Intxaurra, etxe ondoan txarra

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

STOP ZUNDAKETAK EKIMENAren behin-behineko etena

2026-11-14 23:07

2023ko udaberrian, Ataunen ezustean AHTarendako zundaketa bat egin nahian agertu eta gerora, ADIFek AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko alternatibak aztertzeko Itza, Sakana eta Goierriko udalei urte hartako maiatza eta iraila bitartean zundaketa geoteknikoak eta beste jarduketa batzuk egingo zituela jakinarazi ostean, alarma piztu eta AHTaren aurkako Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako hainbat kolektibok  mehatxu horri aurre egiteko bat egin zuten, zundaketak AHTaren obren inposizioaren hasiera baino ez direla eta herri eta ibarren borondatearen gainetik egiteko asmoa zutela jakitun. 2023ko ekainean zundaketen aurka eratutako Ekimenaren helburu nagusia argia zen: zundaketak geldiarazten saiatzea. Horretarako, erantzuteko protokolo bat sortu eta hainbat jarduera antolatu dira urte hauetan mehatxaturiko haranetan barrena, ADIFek zundaketak egin nahi dituen tokiak eta hiru urte hauetan lautan aktibatu den protokoloa bera ezagutarazteko.

Ondorioz, Ekimen honen informazioen arabera, Madrilgo gobernuak zundaketa kanpainari amaiera eman dio, hasieran egin asmo zituen 20tik gora zundaketetatik, orotara, hiru zundaketa baino egin ez dituela, Idiazabalen, Beasainen eta azkena, aurtengo uztaila amaieran Altsasun  poliziaren etengabeko babespean. Beste hiru saiakera ordea. gelditu egin dira Ataunen, Otxobin eta Izurdiagan, mehatxaturiko udalen eta larrialdi- protokoloa aktibatu zuen zundaketen aurkako Ekimenaren jarduera azkarrari esker. Guztietan, zundaketen aurkako mobilizazio herritarra egon da, bereziki azkenekoz, Altsasun, protestei lau egunez eutsiz eta herritarren antolakuntza eta erantzuna zigortu nahi izan dituzten arren 6 isun gutxienez bidaliz. Aldi berean, mehatxaturiko eremuetako udal gehienek eskuan zituzten legezko tresnekin zundaketei baimena emateari uko egin eta zundaketa saiakerei aurre egitearen garrantzia ere, bereziki azpimarragarria izan da.

Honen guztiaren ondorioz, orain arteko zundaketen aurkako erantzunaren balorazio oso positiboa egin da: herritarren, tokiko erakundeen eta Ekimenaren aurkakotasunari esker, hilabetetarako aurreikusitako kanpaina urtetan luzatu da eta ez dute osorik burutu. Gainera, egitasmoarekin aurrera egiteko saihesbide modura Iruñerria-Altsasu tarterako argitaratu zuten azterlan informatiboari ere 7000tik gora alegazioz emandako erantzuna, herritarren borondatearen adierazpen argia eta zoriontzeko modukoa izan da.

Hiru urte hauetan, administrazioak inprobisazio ikaragarria eta intoxikazio mediatikoa eta gezurra sarri erabili ditu. Maiz, AHTaren aldeko alderdi politikoen eta lurraldeen arteko ika-mikak eta trazadura-lehia izan dira ezintasun tekniko eta politiko sinestezin horren atzean egon direnak eta orain, hauteskundeak ate joka, antzerki mediatikoak darrai. Horregatik, zundaketak amaitu dituztela eta Nafarroako korridorearen eta Euskal Y-aren arteko lotura erabakitzeko egin nahi den azterlana laster plazaratuko dutela esan arren, ezin fio. Baina kanpaina amaitu omen denez, Ekimena behin–behinean gelditzea erabaki dugu. Badaezpada, protokoloaren telefonoak bere horretan dirau (656711130). Bestalde, tarte honetan sortutako baliabide eta eskarmentua, AHTari berari eta Lurraren aurkako beste mehatxu batzuei aurre egiteko balio dezakete (hidrogenoa edota kobrea ustiatzeko zundaketak adibidez). Azkenik, eskerrak eman orain arteko bidean parte hartutako guztiei eta aldi berean, AHTaren aurka antolatu eta borrokatzen jarraitzera dei egiten dugu, batuko direnei ongi etorria emanez.

 Zundaketez harago, AHTrik EZ! Lurraren defentsan, eutsi borrokari!

 STOP ZUNDAKETAK-AHTRIK EZ EKIMENA

 

atzera
gora