Astelehenero 8:00etan zure epostan
STOP ZUNDAKETAK – AHTrik EZ EKiMENAK prentsaurreko bat eskaini du aste honetan Idiazabalen azpiegitura honi buruzko azken albisteak baloratzeko eta antolatutako ekintza berrien berri emateko, zehatz-mehatz, hilaren 23an Idiazabaldik abiatuta egingo den mendi-martxaren berri eta hilaren 26an Inma Mugerza hidrogeoloak Ataunen eskainiko duen hitzaldiaren berri.
Azaroaren 23ko martxa goizeko 9:30ean abiatuko da Idiazabalgo plazatik abiatuko da. Dantzalekuraino iritsiko da, Ataungo mugaraino, alegia, eta atzera berriz Idiazabalera. 10 bat kilometro izango dira eta 500 metroko desnibela. Egunean zehar:
o Inma Mugerza hidrogeologoaren eskutik AHTak ingurune karstikoetan sortu ditzaken kalteen berri izango dugu.
o Izaki mitologikoen pasarte batetaz gozatzeko aukera izango dugu.
o Bertako produktuz osaturiko hamaiketakoa jarriko dugu.
o Trikitilari eta panderojoleak ere izango dira hamaiketakoa girotzen.
26ko hitzaldia, berriz, Araungo Udaletxean izango da. Bertan Mugerzak AHTak eremu karstikoetan egin ditzakeen kalteetan sakonduko du.
AZKEN ALBISTEEI BURUZKO BALORAZIOA
Azken asteetan zeresana eman dute berriro ere AHTaren inguruko berriek. Orain gutxirarte abiadura handiko trena eraikitzeko bi alternatiba zeuden arren, bat-batean hirugarren batek, Etzegarate ingurukoak, indarra hartu duela dirudi. Oscar Puente Ministroa behin baino gehiagotan Gasteizko alternatibaren alde agertu da, baina orain Gipuzkoako Aldundian baikor dira alternatiba berriari esker AHTa Ezkiora iritsi daitekeela amesten dutelako. Estatuko, Nafarroako eta EAEko administrazioak elkarri mokoka ibili dira, bakoitzak azpiegitura erraldoi hau bere mesedeetara ahalik eta gehien hurbiltzeko helburuarekin.
Urriaren amaierarako Bakaikun, Ataunen, Idiazabalen eta Beasainen zazpi zundaketa berri egiten hasiak izango zirela adierazi zuten arren, momentuz ez daukagu hauen berririk. Irakurri dugunaren arabera 9 hilabete izango dituzte zundaketa hauek egiteko eta segurtasun pribatua izango omen du lanak gauzatuko dituen enpresak.
Orain 4 aste, Garraio Ministeritzatik iragarri zen behin betiko baztertuko zela Ezkioko alternatiba ofiziala, hau da, Aralar Natur Parketik igaroko zena, haien hitzetan alternatiba berriak “ez dio Aralarri eragiten, eta askoz ere inpaktu txikiagokoa da”, baina AHTak Natur Parkea ukituko ez duela dioten arren Ataungo zundaketa puntuak Parketik hurbil daude, eta halabeharrez AHTak babesturiko gunea igaroko luke. Ibilbide berria Natur Parkea inguratzeko helburuz sortu bada ere, ingurumen kalteak ia berdinak izango dira, 22,5 km-ko tunel batetik 20 km-ko tunel batera igarotzen baita. Gainera, Aralar eta Aizkorri-Aratz Natur Parkeen arteko korridore ekologikoa bete betean zatituko luke azpiegitura honek.
Berriki kaleratu dugun adierazpenean esaten genuen moduan, eta Euskal Herriko gainontzeko tarte gehienetan bezala, azken zundaketa-kanpaina zonaldeko udalen eta biztanleen borondatearen aurka egin nahi da, behin baino gehiagotan azpiegitura honen aurka agertu baikara. Horregatik udalei (Beasain, Ataun, Idiazabal eta Bakaiku) dei egiten diegu lanak egiten ez laguntzeko eta baimenik ez emateko.
Amaitzeko, Sakanako eta Goierriko biztanleei berriro gogorarazten diegu adi jarraitzeko eta aipaturiko 4 herrietako lurretan mugimendu susmagarriren bat antzemanez gero, deitzeko 656711130 ekimenaren telefonora eta dagokion udalari.
STOP ZUNDAKETAK – AHTrik EZ EKIMENA

Idiazabalen eskainitako prentsaurrekoa.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545