Asteroko buletina
Martxoak hausko edo auri asko.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Martxa Lasartetik erraustegira, maiatzaren 14an

2022-05-04 16:16

Errausketaren Aurkako Mugimenduaren hainbat kidek prentsaurrekoa eskaini dute gaur, maiatzaren 14an Lasarte-Oriatik Zubietako erraustegira egingo duten martxa iragartzeko. Hona hemen xehetasunak…

Errausketaren Aurkako Mugimendutik –Donostia Bizirik, Eguzki, Greenpeace eta Ekologistak Martxan elkarteek babestuta– dei egiten diegu herritarrei maiatzaren 14an, goizeko 11:00etan Lasarteko Okendotik abiatu eta Zubietan eraikitako Erraustegiraino oinezko martxa batean mobilizatzera, agintariei esijitzeko geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon.

Aurtengo martxaren deialdian honako galdera jarri dugu: “Donostiako Erraustegiaz… zer ez digute esaten?”. Hemen gatoz hori azaltzera.

Donostiako Erraustegiaz… zer ez digute esaten?

Zubietako erraustegiaz, artean egitasmoa zenean adituek eta herri mugimenduak iragarri genuena, orain jada egunero gertatzen ari da. Tamalez, erraustegiak ez du konpondu hondakinen arazoa eta, aldiz, Zubietan eta inguruetan eguneroko ogia da hondakinen errekuntzak eragiten duen kutsadura. Eta agintariek esaten ez diguten arren, errausketaren kalteak munduan barna zabaltzen dihardute. Bai: ingurumena kutsatu, bizidunon osasuna kaltetu eta klima aldaketa larriagotzen duten isuriak airera botatzeaz gain, Nafarroara, Bizkaira eta Espainiako Gaztelara benetako hondakinen turismoa antolatu dute Zubietatik, eta hor barna barreiatzen ari dira hondakinen errekuntzak eragindako eskoriak eta beste errauts toxikoak.

Erraustegiaren kudeatzaileek eta Gipuzkoako eta EAEko agintariek hainbat gauza ilun ezkutatzen digute herritarroi:

  • Ez digute esaten… Zubietako labeetan erretzen duten hondakin tona bakoitzeko zenbat CO2 kopuru isurtzen duten airera. Eta CO2 asko da, jadanik zoratuta dabilen gure klima are gehiago kaltetzen duena.
  • Ez digute esaten… Zubietan erraustutako hondakin guztien %23a -labeetan sartutako guztiaren ia laurdena- zepa edo eskoria bezala ateratzen dutela… eta gero eskoria horiek, Arrigorriaga, Lemoa eta Añorgako porlan fabriketara eramaten dituztela, hor porlanari nahasi eta munduan barna zabaltzen jarraitzeko.
  • Ez digute esaten… tximinietako filtroetan biltzen diren errauts toxiko arriskutsuek, suposatzen dutela erretako guztiaren %3, eta gero, Gaztelara eramaten dituztela.
  • Agintariek esan digute, bai, TMBra 2021ean iritsitako 138.000 tona errefusetik berreskuratu omen dutela 6.380 tona… baina ez digute esaten beste 90.000 tona hondakin birziklagarri labeetara erretzera joan direla. Hauetatik, 60.000 tona organiko, zabor nahasietan Zubietaraino eramandakoak.
  • Ez digute esaten, ezkutatu egiten digute… Zubietako erraustegiko labeak, batez ere, hondakin birziklagarriak erretzeko daudela, hor erretzen den gehiena, %65a, birziklagarria bait da.
  • Hondakin organikoa… Gipuzkoako herri askotan oso ondo bereiztuta eta ia inpropiorik gabe biltzen dute. Eta agintariek ez digute esaten… ondo ari diren herri horietako primerako organiko garbia Zubietan biometanizatzeko nahastu egiten dutela borondatezko gaikako bilketa daukaten beste herrietakoekin, alegia, inpropio askorekin bildutakoarekin nahasten dutela. Ezkutatzen digute primerako konposta egiteko balio duen organiko asko, herritarrok ondo bereiztu eta udal askok txukun-txukun bildua, alferrik galdu egiten dutela.
  • Zubietako plantan biometanizatutakoan gelditzen den organiko hondarra, digestatoa deitua, ez dute konpostatzen: Nafarroako Artaxoako planta batera bidaltzen dute… baina honetaz ere ez digute ezer esaten agintariek.
  • Ez digute esaten… Gipuzkoan sortzen diren hiri hondakinen %87a birziklagarria izan arren, %55a bakarrik birziklatu zela. Honek erakusten bait du, inbertsioak, benetako gaikako bilketa sistema eraginkorrak ezartzeko baliatu behar direla, eta ez, birziklagarriak diren baliodun hondakinak erretzeko labetzarren planta eraikitzen.
  • Ez dute esan nahi… Gipuzkoako hiriburua, Donostia, %42ko gaikako bilketa eskasean ainguratuta dagoela 2019tik mugitu gabe, Europak 2020rako jarritako %50eko birziklatze tasa lortzetik oso urrun.
  • Esaten ez diguten bezala… Donostiak daukan gaikako bilketa sistema negargarri batengatik, urtean 20.000 tona hondakin organiko baino gehiago errefusaren edukiontzira nahasita botatzen jarraitzen duela.
  • Hau ere ezkutuan pasatzea nahiko lukete gure agintariek: Europako Hondakinen 2018ko Zuzentarauak jasota daukan arren, 2010eko emaitza erreferentzia bezala hartuta, 2020rako %10 murriztu behar zela hondakinen sorkuntza… Gipuzkoa oso urrun dagoela helburu hori lortzetik.
  • Eta Zubietako erraustegia eta beste azpiegiturak martxan dauden arren, 2021ean, Gipuzkoan, errefusa kopurua igo egin da, Sasieta mankomunitatean salbu.

Gipuzkoako hondakinak kudeatzen dituztenek eta agintariek diru asko xahutzen dute Zubietan eraikitako azpiegitura erraldoiak zuritzeko -eta berdetzeko- komunikazio, publizitate eta propagandatan. Hitzetik hortzera darabilte ‘Ekonomia Zirkularra’, ahoa betean aipatzen dituzte klimaren zoratzeari eta energia krisiari aurre egin beharra. Baina herritarrei ezkutatu nahi diete errealitatean sustatzen duten hondakinak kudeatzeko eredua xahutzailea dela, energia eta diru publikoa alferrik galtzen dituela eta herritarren osasuna kaltetzen duela. Agintariok… ‘Ekonomia Zirkularra’ diozue? Zuen ereduan benetan zirkularra dena da… diru publikoak poltsiko pribatuetara eramateko ibilbidea.

Donostiako Udaletxean gaur eskainitako prentsaurrekoa.

Donostiako Udaletxean gaur eskainitako prentsaurrekoa.

La entrada Martxa Lasartetik erraustegira, maiatzaren 14an aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora