Astelehenero 8:00etan zure epostan
Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Kosta ertzeko itsas uretan, hau da, “barruko uretan”, baimendutako arrantza-aparailu kopurua dekretu bidez handitu nahi du Eusko Jaurlaritzak, “bikoiztu” arte handitu ere. Era berean, gaur egun orokorrean debekatuta dauden inguraketa-sareak baimendu nahi ditu. Eguzkiren ustez, horrek behar baino gehiago arrantzatzea ekar dezake, Itsas Arrantzari buruzko Legea urratuz. Izan ere, Legearen helburua arrantza-baliabideak babestea da.
Jaurlaritzak argudiatu du Legea 1998an onartu zenetik flota %50 murriztu dela. Beraz, “teknikoki onargarria” dela iruditzen zaio sare eta aparailu kopurua handitzea behar baino gehiago arrantzatu gabe, betiere “sektorearen jasangarritasun ekonomikoaren mesedetan”. Baina flota murriztu izanak ez du esan nahi automatikoki arrantza-esfortzua hein berean murriztu denik. Eta, batez ere, ez dago arrain-populazioak sare eta aparailu ugaltze hori jasateko moduan daudela egiaztatzen duen azterketa zientifiko edo tekniko eguneraturik. Horren zantzurik ez dago, behintzat, Jaurlaritzaren dekretu-proiektuan.
Esaterako, gaur egun inguraketa-sareak orokorrean debekatuta daude barruko uretan. Debeku hori ezin da bertan behara utzi soil-soilik flotaren murrizketa historikoa edo jarduera ekonomikoaren beharrak aipatuz. Bermatu behar da modu zehatz eta egiaztagarrian sare horiek eremu, espezie eta garai jakin batzuetan erabiltzea bateragarria dela Legeak babesten duen arrantza-baliabideen kontserbazioarekin. Eta Jaurlaritzaren dekretu-proiektuak ez du bermatzen.
Izan ere, proiektuak arrantza-esfortzua handituko ez dela esaten duen arren, den-denak aditzera amaten du ez dela horrela izango. Adibidez, aurreikusten du era askotako baimenak eman daitezkeela administrazio-isiltasunaren bidez. Hainbat kontserbazio-neurri, berriz, oraindik hartu ez diren erabakien mende geratzen dira, hau da, atzeratzen dira erabaki horiek hartu arte.
Gauzak horrela, Eguzkik alegazioak aurkeztu ditu, egun indarrean dauden babes-neurriak ez murrizteko, aldez aurretik nahiko berme zientifiko publiko eta egiaztagarria ez badago, behintzat.
LEGEA EZIN DA DEKRETU BIDEZ ALDATU
Beharbada sakoneko arazoa da 1998ko Legea zahartuta geratu dela. Horren lekuko da, adibidez, isunak oraindik pezetetan daudela. Baina Jaurlaritzak uste badu Europako Arrantza Politika Bateratuaren azken hamarkadotako bilakaerak, aurrerapen teknologikoak, flotaren eraldaketak, trazabilitate- eta kontrol-eskakizun berriek, klima-aldaketak edo biodibertsitatearen krisiak erreforma bat justifikatzen dutela, erreformatu dezala behar den bezala. Hau da, erreforma edo lege berri bat izapidetu dezala Eusko Legebiltzarrean, eztabaida, partaidetza eta dagozkion berme guztiekin. Egungo Legea dekretu bidez gara dezake, baina dekretu bidez ezin ditu Legearen helburuak, bermeak eta muga materialak zuzendu. Dekretuak Legearen markoa errespetatu egin behar du, eta marko horren helburuak dira “itsas baliabideak babestu eta artatzea, baliabide horiek neurriz aprobetxatzea, eta jarduna guztion ondasun honen gozamenerako antolatzea”.
EGUZKI, 2026ko iraila
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545