Eztago ilargia beti bere betean

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Lemoizko zentralaren ingurua leheneratzeko plana erreklamatu du Eguzkik, Itsasertza Babesteko Planean aurreikusita dagoen bezala

2026-03-18 17:51

Eusko Jaurlaritzak Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Plan Sektorial berria behin-behinean onartu eta alegazio-epea ireki du. Eguzkik egindako alegazioetako bat Basordako kalari dagokio, Lemoizko zentralari, alegia. Izan ere, Plan zaharrak, oraindik indarrean dagoeneak, eremu hura leheneratzeko plan bat aurreikusten du. Plan berriak, berriz, ez du hori aipatu ere egiten (1).

Kontuan izan behar da Plan berria 2007an onartutako zaharra “eguneratzera” datorrela. Klima-aldaketaren ondorioz, datozen urteetan itsasoak gora egingo du, eta, hain justu, Plan berriaren helburua batez ere erronka horri aurre egitea da. Baina Plan zaharrak Lemoizko zentralaren eremurako aurreikusten duen leheneratze-plana berez tresna egokia bazen, are egokiagoa dirudi klima-aldaketaren ondorioei aurre egin behar zaien testuinguru honetan. Plan berriak, berriz, arestian esan bezala, ez du leheneratze-plana aipatu ere egiten, eta hori deigarria iruditu zaigu.

Gure alegazioan, leheneratze-plana erreklamatzeaz gain, erreklamatzen dugu plan hori bat etor dadila Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak 2025eko ekainean iragarri zuen “partaidetza-prozesu zabal, plural eta inklusiboaren” ondorioekin, betiere ingurumena, kultura-ondarea eta memoria historikoa zaintzea helburu.

AKUIKULTURA PROIEKTUA “DESBLOKEATUA”

Industria sailburu Mikel Jauregik egunotan adierazi duenez, Lemoizen akuikultura-proiektu bat ezartzeko bidea “desblokeatuta” geratu da. Proiektu hori buruan izan du Jaurlaritzak zentralaren hondarrak eta inguruko lursailak bereganatu zituenetik, alegia, 2019tik, eta are lehenagotik ere, 2017tik, behintzat. Proiektu hori, ordea, ez da iragarritako epean gauzatu –Arantxa Tapiak 2021ean abiatuko zela esan zuen–, eta 2023an stand by egoeran geratu zen, enpresa pribaturik ez zelako inbertitzeko prest agertu. Baina egunotan garbi geratu da Jaurlaritzak haren aldeko apustuari eusten diola. Izan ere, datozen urteetan 29 milioi euro inbertitzeko asmoa omen du zentralaren instalazioetan. Lehenengo pausoa itsas aldeko dikea sendotzea da.

Guri, berriz, iruditzen zaigu Lemoizko zentralari buruzko “partaidetza-prozesu zabal, plural eta inkusibo bat bultzatzea”, Mankomunitateak eskatu bezala, arrazoizkoa dela berez, baina are arrazoizkoagoa dela une honetan. Jaurlaritzak malgutasun pixka bat balu, aukera aprobetxatu beharko luke bere burua asuntu honetan birkokatzeko, eta Mankomunitatearen enbidoari espantu handirik gabe “euki” erantzun. Baina Jaurlaritzak akuikultura-proiektuaren alde egiten jarraitzen badu ere, noizbait eremu hura antolatzeko/leheneratzeko plan bat beharko da. Izan ere, akuikultura-enpresek espazio haren zati txiki bat baino ez lukete hartuko. Gauzak horrela, egokia iruditzen zaigu Itsasertza Babesteko Plan berrian hori aurreikustea, Plan zaharrean aurreikusita dagoen modu berean, behintzat.

HISTORIAREKIN BAT DATORREN ETORKIZUNA

Eguzkik jarraitzen du zentralarentzat eskatzen historiarekin bat datorren erabilera. Horrek, zehatz-mehatz, zer esan nahi du? Ba, esan nahi du Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian leheneratu beharko litzatekeela eta bertan parke publiko bat egokitu, beharbada memoria-leku gisa. Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izan beharko litzateke. Laburbilduz, historiarekin bat datorren erabilera eskatzen dugunean, honako hauek eskatzen ditugu: leheneratzea, erabilera publikoa eta adostasuna.

EGUZKI, 2026ko martxoa

(1) Oraindik indarrean dagoen Plan zaharrean, III. Liburukia – Justifikazio Memoria-n, 4.5.6 Leheneratu beharreko hondartzak eta senaiak atalean, zera irakur daiteke:

“Gaur egun itxita dauden industria-instalazioek edo ekipamenduek okupatu edo aldatu izanagatik, orain erabilera zehatzik ez duten hondartzak eta senaiak azpimarratu behar dira, kontuan izanda ingurumenaren ikuspegitik duten ahalmenak, administrazio eskudunaren esku-hartze aktiboaren bidez leheneratzea justifikatzen duela”.

Hondartza eta senai horietako bat Basorda da. Espresuki aipatzen da.

  1. Liburukia – Azterlan ekonomikoa eta finantzarioa eta jardun-programa-n, berriz, 3.4. Jarduna: Hondartza eta kostaldeko zona narriatuak leheneratzea atalean, zertxobit gehiago zehazten da:

“Zona hauek leheneratzeko plan bat formulatuz leheneratu beharreko eremutzat joko dira”.

Zehatz-mehatz, 3.4.5 Esku hartzea eskaintzen dio Plan zaharrak Basordari, honako hau aipatuz:

“Senaia honetan bi aukera planteatzen dira:

  • Instalazioak eraitsi eta senaiaren jatorrizko egoera berreskuratzea.
  • Itsasertza babestearekin bateragarriak diren jarduerak ezartzea, kokalekua lehengoratzen laguntzen dutenei lehentasuna emanez. Aukera bietan Plan Berezi bat egingo da eremua antolatzeko”.

Basordako “Esku hartze” hori “Hirugarren mailako lehentasuna” dutenen artean sailkatzen du, hau da:

“Multzo honetako jardunak 8 urtetik 16 urteko epean hasi beharrekoak dira eta, gehienetan, ingurumen oso narriatuko zonak berreskuratzera, ingurumen-baliabideak erabili eta gozatzera eta ikerkuntza-azterlanak egitera bideratuta daude (2015tik 2022 urtera).”

Aurreikusitako epea bukatu da eta Basorda leheneratzeko planik ez da egin, bistan dago; baina hori bezain bistan dago lehen bezain beharrezkoa, behintzat, badela. Gainera, egungo baldintzak askoz hobeak dira 2007an baino, besteak beste, zentralaren eremua 2019tik Jaurlaritzaren eskuetan dagoelako. Borondatea behar da, ordea.

atzera
gora