Denbora alferrik galdu dut: bizitzako gauza garrantzitsu bakarra baratze zaintza da.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Suteen arazoa gehienbat baso-politika intentsiboaren eta kontrolik gabeko abeltzaintzaren ondorio da

2025-09-16 17:03

Iturria: Gipuzkoako Basozainen Elkartea

Egurra ekoiztea beste helbururik ez duten eta modu intentsiboan ustiatzen diren zuhaitz-landaketa zabal baino zabalagoak dira ingurumen-arazo nagusia Euskal Herriko mendietan. Pinuak, eukaliptoak, kriptomeriak, alertzeak… guztiak kanpoko espezieak, eta sukoiak, su erraz hartzen dutenak, alegia. Ez da kasualitatea, administrazio publikoek urtero milaka eurorekin bultzatzen duten politika jakin baten ondorio baizik. Politika horrek egurraren sektorea modu klientelarrean elikatzen du.

Baso-suteek egun batetik bestera hondatzen dute hamarkadetan eta batzuetan mendeetan ere sortutakoa. Eragin itzela dute bertako espezie eta ekosistemetan. Lurzoruaren higadura ere areagotzen dute, desertifikazio-prozesuak biderkatuz.

Klima-aldaketak baso-suteen larritasuna areagotzen du, bai, baina, kontuz, klima-aldaketak, berez, ez dio basoari su ematen. Eta hori begi-bistatik ez galtzea oso garrantzitsua da prebentzioaz asko hitz egiten ari den ataka honetan. Prebentzioaz ere hitz egin behar baita, jakina, baina datu tekniko objektiboetan oinarrituta, ez bulo interesatuetan. Alde horretatik, Trantsizio Ekologikoko Ministeritzak, bost urtean behin, aurreko hamarkadan gertatutako baso-suteei buruzko txosten bat argitaratu ohi du. Argitaratu duen azkena 2006-2015 aldiari dagokio. Horren arabera, baso-suteen %5 baino ez dira jatorri naturalen ondorio (tximistak). Sute horien %81, berriz, gizakiek piztutakoa da, axolagabe jokatu dutelako, istripuz eragin dituztelako edo, besterik gabe, basoari nahita su eman diotelako. Eta nabarmentzekoa da azken horiek, alegia, espresuki piztutako suteak, ugarienak direla, guztien erdia baino gehiago baitira: %52,70. Sute hauen artean daude nekazaritza helburu dutenak edo larreak berritzeko pizten direnak. Ministerioaren datuen artean bada atentzioa ematen duen bat: Euskal Autonomia Erkidegoan, baso-sute gehienak jabetza publikoko mendietan gertatzen dira.

Txostenak 2006-2015 aldian Euskal Herrian izandako bi suterik handienak aipatzen ditu, Untzitikoa eta Hondarribikoa, non 875 eta 500 hektarea erre ziren, hurrenez hurren. Hondarribikoa Jaizkibelen gertatu zen, abeltzaintza-intereseko eremu batean.

Herrialdeka, berriz, hona hemen baso-sute gehien izan zituzten udalerriak:

– Araba: Bilar (31), Laguardia (25), Lantziego (23)

– Bizkaia: Karrantza (208), Gueñes (23), Muskiz (21)

– Gipuzkoa: Oiartzun (24), Oñati (21), Bergara (16)

– Nafarroa: Baztan (389), Tutera (232), Lodosa (175)

Egunotan behin eta berriz entzuten ari gara “suteak neguan itzaltzen direla”, eta lelo horren bitartez aditzera eman nahi digute, besteak beste, abeltzaintza dela edo izan daitekeela Euskal Herrian suteak prebenitzeko tresna nagusia, abeltzaintzaren bitartez “garbitu” baitaitezke “zikinak” omen dauden baso-mendiak. Baina horrela balitz, nola uler liteke mendiko oso larre-eremu zabalak dituzten Karrantza, Baztan eta Oiartzun sute gehien dituzten udalerriak izatea?

Bereziki larriak iruditzen zaizkigu Nafarroako Gobernuak eta EAEko hiru aldundiek sua pizteko ematen dituzten baimenak, suaren erabilera normalizatzen baitute larre eta mendietan, baita babestutako naturguneetan ere (Natura 2000 Sarea barne). Horren lekuko dira Aralar edo Hernio-Gazume. Baimen horiek, normalean aziendarentzako larre berriak lortzea helburu dutenak, “sastrakak garbitzeko” aitzakian ematen dituzte. Baina “sastraka” horiek basoa berriz ere badatorren sintoma baino ez dira. Txilardiak, otadiak edo iraletzekuak basoak leheneratzeko hasierako faseak dira, ezinbestekoak. Eta, hala ere, fenomeno natural onuragarri horren aurka egiten dute, administrazioaren babesean, argudiatuta mendia “abandonatuta” edo “zikina” dagoela.

Testuinguru honetan, eskandaluzkoa iruditu zaigu Eusko Jaurlaritzako Landa Garapeneko sailburu Amaia Barredok, keinu populista bat eginez, Europako nekazaritza politika bateratua aldatzeko eskatu izana. Zertarako aldatu nahi duen? Abelburuen kargak handitzeko eta basoak ere bazkaleku bihurtzeko, mendietan azienda gehiago egoteak “gehiegizko landaretza” eta, ondorioz, suteak kontrolatzen lagunduko duen aitzakian. Sailburuak ez du ikusi nahi datuei erreparatuta begi-bistan dagoena: suteen arazoa da horietako asko nahita pizten direla, suaren kulturan eta abeltzain sektore batek basoarekiko sentitzen duen arbuioan oinarrituta. Sektore horrentzat, guztia da “sastraka”, guztia da “zikina”, larrea ez bada.

Baso naturalen kontserbazio-maila berez eskasa bada, beraietan milaka abelburu sartzeak, Barredok iradoki duen bezala, egoera nabarmen larriagotuko luke, ekosistemak muturreraino sinplifikatuz eta azkenean basamortu biologikoranzko bidea erraztuz.

Gauzak horrela, Eguzkitik zera eskatzen dugu:

1) Mendi publikoetan eta naturgune babestuetan (Natura 2000 Sarea barne) egurra ekoizteari uko egitea.

2) Baso-politika aldatzea, egurretarako espezie exotikoen landaketa zabal horientzako dirulaguntza publikoak murriztuz eta, aldiz, bertako espezieentzakoak handituz.

3) Abeltzaintzako udalerrietan sua erabiltzeari uztea eta baso naturala berriz etortzen hasi den eremuak erretzeko baimenik ez ematea.

4) Baso naturalek babesle gisa duten rola aitortzea, eta horren arabera jokatzea, jakina.

5) Abeltzaintza-eremu publikoak ordenatzea, ganaduaren presentzia mendiko larreetan arautuz, betiere basoetatik kanpo.

6) Gobernuek eta fiskalek baso-suteen atzean dauden pertsonei eta interesei gehiago erreparatzea.

EGUZKI, 2025eko irailean

atzera
gora