Astelehenero 8:00etan zure epostan
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak joan den astean erabaki zuen “partaidetza-prozesu zabal, plural eta inkusibo bat bultzatzea, Lemoizko zentral nuklearraren espazioaren eraldaketa gidatu beharko luketen irizpideak definitzeko”. Eusko Jaurlaritzari prozesu hori bere egin dezala eskatzea ere erabaki zuen Mankomunitateak. Baita Euskal Herriko Unibertsitateari prozesua aurrera eramateko “proposamen metodologikoa” diseinatzeko eskaera formala egitea ere (*).
Eguzkikoi txalotzeko moduko erabakia iruditzen zaigu. Izan ere, Jaurlaritzak berak aspaldi hartu beharreko erabakia dela iruditzen zaigu.
Jaurlaritzak zentralaren hondarrak eta inguruko lursailak bereganatu zituenetik, alegia, 2019tik, eta are lehenagotik ere, 2017tik, behintzat, karta bakarraren aldeko apustua egin du, eta karta hori akuikultura-proiektu bat da. Proiektu hori, ordea, ez da iragarritako epean gauzatu –Arantxa Tapiak 2021ean abiatuko zela esan zuen–, eta 2023an stand by egoeran geratu zen, enpresa pribaturik ez zelako inbertitzeko prest agertu.
Gauzak horrela, Jaurlaritzak zentralean milioi mordoxka bat inbertitzeko asmoa du (antza denez, 25 inguru, 2028ra arte), proiektua enpresentzat erakargarriagoa egingo duen esperantzan. Lehenengo pausoa itsas aldeko dikea hormigoizko dadoekin sendotzea da, eta SPRI langintza horretan hastear da.
Lemoizko zentralari buruzko “partaidetza-prozesu zabal, plural eta inkusibo bat bultzatzea”, Mankomunitateak eskatu bezala, arrazoizkoa da berez, baina are arrazoizkoagoa da une honetan, kontuan izanda akuikultura-proiektuak porrot egin duela –hasieran planteatu zen moduan, behintzat– eta bere etorkizuna kasurik onenean ere zalantzazkoa dela.
Jaurlaritzak malgutasun pixka bat balu, aukera aprobetxatu beharko luke bere burua asuntu honetan birkokatzeko, eta Mankomunitatearen enbidoari espantu handirik gabe “euki” erantzun.
Eguzkik jarraitzen du zentralarentzat eskatzen historiarekin bat datorren erabilera. Horrek, zehatz-mehatz, zer esan nahi du? Ba, esan nahi du Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian leheneratu beharko litzatekeela eta bertan parke publiko bat egokitu, beharbada memoria-leku gisa. Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izan beharko litzateke. Laburbilduz, historiarekin bat datorren erabilera eskatzen dugunean, honako hauek eskatzen ditugu: leheneratzea, erabilera publikoa eta adostasuna. Gauzak horrela, normala da Eguzkik Mankomunitatearen ekimena oso begi onez ikustea.
Jaurlaritzak prozesu hau bere egitea gehiegi eskatzea al da? Batez ere perspektiba argirik gabeko inbertsio handietan sartzear den honetan?
EGUZKI, 2025eko ekainean
(*) Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Udulizko udalek osatzen duten Mankomunitateak hitzez hitz zer erabaki duen, honako esteka honetan:
20250613-adierazpen-instituzionala-partaidetza-prozesua-lemoiz-zentrala.pdf
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545