Baratzezaintzak eta sukaldaritzak hainbeste jakintza barneratzen dituzte. Matematika, kimika, irakurketa, historia…

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Jaizkibelgo eremu babestu megalitikoan makineria astuna erabili delako Eguzkik aurkeztutako salaketa izapidetzen ari da Gipuzkoako probintzia fiskaltza

2026-02-22 17:44

Iturria: Geo Euskadi. Jaizkibeleko eremu megalitiko babestua (sastraka kentze desegokiak 2021-2026)

Gipuzkoako probintzia fiskaltzak EGUZKI talde ekologistak aurkeztutako salaketa bat onartu du sastrakak kentzeko makineria astuna erabiltzeagatik Aldundiaren eskumeneko eremu batean, Jaizkibelgo eremu babestu megalitikoan, Hondarribiko paradore zaharraren ondoan, kultur balio oso handiko eremu hauskor batean.  Hauskorra dela diogu batez ere harriaren konposizioagatik, hareharrizkoa delako eta makina horien pisu hutsarekin erraz gera daitekeelako hauts bihurtuta, kultur ondare ordezkaezina betiko galduz.

Ez da hau gertatzen den lehen aldia: 2015ean Atxiniar trikuharriaren harrietako bat hiru zatitan apurtuta geratu zen, 2021ean (interes megalitiko gisa mugatutako multzoaren barruan) paradoretik Guadaluperantz doan eremuan ere makina astunekin garbitu zituzten sasiak eta harri batzuk oso kaltetuta geratu ziren, eta orain, 2026an, gauza bera gertatu da (badirudi ez dugula ikasten); hori bai, sastraka kentzen hasi baino lehen, trikuharri edo harrespila bat zegoen tokian hesolekin markatu bazen ere, milagarren aldiz argi utzi nahi dugu kontua ez dela ikusten dena bakarrik babestea, mantu berdearen azpian ezkutatzen dena ere babestea baizik. Hau da, babestutako eta mugatutako EREMU MEGALITIKO OSOA, beranduegi izan baino lehen.

Hona hemen gai horri buruz indarrean den araudia:

137/2003 DEKRETUA, ekainaren 24koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan dauden eta I. eranskinean zerrendatu diren (Jaizkibel barne) Estazio Megalitikoak Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko eta babes-araudia ezartzeko dena, 2003ko uztailaren 8an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko 133. zenbakian argitaratua.

II. KAPITULUA: ERABILEREN ETA JARDUEREN ARAUBIDE OROKORRA

Erabilitako teknikak eta materialak aztarnategian aplikatuko den edozein tratamendurekin itzulgarriak izan beharko dira, tratamenduaren aztarnarik gera ez dadin.

8. artikulua.–3. eremuko erabilerak eta jarduerak.

a) Horien kokalekua zehaztea zaila da, gainaldean aztarna gutxi daudelako. Bestalde, erraz hautsi daitezkeen hondakinak izanik, ezinezkoa da obrak kontrolatzeko fasean horiek antzematea.

b) Artikulu horren idatz-zatian adierazitakoa betetakoan, eremu horietan onartutako edozein jarduera Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari jakinarazi beharko zaio, jarduerei ekin baino hamabost lehenago. Kultura Sailak egoki baderitzo, berriz, jarduera horren arkeologia-kontrola hartu ahal izango du bere gain, monumentu-multzo horretako kultur ondasunak ukituta geratuko ez direla bermatuz.

atzera
gora