Ganderailu, sasoinaren berrigailu.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Orbeldiko presa eraistea Oriako arrain-populazioak suspertzeko funtsezkoa dela berretsi dute talde ekologistek

2025-10-16 15:46

Orbeldiko zentral hidroelektrikoa, zeharo hormazahartuta. Presak, berriz, zutik dirau, eta faunarentzako oztopo handia da.

Alabaina, presa mantentzea aurreikusten duen ur lasterren kanal-proiektua aurrera doa: BOEk ibaitik 12 m3/s ur ateratzeko eskaeraren berri eman du

Orbeldiko zentral hidroelektriko zaharreko presa eraistea Oriako izokin-, aingira- eta, oro har, arrain-populazioak suspertzeko funtsezkoa dela berretsi nahi dugu talde ekologistok eta naturalistok. Usurbilgo udalerrian dagoen presa hori ez da edozein presa, itsasotik errioan gora datozen arrainek aurkitzen duten lehen oztopo handia baizik. Hori Foru Aldundiak berak onartzen du, eta onartu bakarrik ez, Gipuzkoako [Ibaietako] Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidarian, Orbeldiko presa botatzea ere espresuki aurreikusi du.

Alabaina, presa mantentzea ezinbestekoa da Orbeldin egin nahi duten ur lasterren kanal-proiekturako. Eta proiektuak urratsak egiten jarraitzen du. Azkena izan da ibaitik 12 m3/s ur hartzeko eskaera. Horren berri eman zuen BOEk urriaren 9an. Guk aukera aprobetxatu dugu eskatzeko “eragile interesatu” gisa kontsideratu gaitzatela, espedientearekin zerikusia duen informazioa jaso ahal izateko.

Kanalak 195 metro luze izango luke. Ortofotoan seinalatuta dago instalazioek hartuko luketen tartea. Iturria: Plan Berezia.

Ur lasterren kanal-proiektuaren planoa. Iturria: Plan Berezia.

Idatzi hau izenpetzen dugun talde ekologista eta nazurzaleok nabarmendu nahi dugu alde handia dagoela herri-erakundeek esaten dutenaren eta egiten dutenaren artean.

Eusko Jaurlaritzak, asko kostata, baina azkenean angula-arrantza debekatu egin du, espeziea egoera kritikoan dagoela behingoz onartuta. Baina ur lasterren kanal-proiektuaren lehen sustatzailea da, presa mantentzeak aingirari egin diezaiokeen kalteari bizkar emanda.

Aldundiak, esan bezala, onartzen du Orbeldikoa ez dela edozein presa, eta botatzea espresuki aurreikusi du. Baina kanal-proiektuari “interes publikoa” aitortu dio.

Udalak ere, presa botata, Orbeldiko parajea ingurumen-aldetik leheneratzea aurreikusi zuen (Oria Ibaiaren Paisaiarako Ekintza Plana, 2016). Baina ur lasterren kanala eraikitzeko Plan Bereziaren alde bokatu du.

Guk garbi dugu biodibertsitatearen defentsa ez datorrela inolaz ere bat Orbeldiko presa mantentzearekin, eta horrela salatzen jarraitzeko asmoa dugu.

ANERREKA INGURUMEN ELKARTEA 

EGUZKI TALDE EKOLOGISTA

NATURKON, GIPUZKOAKO TALDE EKOLOGISTA ETA NATURALISTEN KOORDINATZAILEA

atzera
gora