Astelehenero 8:00etan zure epostan
Saturrarango hondartza ondo-ondoan isurtzen dira Mijoako urak.
Mijoara egiten diren isurketa kutsatzaileak legeztatzeko izapideak egiten ari da Ura Agentzia, Saturrarango hondartza ondoan itsasoratzen den erreka honen saneamendu-sareak hamabost urte geroago egin gabe jarraitzen duela ikusita. Izan ere, Urak berak egin behar zuen sarea, baina ez du egin urte hauetan guztietan.
Une honetan, Ura Saturrarango gasolindegiko isurketak izapidetzen ari da, eta espedientea jendaurrean ipini du. Baina espediente horrek agerian utzi du gasolindegia ez ezik arro osoa ere egoera irregularrean dagoela.
Gasolindegiko enpresak barruko saneamendua hobetzeko obrak egin ondoren, isurketak erregularizatzeko eskatu du. Isurketa kutsakorrak dira (hidrokarburoekin nahastutako euri-urak, komunetako urak –hiri-hondakin urak– eta ibilgailuen garbitegietako urak –ur industrialak–). Horiek, logikaz (eta legez), araztegi batera eraman beharko lirateke. Baina Urak boletinean argitaratu duen iragarkian bertan irakur daitekeen bezala, “Isurtzea justifikatuta dago gaur egun eremu horretan saneamendurik ez dagoelako”.
Gaur egun eremu horretan ez dagoen saneamendua Mijoako saneamendua da, gutxienez 15 urteko atzerapena metatu duena.
Joan den otsailean, Urako Plangintza eta Obren zuzendari Jose Maria Sanz de Galdeanok aitortu zuen Mijoa “aspalditik gainditu gabeko irakasgaia” dela, eta adierazi zuen “une honetan [irakasgai hori gainditzeko] oso-oso gogor lanean ari direla”. Hori, otsailean (ikus bideoa 1. oharrean).
Saneamendu-sarerik ezean, isurketak etengabeak dira Mijoan. Hala ere, batzuk bereziki deigarriak dira. Horietako bat izan zen argazki honetan ikus daitekeena.
Gauzak horrela, Eguzkin aitortzen dugu ez dakigula oso ondo nola interpretatu Saturrarango gasolindegiko isurketak baimentzeari buruzko iragarkia. Zer esan nahi du? Nahiz eta “oso-oso gogor” lanean ari diren, Mijoako saneamendua epe laburrean gauzatzeko aukera hain da urruna, ezen isurketa horiek baimentzea baita horiek erregularizatzeko modu bakarra? Urak irizpide hori bera ezarriko al die isurketak errekara modu irregularrean egiten dituzten jarduera guztiei? Batzuei bai eta beste batzuei ez? (Adibidez, Saturrarango hondartzako kantina eta zerbitzuak itxita daude iaztik, Uraren aginduz.) Eta nola jokatuko du Urak baldin eta saneamendurik egon ez arren jarduera berriak planteatzen badira? Izan ere, Eguzkik aurkeztu dituen alegazioetako bat isurketak baimentzeko irizpideei buruzkoa da.
Dena dela, alegazio nagusia hauxe da: Mijoako saneamendua noizko? (2)
Eguzki, 2025eko iraila
(1) 2025eko otsailaren 4an, Uraren Zuzendaritzak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarreko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Batzordean, uholdeen aurkako prebentzioaz hitz egiteko. Agerraldia aprobetxatuz, PPko legebiltzarkide Alvaro Gotxi Garciak Mijoako saneamenduari buruz galdetu zuen, eta Uraren Plangintza eta Obren zuzendari Jose Maria Sanz de Galdeano Equizak erantzun zion. Galdera-erantzuna, honako bideo honetan:
https://youtube.com/watch?v=DKcVY-cY9Lo&feature=shared
Sanz de Galdeanok zenbait arazo tekniko aipatu zuen, eta ez dugu duda egiten arazo teknikoren bat egon daitekela. Baina edozein arazo tekniko gainditzeko urte asko dira hamabost urte. Obra hau hamabost urtetan egin ez bada, ez da arazo teknikoengatik izan.
(2) Hamabost urtez agindutakoa bete gabe; kronologia bat:
-2007an, herri-erakundeek sinatu zuten Gipuzkoan 2011 bitartean hainbat lan hidrauliko egiteko akordio bat, 2007-2011 esparru-akordioa. Lan haietako bat Mijoako saneamendua zen eta Eusko Jaurlaritzak inbertsioaren %75 bere gain hartzeko konpromisoa hartu zuen. Ez zuen bete; beraz, 2011a iritsi zen eta lana egin gabe geratu zen.
-2016an, Plan Hidrologikoak Mijoako saneamendua berriro programatu zuen, orduan 2016-2021 aldirako. Baina denbora pasatu zen eta proiektuak egin gabe jarraitzen zuen.
-2019ko otsailean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak eta arloko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok esparru-akordio berri bat iragarri zuten agerraldi publiko batean. Sailburuaren hitzetan, plan “anbiziotsua” zen, eta, 61 milioi euroko inbertsioaren bidez, Gipuzkoako saneamendu-sarea “osatzea” ahalbidetuko zuen. Akordioak bi alditan banatzen zituen aurreikusitako obrak: 2018-2021 eta 2021-2027. Mijoako saneamendua lehen aldian aurreikusita zegoen, eta Jaurlaritzak inbertsioa %100ean bere gain hartu zuen. Asensiok espresuki esan zuen akordioak “Mijoako [zein Pasaiako] gabezia historikoak” konponduko zituela. Egia esan, gabezia historiko gehiago ere badaude.
-Orduan agindutakoa ere ez zen bete. 2021ean, saneamenduak egiteke jarraitzen zuen. Hala ere, urte hartako otsailean, Urak proiektua idazteko lizitazioa iragarri zuen. Aurrekontua 50.000 eurokoa zen eta epea, berriz, lau hilabetekoa (betiere proiektua idazteko, ez obrak hasteko). Prentsan, honelako titularrak irakurri ahal izan genituen: “2021ean proiektuak idatzi eta 2022an gauzatuko ditugu Mijoan”. Proiektuak, pluralean, pendiente daudenak bi baitira: saneamendu-proiektua eta bidegorriaren proiektua, bidegorria ere sanamenduaren menpe dagoelako. Baina orduan ere aurreikuspenak/promesak ez ziren bete. Eta horrela iritsi gara 2025era.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545