Escala 1:1 izenburuko erakusketa ikusgai dago egunotan Bilboko Alondegian (**). Bertan, Ixone Sadabak, argazki erraldoien bidez –hain justu, 1:1 eskalakoak–, Lemoizko zentral nuklearraren memoria historikoaz eta haren hondarren kudeaketa zailaz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Eta gaizki egingo genuke baldin eta eskaintzen digun aukera aprobetxatuko ez bagenu Eusko Jaurlaritzak herritarroi gai honen inguruan ukatzen digun eztabaida sozialaren beharra aldarrikatzeko.
Izan ere, Jaurlaritzak zentralaren hondarrak eta inguruko lursailak bereganatu zituenetik, alegia, 2019tik, eta are lehenagotik ere, 2017tik, behintzat, karta bakarraren aldeko apustua egin du, eta karta hori akuikultura-proiektu bat da. Proiektu hori, ordea, ez da iragarritako epean gauzatu –Arantxa Tapiak 2021ean abiatuko zela esan zuen–, eta 2023an stand by egoeran geratu zen, enpresa pribaturik ez zelako inbertitzeko prest agertu.
Akuikultura-proiektuak behar besteko sendotasunik ez zuela hain modu nabarmenean geratu izanak nahitaez areagotu zuen zentrala Jaurlaritzaren eskuetara pasatzeko prozesuan hasieratik zabaldu zen susmoa. Alegia, ea EAJren eta PPren gobernuaren artean adostutako prozesu haren helburua ez ote zen, oroz gain, Iberdrola libratzea inguru hura leheneratzeko legez izan zitzakeen erantzukizun ekonomiko guztietatik. Izan ere, paraje hartan edozer egin aurretik, leheneratze- edo egokitze-lanak ezinbestekoak dira, eta horretarako milioi asko beharko dira. Orduan ez genekien, eta jarraitzen dugu jakin gabe, Lemoizko zentralaren etorkizuna zein izango den, baina bagenekien eta badakigu Iberdrola berriz ere irabazle atera zela, salatu genuen bezala. Moratoria nuklearra zela eta, Gobernu espainolak konpainiari eskubidea eman zion herritarroi, argindarraren fakturen bidez, 3.256 milioi euro gehiago kobratzeko (Lemoizko eta Valdecaballerosko zentralengatik, baina batez ere Lemoizkoarengatik, jakina). Eta hori gutxi zelako edo, konpainia edozein erantzukizunetatik guztiz libratuta utzi zituen zentralaren hondarrak Jaurlaritzaren esku. Zergatik baldintza horietan? Jaurlaritzak berak espresuki horixe eskatu zuelako. Gauzak horrela, zentralaren ingurua leheneratzeko edo egokitzeko erantzukizun ekonomikoa zeharo Jaurlaritzaren kontu geratu zen, transferentzia gauzatu zuen ministro-aginduan behin baino gehiagotan irakur daitekeen bezala.
Eta horixe ari da gertatzen. Jaurlaritzak, SPRIren bidez, bi milioi euro inbertitu zituen iaz; aurten, berriz, lau gehiago, eta 2028ra arte 25 inbertitzeko asmoa omen du, betiere akuikultura-proiektua helburu.
Alde bakarreko apustu horren aurrean, Eguzkik jarraitzen du zentralarentzat eskatzen historiarekin bat datorren erabilera. Horrek, zehatz-mehatz, zer esan nahi du? Ba, esan nahi du Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian leheneratu beharko litzatekeela eta bertan parke publiko bat egokitu, beharbada memoria-leku gisa. Ez dugu beste erabilerarik baztertzen, baina betiere leheneratzearekin eta erabilera publikoarekin bateragarri den heinean. Horrek balio du akuikultura-proiekturako, baita balizko beste proiektuetarako ere. Esaterako, Valentin Elortegik edo Carmen Abad Ibáñez de Mataucok (***) zentralari eustea proposatu dute, ondare historiko eta industrial gisa. Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izan beharko litzateke, memoriak horretarako ere balio beharko luke eta. Laburbilduz, historiarekin bat datorren erabilera eskatzen dugunean, honako hauek eskatzen ditugu: leheneratzea, erabilera publikoa eta adostasuna.
Jaurlaritzari parte hartze-prozesu bat edo, behintzat, entzute-prozesu bat eskatzea gehiegi eskatzea da? Batez ere milioi mordo bat inbertitzera doanean?
Gainera, ez da begi-bistatik galdu behar zentralak batez beste 35 hektarea hartzen dituela, baina bere inguruan badirela lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako 150 hektarea gehiago, horiek ere Jaurlaritzari transferituta. Lursail horietan nagusiki pinuak eta eukaliptoak hazten dira, eta ingurumen-aldetik egoera txarrean daude, Etzandarri Mendi Taldeak behin baino gehiago salatu eta Roge Blascok bere bideoetan islatu duen bezala. Hala ere, guk dakigula, ez dago lursail hauen egoerari buruzko diagnostikorik, eta are gutxiago leheneratzeko planik. Honekin zera esan nahi dugu, Lemoizko zentralaren etorkizunari buruzko galderari beharbada oraintxe bertan ezin diogu erantzun bakar eta behin betikoa eman, baina horrek ez du esan nahi gauzak egin ezin direnik, edo egiten den guztia nahitaez akuikultura-proiektuarekin lotuta egon behar denik. Are gehiago, deigarria ere bada oinarrizko gauza batzuk, aipatutako diagnostikoa kasu, oraindik egin ez izana, hura guztia Jaurlaritzaren esku geratu zenetik dagoeneko sei urte pasatu direnean. Izan ere, akuikultura-proiektuari buruzko albisteak alde batera utzita, zentralarekin zerikusia duen guztiak linbo moduko batean jarraitzen du, azken berrogei urteotan bezala, gutxi gorabehera.
Eskala 1:1-en komisario Carles Guerrak honela azaltzen du zergatik diren erraldoiak erakusketa osatzen duten argazkiak: “Lemoiz Alondegira eramateko, zentralak eta haren eraikinek zuten eskalari eutsi behar zaio. Eskakizun hori ez da soilik arazo tekniko gisa hartu behar. Horrez gain, eskaera politiko gisa ulertu behar da, Lemoizko zentral nuklearraren historia markatu duten iritsi ezintasun eta hermetismoaren ondorenak garbitzeko”. Bada hermetismo horrekin bukatzeko garaia. Bada Lemoizko zentralaren etorkizunari buruz modu irekian eztabaidatzeko garaia. Bada, Ixone Sadabak dioen bezala, “ahanztura etorkizunera jaurtitzeko” garaia.
EGUZKI, 2025eko otsaila
(*) Artikulu hau Berria-n argitaratu da, 2025eko otsailaren 28an.
(**) Ixone Sadabaren erakusketa apirilaren 27ra arte bisitatu ahal izango da. Informazio gehiago, honako esteka honetan: Ixone Sádaba. “Escala 1:1” – Azkuna Zentroa
(***) Hain justu, martxoaren 13an, 18:30ean, Carmen Abad Ibáñez de Matauco arkitektoak “Lemoizko zentral nuklearra eta kaltetutako lurrak erabilera publikorako espazio bihurtzea”. Hitzordua COAVNen Bizkaiko ordezkaritzan izango da, Mazarredo 69, Bilbo.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545