Aldatz gorrie, aldatz berrie

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Lemoizko itsaslabarrak lehenbailehen babestu behar direla berretsi du Etzandarri Mendi Taldeak

2026-03-21 17:28

Lemoizko itsaslabarrak eta, oro har, zentral nuklearraren inguruko lursailak babesteko proposamena landu eta 2020 ezagutarazi zuen Etzandarri Mendi Taldeak (1). Geroztik, hura defendatu du aukera izan duen guztietan. Orain dela gutxi, Industria sailburu Mikel Jauregik berretsi du Eusko Jaurlaritzak jarraitzen duela inguru hartan akuikultura-proiektu bat ezartzeko alde bakarreko apustuari eusten. Hori dela eta, Etzandarrik ohar labur bezain mamitsua plazaratu du. Hona hemen…

LEMOIZKO ITSASLABARRAK NATURGUNE BABESTUA ORAIN!

Azken asteetan Lemoizko zentral nuklearrari buruz agertutako berriak ikusita, ETZANDARRI MENDI TALDEAK bere iritzia eman nahi du.

Inola ere ez da kontuan hartzen Lemoizko zentraleko lursailek okupatutako naturgunearen balio ekologikoa, geologikoa eta paisajistikoa, eta arazoa “zentral nuklearrera” mugatzen da, kokatuta dagoen naturgunea aipatu gabe. 184 hektareako lursailaz ari gara, non, zentral nuklearraren hondakinaz gain, besteak beste, zera aurkitzen dugun: itsas-labar ikusgarriak, aparteko flysch beltz osatutako marea-zabalgune zoragarri bat, ezohiko sistema hidrologiko bat, hainbat ibai, urtegi bat, presa bat eta lurpeko ubide batez osatutakoa, abandonatutako bi baserri, dagokien landazabal atlantikoaz inguratuta, bertoko harizti eta artadi kantauriarreko zuhaztiak, hostozabalen landaketak eta balio ekologiko eta paisajistiko handiko dozenaka kektarea, beren biodibertsitate aberatsa mehatxatzen duten espezie inbaditzaileek degradatuak eta alanbre-hesiz, hondakinez eta legez kanpoko zabortegiak beterik.

Zentraletik gertu dauden bi paraje. Argazkiak: ETZANDARRI

Beraz, beharrezkoa da, planteamenduan, “zentral nuklearra” aldatzea eta horren ordez “zentral nuklearrak okupatutako naturgunea” jartzea, eta beste ezer baino lehenago zentralak okupatzen duen naturgunearen balio ekologikoa, geologikoa eta paisajistikoa aitortzea, eta hortik abiatzea.

8 hektareako arrain-haztegi batek ez du konpontzen Lemoizko labarretan zentral nuklear baten eraikuntzak eta osteko utzikeriak sortutako ingurumen arazoa. Ez da nahikoa.

Beraz, naturgunea bere osotasunean eta arazoa bere dimentsio osoan kontuan hartuko duen plan integral bat eskatzen dugu.

(1) Lemoizko itsaslabarrak eta zentralaren inguruko lursailak babesteko proposamena berretsi du Etzandarri Mendi Taldeak | Eguzki Talde Ekologista

atzera
gora