Sapar zailari aihotz zorrotza.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Linaputzuetako (Molinao) erreka lehengora dezala eskatu dio Eguzkik Pasaiako Udalari

2025-12-10 10:01

EGUZKI talde ekologista eta antinuklearrak aipatu erreka horren erribera leheneratzeko eskaera aurkeztu zuen Pasaiako Udalean 2025eko abenduaren 9an. Eskaera solairu bakarreko eraikin zahar bat eraistean datza. Eraikin hori ustez biltegi gisa erabiltzen da, eta errekaren ertzean dago.

Agian eraikina altxatu zenean ez zegoen indarrean gaur egun ibaiak eta erreken ertzak babesteko indarrean dagoen legedia. Aipatu legearen ondorioz, eremu batzuetan erriberak lehengoratzen dira; zentzu horretan, Pasaian bertan, Luzuriaga enpresa zegoen lurretan aldaketa sakona egin da, eta horri esker, tarte horretan errekaren ertza berreskuratu da aipatu dugun eraikinera arte.

Gainera, 2024an Europako Batzordeak Natura Leheneratzeko (UE) 2024/1991 Araudia onartu zuela gogoratu behar dugu, non mota guztietako ekosistemak ingurumenaren aldetik birgaitzeko agintzen baita, ibaiak eta padurak barne.

Gure eskaera ahalik eta azkarren betetzea eskatu diogu Udalari, alde batetik, uste dugulako eraikin horretan ematen den erabilera (ematen bada) beste eraikin batera eramateko arazorik ez dagoela, eta bestetik, Legediarekin bat etorriz, eremu sentikor horiek ingurumenaren aldetik berreskuratzeko beharra dagoela, Molinao errekan azken urteotan gauzatu diren natura lehengoratzeko lanekin jarraituz. Eraikina erainsteaz gain, Molinao errekan eta bere ertzetan natura lehengoratzeko proiektu bat idaztea eta onartzea eskatu dugu.

atzera
gora