Inon bizitzea, baratze bat lantzea da.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Sabino gogoan, hainbat argazkiren bidez

2026-08-18 10:42

Atzo Sabino Ormazabal militantearen profila egiten saiatu ginen, Euskal Herriko Mugimendu Antinuklear eta Ekologistan izan duen itzal handia nabarmenduz: Sabino, ezinbestekoetako bat | Eguzki Talde Ekologista

Gaur, berriz, beharbada hain ustekabean galdu dugun laguna hurbilago sentitu nahian, hainbat argazki erreskatatu ditugu artxiboetatik. Pentsa dezakezunez, gure artxiboetan ez dago beti orden handirik eta ez dago inolaz ere “Sabino” etiketadun karpetarik. Gauzak horrela, segituan datorrena nahaste-borraste bat da. Argazki batzuetan agian kostatuko zaizu Sabino identifikatzea. Ez hainbeste denbora alferrik pasatu ez delako –gaztetxo bat izaten jarraitzen zuen–,kalitate txarrekoak direlako baizik. Beste batzuetan, berriz, Wally nola, hala bilatu egin beharko duzu. Irudiren batek deskuidoan irribarreren bat pizten badizu, utzi lasai ateratzen; izan ere, seguruena irribarrez da lagun bat oroitzeko modurik onena.

Lehenengo argazki hau Tuteran ateratakoa da, noski, Galdys hil zuten lekuan. Une honetan ezin esan 1979an bertan ateratakoa den, baina hor nonbait.

 

Honako hau 2000. urtekoa da.

Sabino ekologista donostiarra zen. Danborradan ateratzeko prest.

Aspaldiko inhauteri batzuetan, igeltsero kuadrilla batek Iberdueroko sarreran pareta bat altxa zuten.

Argazki hau, Iker Azurmendirena, orain dela hamar egun argitaratu zuen Noticias de Gipuzkoa egunkariak aurtengo mani antitaurinoa iragartzeko. Orain dela hiru-lau urte egindakoa izango da. Ea Sabino topatzen duzun.

Igeldon, zuhaitzak landatzen egon ondoren. Ezin duzu urtea zehaztu.

Eugeni, Gladysen ama, oroitarriaren aurrean lore-eskaintza egiten. Begira ari direnen artean, erraz identifkatuko duzue Sabino.

Txapapotea salatzeko ekintza bat Kontxan, 2003an.

Hitzaldi batean, 2019an. Iruñean?

Urumeako Jaitsieran. Ezin dugu urtea zehaztu. Sabino izan zen Jaitsieraren lehen sustatzailea. Iruñetik ekarri zuen ideia, han urtebete lehenago, Argako Jaitsiera antolatu baitzuten.

Eguzki antolatu zuen Urumeako azken jaitsieran, 2002an.

Gladysen omenaldian, 2009an, Garzonek 18/98 Sumarioaren barruan Zumalabekoen kontra bultzatutako epaiketan Gorenak errugabetu eta berehala.

Bizikleta martxa hau 1986koa da

Argazki hori bera, “Sabino askatu!!” logoarekin tuneatuta, erabili genuen 2000an, Sabino atxiluto zutenean, postal bat editatzeko. Horrelako mordoxka iritsi ziren Soto del Realeko kartzelara.

Donostiako Udaletxearen aurrean. Urtea ezin zehaztu.

Tuteran, 2019an.

Tutera, 2019an. Argazki honetan Euskal Herriko Mugimendu Ekologistaren zati handi bat dago.

Altsasun? Eguzkiren 20. urtemuga?

2023an, Koldo Mitxelenan, Roge Blascok Lemoizi buruz egindako hitzaldi baten testuinguruan.

Gladysen omenaldian, 2025ean.

Logo hau ez dugu guk egin. Sareetatik iritsi zaigu. Baina primeran islatzen du egunotan sentitzen duguna:

OHARRA: argazki hauetako batzuk jarduera publikoetan egindakoak dira; beste batzuk, berriz, lagunen artekoak, “intimoagoak”, alegia. Horiek aukeratu eta argitaratu ditugu pentsatuta bertan Sabinorekin batera agertzen diren pertsonei ez diela axola izango  argazki horiek publiko egitea. Kasuren batean horrela ez bada, esan lasai eta ahal den azkarren erretiratuko dugu. Halaber, badakigu egunotan seguru asko argazki dezente azaleratuko direla. Horrela bada, igoal horiek ere gehitzea mereziko du. Ikusiko dugu.

 

 

atzera
gora