik distantzia jakin bat egin ondoren iritsi dira. Legez kanpo isurtzen dira ibai ondokko aparkaleku, industriagune, negutegi, txabol, baratze eta etxeetatik.

Hondakinak botatzen dituztenak, ez dituzte botatzen osasun edo ingurumenaren inguruko kontzientzia falta dutelako bakarrik, baizik eta praktika horiek inolako ondoriorik ez dakarkiela ikasi dutelako. Urteen joanak erakusten du kontzientzien zain egotea, arazo honen aurrean esku ez hartzeak, ez dituela espero diren emaitzak ematen. Aldiz, arazoa kronifikatu eta normalizatu egin du. Ibai-sistemen gaur egungo egoera tamalgarria horixe erakusten du.

Abiadura jakin batean gidatzen badugu, ibilgailuak horretarako egokitutako guneetan aparkatzen baditugu, IATa pasatzen badugu, leku jakin batzuetan erretzen ez badugu, zergak ordaintzen baditugu, egiten dugu neurri handi batean hori egin ezean zigortzen gaituen lege bat dagoelako. Egia da badirela kontzientzia edo arrazoi moral hutsengatik egiten dutenak, noski, baina gutxienak dira

Uren Legeak debekatu egiten ditu urak kutsatzen dituzten zuzeneko edo zeharkako isurketak, eta Uraren Euskal Agentzia (URA) arduratzen da horiek zaindu eta betetzeaz. Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legeak ez du soilik aurreikusten zaborrak uzteko, isurtzeko eta kontrolik gabe kudeatzeko modu guztiak prebenitzeko neurriak hartzeko beharra; era berean, informatzeko eta jokabide arduratsua sustatzeko neurriak hartzeko beharraz ere ari da, zabor-isurketak murrizteko, eta, kasu honetan, udalei dagokie.

Horregatik, Eguzkik zorrotz salatzen du ibaiaren egoera, eta lehen aipatutako udalei eskatu die neurri zuzentzaile gisa ken ditzatela ibaia kutsatzen duten zabor tonak. Halaber, aprobetxa ditzatela zabor horiek, eta erabil ditzatela eskura dituzten hedabide guztiak ibaiko arazoen berri herritarrei emateko. Era berean, URArekin lankidetzan, isuriak maiz gertatzen diren ibai-zati batzuk hautatu eta identifikatzea: industrialdeak, aparkalekuak, txabolak… eta zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-lanak egin ditzatela. Izan ere, ibai-sistemak bere zabor-edukiontzi gisa erabiltzea hainbeste gustatzen zaienei hezteko modurik onena da ingurumenari erasotzeak, degradatzeak eta kutsatzeak poltsikoa uki diezaieketela irakastea da.

EGUZKI, 2024ko apirila

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora