Astelehenero 8:00etan zure epostan
Azken urtetan landa eremuan, bai lur pribatuan, baita lur publikoan ere, txabolak eta antzeko eraikinak ari dira ugaritzen, mota eta neurri ezberdinetakoak, hauekin batera baratzak. Hau dena, inolako baimenik gabe egiten ari dela uste dugu, landa lurretako erabilerek eta jarduerek indarrean dauden araudiak bete gabe, alegia. Honek biziki kezkatzen gaitu; izan ere, bertan egiten den kontrolik gabeko jardueraren ondorioz lurra kutsatzen da, ura kutsatzen da, era desberdinetako hondakinak pilatzen dira, paisaia desitxuratzen da eta abar.
Udalek egoera hori lehenbailehen zuzendu behar dute indarrean dauden araudiak aplikatuz, bestela, azken urtetan ematen ari den dinamika jarraituz gero, egoeraren irtenbidea zaildu eta handitu egingo baita aipatu ditugun ondorioak (era ezberdinetako kutsadura) gero eta handiago eta kezkagarriagoak izanik.
Udalek badute egoera ilegal honen berri, ez da ezkutuan gertatzen den zerbait eta araudia betearazteko erantzukizuna dute. Udalek, urbanoak edo urbanizagarriak diren eremuetan araudiak errazago betearazten dituzte, landa lurrean, berriz, (salatzen duguna ikusita) beste aldera begiratzen dutela dirudi.
Ez dakigu aipatutako jarrera egoera kontrolatzeko eta zuzentzeko bitarteko eta baliabide gutxi dituztelako ote den, baina hori ez da izan behar gaiari heltzeko aitzakia.
Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko udalei Eguzkik honako eskaera egin die; denbora galdu gabe egoera zuzentzeko urratsak ematen has daitezela. Lan horretan eta landa lurrak diren neurrian, Aldundiaren konplizitatea lortu beharko lukete.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545