Astelehenero 8:00etan zure epostan
Iturria: Eusko Jaurlaritza
Eusko Jaurlaritzak iragarri berri du mihi-arrainak hazteko planta bat ezartzeko asmoa duela Lemoizko zentral nuklear zaharrean. Planta 2027an eraikitzen hasi eta 2029an martxan egon liteke. Ez da zentral-zaharrean iragartzen den lehen akuikultura-proiektua. Izan ere, 2017an, orduko Industria sailburu Arantxa Tapiak iragarri zuen 2023an antzeko proiektu bat martxan egongo zela.
Proiektu berria dela eta, Eguzkikook geure iritzia eman nahi dugu.
A) 170 milioiko inbertsio publiko-pribatua iragarri dute, baina ez digute zehaztu zenbat da publikoa eta zenbat pribatua. Garbi dagoena zera da, “kutsatzen duenak ordaindu egiten du” printzipioa ez dela bete. Iberdrolak –lehen Iberduero– ez du euro bakar bat ere ipiniko hormigoiz eta altzairuz suntsitu zuen eremu zabal hori leheneratzeko. Oraingoan ere herritarrok gure zergen bidez ordaindu beharko ditugu egin beharrekoak. Jaurlaritzak konpainia elektriko lagunari egingo dion zerbitzu berri bat izango da. Herritarrok, berriz, bi aldiz ordainduko dugu:
– Lehenengoa, argindarraren ordainagirien bidez Iberduerori urte luzez ordaintzen aritu ginen moratoria nuklearragatik, inork nahi ez zuen eta frankismo bete-betean zegoela inposatu zitzaigun zentral nuklearraren proiektua geldiarazteagatik.
– Bigarrena, Iberduerok suntsitu zuen hura egokitzeko, enpresa pribatu berri bati negozio-bidea errazteko.
Momentuz, 2,5 milioi euro ordainduko ditugu dikea konpontzeko.
B) Zentral nuklearraren obrak 1972an hasi ziren, egintza burutuen bidez, Lemoizko Udalari eta inguruko udalei galdetu gabe. Oraingoan ere, eta aldeak alde, Jaurlaritzak enpresa batekiko akordio baten berri eman digu, baina Mungialdeko eta Uribe Kostako udalen iritzia, behintzat, kontuan izan gabe. Udal horiek parte hartzeko eta entzuteko prozesu bat eskatu dute hain sinbolismo handia duen eremu horren etorkizuna erabakitzeko. Baina lehendakariak eta bere alderdiak dagoeneko erabaki dute zein izango den etorkizun hori, eta nor izango den horren ustiapenaren onuraduna. Basordako etorkizuna, hau da, denok ordaindutako eremu baten etorkizuna, berriz ere erabakitzen da argirik eta takigraforik gabeko negoziazioetan. Pradalesen Gobernuak Lemoizerako duen irtenbide bakarra komertzialki ustiatzea da. A ze pradoxa: zentral nuklearra lankidetza publiko eta pribatuaren arteko emaitza izan zen, Estatu frankista eta Iberdueron artekoa, alegia. Bada, oraingoan Basorda lankidetza publiko-pribatuak salbatuko du, Jaurlaritza eta Sea Eight-en artekoak. Eta oraingoan ere herritarren iritzia kontuan izan gabe.
D) Nolanahi ere, saldu nahi diguten arrain-haztegiak zentral zaharraren erreaktoreen inguruko eremua baino ez luke okupatuko, 4,6 hektarea, esan dutenearen arabera; gehienez ere 10. Eta gainerakoa? Izan ere, zentrala bera eta zentralaren inguruko eremuak 160-180 hektarea hartzen ditu. Eremu zabal horretarako orain arte ez da leheneratzeko inolako planik egon, eta horretaz txintik ere ez du esan Pradalesek. Tokiko hainbat eragilek –Etzandarri Mendi Taldeak, besteak beste– urteak daramatzate eremu hori leheneratzeko eta jendeari irekitzeko eskatzen. Baina Jaurlaritzari eta lehendakariari orain arte, behintzat, ez die axola izan, eta hemendik aurrera ikusteko dago. Izan ere, 4,6 hektarea horietarako proiektu komertial bat baino ez dute aurkeztu.
Laburbilduz, Eguzkiren iritziz,
– Jaurlaritzaren proiektuak ez du bere egiten “kutsatzen duenak ordaindu egiten du” printzipioa, Iberdrola bere erantzukizunetatik libre uzten baitu.
– Alde bakarreko akordioa da, herritarren iritzia kontuan hartzen ez duena.
– Ez du zentralaren inguruko eremu osoa hartzen, zati txiki bat baizik, eta eremua leheneratzeko asmorik ez da inondik inora ageri.
EGUZKI, 2026ko apirila
P.S. Ez zaigu kasualitatea iruditzen akuikultura-proiektu berria Txernobylgo hondamendiaren 40. urteurrenaren bueltan aurkeztu izana. Ez dezagun ahaztu gaur egun Lemoizen ez garela zentral nuklear aktibo baten eraitsi beharraz ari, zentral hura herri-mobilizazioari esker bertan behera geratu zelako.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545