Aurtengo abenduaren 6an beteko dira berrogei urte UNESCOk bere M&B atalean Urdaibai Biosferaren Erreserba izendatu zuenetik, horren barruan Busturialdea historikoaren ia gehiena sartuz.
Zain Dezagun Urdaibai Auzo Elkarteak urteurren egokia dela deritzogu, berrogei urte honetan Erreserbaren bilakaera zein izan den eta egungo egora zertan den gogoeta ahalik eta zabalena, sakonena eta aberasgarriena bideratzeko.
Bederatzi hilabete ditugu zeregin historiko horretarako. Hala bada, gaur bertan ekin diogu lanari. Gure asmoa ekimen hau gizarteko agenteei eta oro har herritar guztiei helaraztea da, denon artean eta bederatzi hilabetez Erreserbaren egoeraz hausnarketa sakona, zabala eta aberasgarria egin dezagun.
UNESCOri gure gogoeta kolektiboaren emaitzak helarazteaz gain, Munduko erakunde hori bertora, Erreserbara, etorraraztea da asmoa. Delako erakundeak berak egoeraren diagnostikoa egin dezan, batik bat 1984ko izendatze haren helburuak bete diren ala ez aztertzeko, eta ezezkoan zertan ez diren bete eta aurrerantzean egin beharrekoaz, edota egin litekeenaz, iritzia plazara dezan. Eta baiezkoan, helburuak bete direla iritziz gero, alegia, oraingoa zertan hobetu litekeen proposa diezagun.
Jendarteko sektore, jende multzo, eragile eta erakundeekin parte hartze zabala, barneratzailea, horizontala, hots, demokratikoa, bilatuko dugu hauetan bederatzi hileotan.
Une honetan Urdaibai Biosferaren Erreserba eta Busturialdea osoa kinka larrian dira. Kinka hori gainditzera eta etorkizunari ateak zabaltzera deituak gara gu denok.
Busturialdean, 2024ko martiaren 6an
ZAIN DEZAGUN URDAIBAI
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545