Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Manteoko Basque Culinary Center astelehenean inauguratuko dela eta, mobilizatzera deitu dute hainbat gizarte-taldek eta auzo-elkartek

2025-10-15 18:20

Donostiako hainbat gizarte-taldek eta auzo-elkartek Manteoko Basque Culinary Centerren (BCC-GOe) inaugurazioa dela eta protesta egiteko elkarretaratzea deitu dute, urriak 20 astelehenean, arratsaldeko 6etan, hain zuzen ere operazio urbanistiko horrek ekarri duen espoliazioa eta Donostian sustatzen ari den hiri-eredua errefusatzen dugula ozenki adierazteko.

SALATZEN DUGU:

– Culinary Centerren interes pribatuen alde Manteoko udal lursaila lagatzeak eta parkea ezabatzeak eragin duen lurzoru-ondare publikoaren espoliazioa. Udalak Culinary Centerren erabilera pribaturako 75 urtetarako oparituriko lursailaren balioa (68 milioi) eta eraikitako 9.500 m2-ko (sabaia) bolumenaren balioa (12.000 euro/m2-ko) kontuan hartuta, finantzaketa publikoaren bidez (24 milioi) ordaindu den eraikinaren kosteaz gain, osotara 150 milioi euro ingurukoa izan da ondare eta baliabide publikoen kontura egindako espoliazioa. Espoliazio horren ondorioz, gainera, Gros auzoaren inguruan gelditzen zen azalera handiko eremu berde bakarra (13.000 m2 lursail eta zuhaizti) galdu da; aipagarria da gune hori ekipamendu publikoak eta gazteentzako nahiz adinekoentzako zuzkidura-apartamentuak hartzera bideratuta zegoela, duela 15 urtez geroztik indarrean dagoen Donostiako Plan Orokorrean (HAPO) jasota dagoen bezala, nahiz eta iharduketa horiek garatzeko finantzazioa ukatzen jarraitzen duten. Argi dago Basque Culinary Center fundazioa, espoliazio horren onuraduna, zenbait sukaldari aberats ezagunek eta enpresa-babeslek osatutako lobby handi bat bihurtu dela, beren negozio gastronomiko pribatu eta “esklusiboetarako” prebendak eta finantzaketa publikoa lortzeko.

– Udal gobernuak auzokideen mobilizazio ugarien aurrean erakutsi duen mespretxua eta herritarren parte-hartze zantzu oro ezabatu duela, Manteoko espazio publikoaren etorkizuna Gros eta Ulia auzoek dituzten beharren azterketa batean oinarrituta erabaki ahal izatea eragotzita. Manteoko Culinary Centerra modu erabat inposatzailean eta bizilagunekin eztabaidatzeari uko eginez ezarri dute, herritarrek aurkeztutako 10.000 sinadura baino gehiagoren aurrean, helegite judizialen eta antolatutako herri-galdeteken emaitzen aurrean entzungorrarena eginez. Harrigarria izan da gero zein azkar egin duten obra, eta aipagarria da inolako gardentasunik gabe ihardun dutela lurzoruan kutsatutako hondakinak egon daitezkeela salatu denean eta eraikuntza-lanek eragin dituzten ingurumen kalteen inguruan (inguruko zuhaitz guztiak suntsitu dira, zarata kutsadura eragin, oinezkoentzako irisgarritasuna galerazi, eta abar). Non geratzen dira marketin-kanpainetako demokrazia parte-hartzailea eta iraunkortasuna?

Finean, herritarren beharrei erantzuten ez dieten hirigintza-proiektuak eta operazioak inposatzen ari direla salatzen dugu. Bere izaera elitista dela eta, Basque Culinary-ren GOe zentroak Gros-Ulia auzo osoan etxebizitzaren prezioa nabarmen igotzea ekarriko du, eta, aldi berean, Donostia “munduko hiriburu gastronomiko handi” bat bihurtzeko asmoak gure hirian nozitzen ditugun turistifikazioa, hiri-espekulazioa, bizitzaren garestitzea eta gentrifikazio-arazoak areagotuko ditu. Era berean, BCC-GOren finantziazio publikoa lehentasunez osasun arlora, hezkuntzara, etxebizitzara, pentsioetara, edota elikadura-subiranotasuna indartzera zuzendu beharko liratekeen baliabideak xurgatuz egin da.

Bestalde, Palestinako herriaren genozidio betean Basque Culinary Centerrek Israelgo hainbat enpresekin milioika euroko harreman zitala mantentzen duela salatzen dugu, Cardumen Capital inbertsio-funtsarekin duen hitzarmenak eta Kinoko, The Kitchen Foodtech Hub eta Anina Culinary Art enpresekin duen lankidetzak erakusten duten bezala.

Hori denagatik, urriaren 20an Manteoko Culinary Centerren aurrean honako lemapean egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dizuegu:

EZ DUGU NAHI ETA EZ DUGU BEHAR!
BASQUE SPECULINARY CENTER:
ESPOLIAZIOA!

atzera
gora