San Jurgi, artoak ereiteko goizegi.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Sabino, ezinbestekoetako bat

2026-08-17 16:03

Sabino Ormazabal. Argazkia: Dani Blanco, Argia Fototeka.

Sabino Ormazabal hil da, Euskal Herriko Mugimendu Antinuklear eta Ekologistako ezinbestekoetako bat, nahiz eta, bera ezagututa, seguru esango zuela “denok gara beharrezkoak baina inor ez ezinbestekoa”, edo horrelako zerbait. Testu honetan, Mugimendu Ekologistaz baino ez dugu hitz egingo, baina beste mugimendu batzuetan ere ezinbestekoa izan dela ez dugu duda izpirik.

Ekologismoa Euskal Herrira iritsi bezain pronto, harekin bat egin zuen Sabinok. Komite Antinuklearretan parte hartzen zuen, baina Komiteek garai hartan ez zuten beraien burua ekologistatzat hartzen, gaur egun bati baino gehiagori beharbada arraroa irudituko zaion arren. Nafarroakoak ziren salbuespena. Sabino bai, Sabino ekologista zen, eta, horregatik, Komiteetan ez ezik Egiako Talde Ekologistan (Gladys del Estalekin), Txustarra kolektiboan eta Donostiako Ekologisten Batzarrean ere parte hartzen zuen.

Antimilitarista ere bazen, eta NATOri buruzko erreferendumari begira, Bakearen eta Subiranotasunaren aldeko Manifestuaren kanpaina antolatzen ibili zen.

1987an, Eguzkiren sustatzaile nagusietako bat izan zen, dudarik gabe. Komite Antinuklear eta Ekologistek ez ezik (ordurako bai, ordurako Komite Antinuklear eta Ekologistak ziren) beste talde askok ere bat egin zuten Eguzkin. Urte hartan bertan, erakunde berriak Lemoiz apurtu plazaratu zuen, Euskal Herriko borroka antinuklearrari buruzko erreferentziako liburua. Askok egindako lanaren fruitua da; izan ere, inor ez da egile gisa agertzen. Baina Sabinoren eskua oso agerikoa da, baldin eta kontuan hartzen badugu txingurri-lana egiteko joera handia zuela, gertaerak, iritziak eta beste biltzeko. Honekin lotuta, zera esan behar dugu: Sabinorekin batera, Mugimendu Antinuklear eta Ekologistaren memoriaren zati handi bat ere badoa. Izan ere, informazio-iturri agorrezina zen. Nork egin zuen kanpaina hura, zer testuingurutan gertatu zen, nola kontaktatu urliarekin edo sandiarekin… Horrelako gauzak argitzeko, askotan Sabinogana jo beharra zegoen.

Kazetari gisa, Eta kitto-n ibili zen, nahiz eta han bere anaia Agus zen “nagusi” (Agus ere ondo gogoan dugu). Horretaz aparte, Sabinok urtetan zuzendu zuen Ingurugiroa, Egin egunkariak ingurumenari buruz astean behin argitaratzen zuen gehiagarria. Garai hartan ez zegoen sare sozialik eta informazioa beste bide batzuetatik bideratzen zen. Testuinguru hartan, Ingurugiroa ezinbesteko tresna izan zen Euskal Herri osoko ingurumen-arazoak eta borrokak ezagutarazteko. Geroago, Sabinok beste lan batzuk egin zituen Egin-en, baita Gara-n ere.

Denboraren poderioz, Sabino beste mugimendutan inplikatu zen. 2000. urtean, Joxemi Zumalabe Fundazioaren Patronatuko kidea zen, Baltasar Garzon epaileak atxilotu eta 18/98 Sumarioan inputatu zuenean, beste hainbat lagunekin batera, denak desobedientzia zibila sustatzeaz akusatuta. Zortzi hilabete egin zituen kartzelan. Oso prozesu luze eta gogorra izan zen hura, euskal disidentziaren aurkako epaiketa orokor moduko bat. Fundazioko kideei dagokienez, errugabetasun-epaiarekin bukatu zen, 2009an. Baina egoera latz hartan ere, Sabino ez zen Mugimendu Ekologistatik gehiegi urrundu. Horren lekuko da 2004an Mattin ilustratzailearekin batera argitaratu zuen honako komiki hau: Ez naiz pegata hutsa! Gladys eguzkiarekin maitemindu zenekoa.

Azken urteotan, Sabinok batez ere giza eskubideen aldeko Argituz elkartean lan egin du, memoria eta biktimen aitortzaren inguruan, betiere ez biolentzia aktiboa sustatuz. Baina, esan bezala, inoiz ez da ekologismotik gehiegi urrundu. Horra 2018ko Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa filma, Bertha Gaztelumendik zuzenduta. Sabinok gidoia eta beste hanbat lan egin zituen. Gainerakoan, hil arte jarraitu du Gladysen urteroko omenaldietan parte hartzen, era guztietako mobilizazioetara joaten (antitaurinoetatik Urdaibai edo Aroztegiko inputatuen aldekoetara), Costa Vasca No Nuclearreko bere lagunekin ekitaldiak partekatzen, Bardeako Martxa egiten eta abar.

Lagun bati buruz hitz egitea datozen lerroetan hitz egin behar dugun bezala, ez da batere erosoa, baina beharbada beharrezkoa da, edo, behintzat, komenigarria…

Sabino uste sendoetako pertsona zen, jakina, baina, halaber, oso-oso irekia. Ez zuen batere arazorik bestearen larruan jartzeko eta haren arrazoiak ulertzen saiatzeko. Ahalegin horretan izugarri eskuzabala zen, gehiegi eta guzti. Horregatik tarteka San Sabino esaten genion, txantxetan, baina batzuetan amorruz-edo kargu ere hartzen genion: “Sabino, ezin da hain ona izan, demontre!”.

Sektakeria eta siglen arteko gerra-garaietan, zera esan ohi zuen: “Zerbait egin behar bada, garrantzitsuena egitea da, ez nork egiten duen”.

Kristo guztia ezagutzen zuen eta leku guztietan. Eta zubigintza zuen eginkizun. “Ditxosozko Maltzagara iristeko, behintzat”. Baina gaiztakeriatan dabilen ume baten irribarrearekin, berehala gehituko zuen: “Eta behin Maltzagara iritsita, egingo dugu modua pixka bat harago ere elkarrekin joateko, ezta?”.

Sarri proposamen anbiziotsuak egiten zituen, gure ekintza-errepertorio arruntetik ateratzen zirenak. Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo mugitzen zen ororen berri zuen, eta ezagutza zabal horri zor zaio, seguruena, ezohiko proposamen-gaitasun hura.

Ez zen hizlari aparta, baina konbentzimendu-gaitasun handia zuen, bere argudioak oso ulergarriak zirelako, normalean oso ondo landuta zeudelako eta batez ere bere koherentzia pertsonalaren bermea atzean zutelako. Izan ere, zerbait proposatzen bazuen, hura aurrera ateratzeko zeharo inplikatuko zen seinale. “Proposatzen duenak egiteko prest egin behar du”.  Sabinoren formazio teoriokoa handia izango zen, dudarik gabe, baina ez zen gehiegi sumatzen. Guk, behintzat, ez dugu gogoan berebiziko teorikoa izan zelako, herri-mugimenduen, mugimendu sozialen, gizarte zibilaren edo dena delakoaren sustatzaile porrokatua izan zelako baizik. Hain justu, “dena delako” hori kontsideratu zuen beti aldaketa-tresna, eta eremu horretan beti argi luzeekin zirkulatu zuen.

Azken paragrafoak irakurrita, ulertzen duzue zergatik lehen esan dugun lagun batez horrela hitz egitea ez dela batere erosoa?

Arestian esan bezala, Sabino ezinbesteetako bat izan da. Nola nabarituko dugun bere falta! Dagoeneko nabaritzen ari gara eta!

Sabinoren ezusteko heriotzak seko jota utzi gaitu. Oraindik ez gara erreakzionatzeko kapaz izan. Egoera horretan, kontsolamendu-zirrikitu bakarra izan dugu: agur esan digu kalean kantari zegoela, lagunen artean, gustukoen zituen gauzetako bat egiten, alegia. Seguru guk geuk kantari ere agur eta beti arte esateko modua aurkituko dugula.

Etxekoei, gure kariño guztia.

EGUZKI, 2026ko abuztuaren 17an

atzera
gora