Astelehenero 8:00etan zure epostan
Eguzkik Ingurumen Fiskaltzan salatu duenez, joan den astean, zehatz-mehatz abuzutaren 14an, ontzi ezezagun batek tona bat boga edo boba (Boops boops) legez kanpo bota zuen uretera Monpasetik gertu, Donostian.
Deskarte edo arrantza-bazterkin honen egileak identifikatzeko eta erantzukizunak zehazteko eskatu du Eguzkik; izan ere, gure ustez, egindakoa baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako ustezko delitu izan daiteke, Zigor Kodearen 325. artikuluan tipifikatuta dagoena, eta, subsidiarioki, faunaren aurkako delitu bat, 335. artikuluan tipifikatuta.
2019ko urtarrilaren 1etik indarrean dago arrantzan harrapatutako guztia lehorreratzeko agindua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 (EB) Erregelamenduak aurreikusitakoaren arabera. Helburua da deskarte edo bazterkinak pixkanaka murriztea. Hamaika izan baitaitezke arrain bat arrantzatu ondoren berriz ere uretaratzeko arrazoiak (gutxieneko neurria ez izatea, espezieak plazan preziorik ez egitea, kuotarik ez izatea…), baina garbi dago praktika honek arrantza-baliabideak eta ekosistemak nabarmen kaltetzen dituela.
Hala ere, araudiak salbuespenak eta “malgutasunak” aurreikusten ditu, eta, horien ondorioz, legezko arrantza-bazterkinek ohikoak izaten jarraitzen dute. Baina, gure ustez, salbuespen eta “malgutasun” horietako bat bera ere ezin zaio Monpaseko deskarteari aplikatu. Deskarte horrek, aipatutako EBko Erregelamendua ez ezik, Estatuko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 26ko 3/2001 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legea ere urratzen baititu. Horregatik jo dugu Fiskaltzara.
EGUZKI, 2025eko abuztua
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545