Baratzea da nire irakasle gogokoena.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Jaitzubiaren eta Gabiriako industrialdearen arteko bidegorri-proiektuak Bizikleta Bideen Planaren gutxieneko baldintzak betetzen ez dituela iritzita, berriz ere aztertzeko eskatu du Eguzkik

2026-04-17 14:09

Iturria: naiz

Eguzkiren iritziz, Jaitzubiaren eta Gabiriako industrialdearen arteko bidegorri-proiektuak, Irun eta Errenteria artean aurreikusitakoaren parte denak, ez ditu betetzen Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planean ezarritako gutxieneko baldintzak. Bidegorri horrek pilatutako atzerapena handia da, lanak behingoz hasteko dugun gogoa bezain handia, baina horrek ez gintuzke edozein soluzio onartzera eraman behar. Horregatik, alegazioak egiteko epea aprobetxatuz, proiektua ez onartzeko eta berraztertzeko eskatu diogu Foru Aldundiari. Funtsean, gutxieneko zabalera errespetatzeko eta errepide arriskutsuak zeharkatu beharra saihesteko eskatu diogu.

PROIEKTUA, GARRANTZIA ETA GABEZIAK

Bidegorri-proiektua Jaitzubian hasi (suhiltzaileen parkean) eta Gabiriako industrialdean bukatzen da, A-8 autobidearen azpiko pasabidean, betiere Irungo udalerrian.

800 metro besterik ez dira, baina 800 metro garrantzitsu, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planean aurreikusitako Oinarrizko Sarearen 1. Ibilbidearen parte baitira. 1. Iibilbide hori Irun eta Donostia artean da, edo, hobeto esan, izan beharko luke, gaur egun Irun eta Errenteria artean (6,861 kilometro) ez baitago txirrindulari eta oinezkoei espresuki eskainitako biderik.

Planak garrantzi handia ematen dio ibilbide horri: ez da tokiko bidegorria, Oinarrizko Sarearen ardatz nagusietako bat baizik. Baina Jaitzubia-Gabiria proiektuak, ardatz horren parte izanda ere, ez du gutxieneko zabalera errespetatzen. Izan ere, trazatu osoan 4 metro zabal beharko lituzke, txirrindularientzako eta oinezkoentzako erreiak bereizita, baina Letxunborro etorbidean 3 baino ez ditu, txirrindulari eta oinezkoen artean “partekatzekoak”, erreiak bereizi gabe, alegia. Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren zein Gipuzkoako Bizikleta Bideen Eskuliburuaren arabera, txirrindulariek eta oinezkoek partekatutako bi norabideko bidegorriek 4 metro zabal behar dituzte. Zenbat eta bidegorri estuagoa izan, gero eta txirrindulari eta oinezkoen arteko gatazka-aukera gehiago, noski. Gainera, eta zoritxarrez, badirudi Aldundiak 4 metroko gutxieneko zabalera murriztea ohiko bihurtu duela. Horra hor Lezo-Donibane, Errekalde-Galarreta edota Eibar-Elgoibar bidegorriak. Zabalera-murrizketa Jaitzubia-Gabiria tartean ere errepikatzen bada, oso aurrekari txarra izango da Irun-Errenteria funtsezko ardatza osatu behar duten gainerako bidegorri-proiektuei begira.

Gutxieneko zabaleraren murrizketa ez da Jaitzubia-Gabiria proiektuan ikusten dugun arazo bakarra. Izan ere, bere horretan gauzatzen bada, erabiltzaileek oso tarte txikian bi/hiru aldiz zeharkatu beharko dituzte zirkulazio handiko errepide arriskutsuak. Gauzak horrela, begi-bistakoa iruditzen zaigu proiektu honek ez dituela betetzen gutxieneko baldintzak.

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana 2013an onartu zuten Batzar Nagusiek, aho batez onartu ere. Planak aurreikusten zuen oraindik egin gabe zeuden Bidegorrien Oinarrizko Foru Sarearen zatiak 2021erako martxan jartzea. Zati horien artean zeuden Irun eta Errenteria artekoak. Beraz, pilatutako atzerapena izugarria da, eta, gainera, oraindik ez dago esaterik oinarrizko azpiegitura hori noiz egongo den prest (hori bai, ziur gaude prest dagoen egunean Planaren epeak hain modu nabarmenean urratu dituztenek beraien burua mugikortasun jasangarriaren txapeldun gisa aurkeztuko dutela). Baina, arestian esan bezala, obrak behingoz hasteko dugun gogo biziak ez gintuzke eraman behar edozein soluzio onartzera.

atzera
gora