Martxoaren hasiera, zaharraren piztuera.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Lasarte-Oria eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren tarifa-sistema berria

2026-06-16 13:16

GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak tarifa-sistema berria ezarri du. Horren arabera, hondakin gehien bereizten duten herriek gutxiago ordainduko dute, eta gutxien bereizten dutenek, berriz, gehiago. Hona hemen tarifa berriak:

– Errefusako (edo era guztietako hondakinak nahastutako) tona bakoitzeko, 231 euro.

– Bereizitako hondakin organikoen tona bakoitzeko, 91 euro.

Orain arte ere bazen nahastutako hondakinen eta ongi bereizitako organikoaren arteko tarifa-diferentziarik, baina hemendik aurrera oso-oso nabarmena izango da. Kontuan izan behar da hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, kudeaketa izugarri garestitzen dela. Beraz, tarifa-sistema berria bat dator “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioarekin, Europar Zuzentarauarekin, Hondakin Legearekin eta, azken batean, sen ona edo logikarekin. Are gehiago, tarifa-diferentzia hau orain dela urte batzuk ezarri izan balute, hainbat hobe.

Nolako ondorioak izango ditu tarifa-sistema berriak Lasarte-Orian? Garbi dago: Lasarte-Oria izango da hemendik aurrera gehien ordainduko duten herrietako bat, gaika hondakin gutxien biltzen dutenetako bat delako. Izan ere, Hondakin Legeak ezarritako %55eko gutxienera Gipuzkoan iristen ez diren hamar herrietako bat da. Eta Lasarte-Oriak gehiago ordaindu beharko duenez, horrek ondorioak izango ditu Udalak herritarrei kobratzen dien tasan. Zergatik? Hondakin Legeak aginduta, hiri-hondakinen kudeaketa oso-osorik tasen bidez finantzatu behar delako, eta ezin delako leundu udal-aurrekontuetatik ateratako beste partidekin, orain dela gutxi arte egin den bezala. Hau guztia oso ondo azaldu zuen alkateak berak 2024ko eta 2025eko tarifazoak (%30 eta %50, hurrenez hurren) justifikatu behar izan zituenean.

Gainera, Lasarte-Oriako kasuan, bada berezitasun bat: Udalak herritarrei kobratzen dien tasa finkoa da, hau da, kopuru berbera ordainarazten die gaikako bilketan parte hartzen dutenei eta parte hartzen ez dutenei. Tarifa finkoa antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tasa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute. 

Azken honi dagokionez, egin dezagun kalkulu txiki bat, aipatutako ideia pixka bat azaltzea beste pretentsiorik gabe… 2025ean, Lasarte-Oriak 832 tona organiko bildu zituen, batez ere 5. ontziaren bitartez. 2026an, antzeko kopuru bat biltzea aurreikus daiteke. Bada, 91 euro tona bakoitzeko, guztira, 75.712 euro. Tona horiek, beste hainbat bezala, errefusako ontzira joango balira, berriz, bakoitzeko 231 euro ordaindu beharko lituztke, guztira, 192.192 euro. Kenketa eginda, ondorioztatzen dugu gaikako bilketan parte hartzen dutenek ahalbidetuko dutela Lasarte-Oriak 116.480 euro aurreztea. Eta kontuan izan organikoaz soilik ari garela. Izan ere, zenbat eta organiko gehiago bereizita jaso, gainerako hondakinak ere gero eta bereiziago jasotzen dira; beraz, aurreztutakoa handiagoa da.

Laburbilduz, GHKren tarifa-sistema berriak agerian uzten ditu honako hauek:

– Udal-gobernuak zenbat eta gehiago atzeratu hondakinak gaika biltzeko fundamentuzko neurriak, gero eta diru gehiago botako du zaborretara. Bai, bai, dirua zaborretara bota, ikusi dugun bezala; ez da hitz egiteko modu bat bakarrik.

– Tarifa finkoa zer puntutaraino den bidegabea, gaikako bilketan parte hartzen dutenak espresuki zigortzen baititu.

EGUZKI, 2026ko ekainean

atzera
gora