Baratzezaintza terapia baino merkeagoa da, eta tomateak jasoko dituzu!

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Oikiako saneamendu-proiektu berria aurkeztu du Urak, hirugarrena 16 urteotan

2026-08-15 06:51

Oikiako saneamendu-eskema, proiektu berriaren arabera.

Oikiako saneamendu-proiektu berria aurkeztu du Urak. Agentziak berak aitortu duenez, Zumaiako auzo horren ur zikinek Urola “nabarmen” kutsatzen dute, eta proiektuaren helburua da gaur egun erriora doan kutsadura hori Basustako araztegira bideratzea.

Proiektu hau tiraderatik atera izana, hainbat urtez ahaztuta egon ondoren, albiste ona da. Gainera, urteak ez dira alferrik pasatu, eta, ondorioz, proiektua eguneratua dator. Alde horretatik, oraingoan, Oikiako eta Xeyko industriaguneko ur zikinak ez ezik Aizarnazabalgoak ere araztegira bideratzea du xede. Hori albiste ona da, esan bezala. Albiste txarra da, berriz, obra honek atzerapenak neurrigabe pilatzen jarraitzen duela. Izan ere, proiektu honek 2021ean idatzitako beste bat du oinarri, eta 2021eko horrek, halaber, 2010eko beste bat. Atera kontuak: instituzioek Gipuzkoan hainbat lan hidrauliko egiteko akordio bat sinatu zuten 2007an; akordio haren arabera, Oikiako saneamenduak 2011rako martxan egon behar zuen. Aurreikuspenak ez ziren bete, jakina. 2019an, akordio hura berritu egin zuten, eta, akordio zaharberrituaren arabera, Oikiako saneamenduak 2021rako martxan egon behar zuen. 2026an gaude, ordea, eta oraindik proiektuarekin bueltaka gabiltza.

Susmoa dugu Oikiako proiektuaren zorioneko “berpizkundeak” baduela zerikusia iazko udan Zumaiako errioko uraren-kalitatearen inguruan sortu zen polemikarekin. Labur-labur, gogora dezagun…

Zumaiako Udalak errioan bainatzea debekatu behar izan zuen, aurten debekatu behar izan duen bezala. Errioa ez dago berez bainu-leku gisa sailkatuta, baina debekuaren detonantea izan zen  Osasun Sailaren analisietan atzemandako jatorri fekaleko kutsadura. Debeku hark nolabaiteko polemika piztu zuen. Polemika hartan, Zumaiako alkateak kontrolik gabeko kutsadura-iturriak izan zituen hizpide, eta espresuki aipatu zuen Oikiako kasua. Horren haritik, Eguzkik ohartarazi zuen analisiek atzemandako kutsaduraren iturriak bat baino gehiago izan daitezkeela, baina erriotik gora hobekien identifikatuta dagoen ur beltzen iturburua Oikiakoa dela, eta obra horrek hamabost urteko atzerapena, behintzat, baduela. Eguzkik gogorazi zuen Urak 2021ean saneamendu-proiektu bat aurkeztu zuela, baina geroztik ez zegoela proiektu haren berririk. Gogorazi zuen, halaber, Aizarnazabalgo saneamendua ere Oikiakoari lotuta zegoela, bigarren fase batean-edo egiteko. Handik gutxira, Aizarnazabalgo Udalbatzak aho batez eskatu zion Urari herriko saneamendua “lehenbailehen egiteko, Oikiakoarekin batera”.

Urak aurkeztu duen proiektu berriaren lizitazio-aurrekontua 7,4 milioi eurokoa da; obrak egiteko epea, berriz, 20 hilabetekoa.

EGUZKI, 2026ko abuztua

atzera
gora