Astelehenero 8:00etan zure epostan
Maiatzak 9an, Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria den Miren Arzalluz Loroño andrearekin bilera izan du. Eskertuta gaude, Plataformak eskatutako bilerari baietza eman izanaz.
Lehenengo eta behin, gogoratu nahi dugu 2024ko iraila eta urria bitartean, bilerak izan genituela Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko ahaldun nagusiarekin, Ibone Bengoetxea Otaolea lehendakariorde eta Kultur sailburuarekin eta Eneko Andueza Lorenzo Euskadiko Sozialisten idazkari nagusiarekin. Bilera horietan, esanguratsuak izan ziren Guggenheim Urdaibai Proiektuaren inguruan hirurengandik jaso genituen erantzunak: ez dela proiektua, ideia baizik, edota proiektua ez zutela ezagutzen esan ziguten. Baina hirurek egin zuten bat Guggenheim Fundazioarentzako proiektu estrategikoa dela esatean. Oso adierazgarriak eta argigarriak izan ziren ere Pradales Lehendakariak 2025eko martxoaren 13an New Yorken emandako prentsaurrekoan esandakoak: “El proyecto GU va a afectar y condicionar el futuro del Museo Guggenheim Bilbao” eta Etxanobe andreak, martxoaren 20an, Euskadi Irratiko Faktoria saioan esandakoak: “Guggenheim Bilbao Museoa autonomoa da GU proiektuaren inguruan erabakitzeko”. Horrez gain, kontuan izatekoa da erakundeek oraindik publiko egin ez duten proiektua, Guggenheim Bilbao museoaren web gunean zintzilikatuta egotea. Adierazpen eta gertaera hauek guztiek eraman gaituzte Miren Arzalluzekin biltzera.
Gure helburuak zehatzak izan dira. Alde batetik, plataformaren aurkezpen laburra egin ostean, gure helburua argi adieraztea: Guggenheim Urdaibai proiektua behin betiko alboratzea. Bestetik, Arzalluz andreak proiektu horren inguruan duen informazioa eta iritzia ezagutzea, Museoko zuzendaria eta Euskal Herriko Kultur munduaren parte den aldetik.
Bileraren erdigunean jarri dugu Urdaibai; gure ustez, kalkulatu ezineko balioa duen museo bizia. Urdaibairen balio ekologikoak nazioarteko aitortza du, eta horrexegatik ditu hainbat babes figura. Hori dela eta, ulergaitza da Guggenheim bezalako Fundazio batek erakargarri ikustea GU bezalako proiektua. Non eta Biosfera Erreserbaren muinean! Gunerik zaurgarrienean eta babes handiena eskatzen duen eremuan. Bertako habitatak eta espezieak babestea premiazkoa duen eremuan. Duda barik, Biosfera Erreserbaren xedearen kontra aritzea da proiektu hori babestea.
Gainera, egitasmo hori hasiera hasieratik izan da inposizioa, herritarrei lepoa emanda, Busturialdeak dituen benetako beharren gainetik ezarri nahi izatea. Herritarren iritzia eta parte hartzea alboratu eta Fundazio baten interes pribatuei erantzunez. Eskualdeko normatibak mespretxatuz eta hauetara egokitu beharrean, proiektua bideragarria izateko hauek egokitzera behartuz. Jokabide antidemokratiko hauen aurrean Guggenheim Fundazioak erakutsi duen isiltasunak, ekintza horiek guztiak onartu eta babestu egiten dituela pentsatzera garamatza, eta, beraz, Fundazioa ere erakundeen konplize zuzena litzateke herritarrei eskubideak ukatze horretan. Arazo bat izatetik gatazka bat izatera salto egin dugu, eta testuinguru honetan, Guggenheim markak jasoko lukeen kaltearen aurrean, hausnarketa bat egitera gonbidatu dugu Arzalluz andrea: Proiektu horrek benetan merezi du marka sakrifikatzea?
Bestalde, ekintza horiek guztiak ez datoz bat 2024ko urtarrilean Urkullu lehendakari ohiak publiko egindako urte biko hausnarketa garaiaz. Prozesu honen inguruan galdetuta, jakin izan dugu Museoaren Patronatoa hausnarketa horretan ari dela, eta Miren bera ere hausnarketa propioan murgilduta dagoela. Horrela bada, proiektua oraindik ez dagoela onartuta adierazi digu, eta laster, gogoeta horren berri ere eman beharko dutela. Zuzendari berriak hausnarketarako erakutsi duen intentzio eta ardura positiboki baloratu nahi dugu.
Horrez gain, Busturialdea Bilborekin konparatzea akats handia da, bai eta proiektu horrek ibilbide bera izan dezakeela ziurtatzea ere. Oso errealitate eta testuinguru ezberdinak dira biak. Bilbon lehen lerroan zeuden kezkak honako hauek ziren: proiektua burutzeko inbertitu beharreko dirutza publikoa eta bultzatuko zen kultura arrotz eta elitista. Baina, aldi berean, aukera moduan ikusten zen kokapena: eremu degradatu bat berreskuratzeko aukera. Guggenheim Urdaibairen kasuan, kezka handia sortzen du diru publikoaren erabilera desegokiak, bai eta bertoko kulturari eragingo dion kalteak ere. Baina horren guztiaren gainetik dago aukeratutako eremua Urdaibai izateak sortzen duen kezka. Ubikazio okerra turismo masiboan oinarritutako proiektu baterako eta asumitu ezinak horrek eragingo lizkiokeen kalteak erreserbari! Eremuak eskatzen duen kontserbazioa bateraezina da proiektu horrekin, duda barik, eta hori inolaz ere ezin da ezkutatu natura-artea binomioan edota proiektu jasangarri eta ekologikoena izango dela esatean. Halakoetan, nahiak eta errealitateak ez baitira bat etortzen, eta Gaztelugatxera begiratu besterik ez dago hori ikusteko.
Proiektu kulturala ere izan da hizpide. Hain zuzen, museoarentzat proiektua aurrera ateratzea garrantzitsua bada, beste kokaleku eta akzio mota batzuk ere baloratu daitezkeela helarazi zaio. Esaterako, egoera ekonomiko mundiala hain gorabeheratsua den honetan, ez da zentzuzkoagoa azpiegitura berri bat osatu beharrean, kolaborazioetan eta sareak indartzean zentratzea indarrak? Guggenheimen proposamen hau jada esistitzen diren beste erakunde batzuekin lankidetzak ezartzera bidera zitekeen, horrela baliabideak partekatu eta Euskal Herriko kultur sarea indartu ahal izateko. Miren Arzalluzek arretaz entzun ditu zentzu horretan luzatu dizkiogun proposamenak. Hala ere, argi utzi du proiektu horren atzean, Guggenheim museoaz gain, erakundeak ere badaudela eta azken erabakia guztiena izango dela.
Plataformak positibotzat jotzen du gaurko bilera eta sinistu nahi du mahai gainean jarritako arrazoi guztiak kontuan izanda, aipatutako hausnarketa zintzoa izango dela. Hori benetan horrela izanez gero, plataformak ez du dudarik proiektu hori Busturialdean egiteko asmoa bertan behera geldituko dela.
Bilera honek ere ez du proiektu horren inguruan dugun ideia aldatu, ezta gutxiago ere. Gaur konbentzituago gaude, proiektu hori inongo diagnostiko barik proposatutako okurrentzia bat besterik ez dela, eta lege eta araudiak tolestu eta moldatuz, urratsez urrats bideragarri egiten saiatzen diren bitartean, borrokan jarraitu beharra dagola, Urdaibai errespetatu eta errespetaraziz.
Busturialdean, 2025ko maiatzaren 9an.
Guggenheim Urdaibai Stop!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545