Asentxioko letaniak euritsu, urte bere ogitsu.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Otsailak 15 manifestazioa Iruñan: 'AHTak esklabo bihurtzen gaitu.Progresoaren K-AHT-EAK hautsi'

2025-02-13 20:18

AHTaren obretako langileen testigantzek aspalditik desagerrarazi behar ziren esklabotza-baldintzak gogorarazten dizkigute: lanaldi amaigabeak aparteko orduak kobratu gabe, drogen kontsumoa lanaldi horiei eutsi ahal izateko, laneko erabateko segurtasun-falta ezbehar handiko lanean (orain arte 12 heriotza AHTaren obretan EHn, gehienak migratzaileak), laneko osasungaiztasun handia tunelen barruan babes-neurri egokirik gabe Diesel makinekin lan eginez, enpresa-abusuak zigorgabetasun osoz, tratu txar arrazista eta homofoboak, ausarkeriazko lardaskeria arduragabea, ustelkeria-praktikak… Horrek guztiak AHTaren obrak XXI. mendeko esklabotzaren adierazle nagusietakotzat hartzera garamatza.  Zapalkuntza-baldintza horiek gabe, AHT bezalako makro azpiegiturak ez lirateke posible izango beren neurriz kanpoko kostuarengatik, edozein ekonomiarentzat onartezina dena.

 Baina AHTk, eraikitzen duten langileak ez ezik, gainerako langileak ere esklabo bihurtzen ditu. Langile horiek beren zergen bidez finantzatzera behartuta daude, ez bakarrik eraikuntza eta mantenu garestia, baita, askotan, ustiapen defizitarioa ere, etorkizuneko belaunaldiak hipotekatuz. Baliabide publikoak AHTan eta beste azpiegitura handi batzuetan xahutzen diren bitartean, esklabo bihurtutako klase herrikoiek murrizketa sozialen eta pribatizazioen politikak jasaten dituzte oinarrizko sektoreetan, hala nola zaintzan, hezkuntzan eta osasun publikoan, elikadura eta etxebizitza duinak eskuratzeko aukerarik gabe, eta horrek pobrezia eta gizarte-bazterkeria areagotzea dakar, biztanleriaren % 15 baino gehiagori eraginez. Gainera, elite esklabistentzat AHTa finantzatzen den bitartean, AHTa ohiko joan-etorrietan behar ez duten klase herrikoiek erabiltzen duten ohiko trena apurka-apurka desegiten da.

Elefante txuria azpiegitura alferrikakoak, suntsitzaileak eta inposatuak irudikatzen dituen nazioarteko ikurra da. Azpiegitura horiek, antzinako Thailandiako elefante txuriek bezala, mantentze-gastu gehiago eragiten dituzte sortu beharko lituzketen balizko onurak baino, eta, ondorioz, ustezko onuradunek porrot egiten dute. AHTa Euskal Herriko elefante txuririk handiena da, 12.000 milioi euro baino gehiagoko kostuarekin, diru publikoarekin finantzatuta. Xahuketa hori inposatzen diguten esklabistei bakarrik egiten die mesede: eraikuntza enpresa handiei, bankuei eta beren obrei datxekien ustelkeriaz baliatzen den klase politikoari.

Duela gutxira arte, AHTa aurrerapenaren eta modernitatearen adierazpenik gorena zen. Baina aurrerapenaren mitoa, AHTarena bezala, oso azkar pitzatzen ari da. Gaur egun, aurrerabidea deritzona honako hauen sinonimo da: ekosistemen suntsiketa, lurraldearen zatiketa eta okupazioa, biodibertsitatearen galera, milioika espezieren desagerketa, klima-aldaketa, lurraren, uraren eta airearen kutsadura, naturaren artifizializazioa, deforestazioa eta desertifikazio orokortua,… Une honetan, bizitzarako funtsezkoak diren bederatzi planeta-mugetatik sei gainditu dira, itzultzeko aukerarik gabe. Gaur egungo progreso berde eta digitalak krisi eko sozial globala areagotzen du, biztanleriaren geruza zabalen bizitza arriskuan jartzen du eta zibilizazioaren kolapsora garamatza. Aurrerapenaren kateak apurtzeko unea iritsi da, esklabo egin eta suntsitu egiten baikaitu. Lurra defendatzea eta kapitalismoa gainditzea da gizadiarentzat etorkizun duina eta bidezkoa ziurtatzeko berme bakarra.

Horregatik guztiagatik, otsailaren 15ean Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten du AHT Gelditu! -k. Manifestazioaren leloa honako hau da: AHTak esklabo bihurtzen gaitu. Progresoaren k-aht-eak hautsi!

 BIDEOA: https://youtu.be/eC6P5uz8QM4

ELEFANTE BLANCO: https://youtu.be/BSaIz8xZMKo

ELEFANTE TXURIA: https://youtu.be/IUiRYqWuT2c

AHTA DA ELEFANTE TXURIRIK HAUNDIENA

https://www.youtube.com/watch?v=lgWOIOTMfHs

EL TAV EL MAYOR ELEFANTE BLANCO

https://www.youtube.com/watch?v=JdX0N1wzLw0

atzera
gora