Nor bere tenporako, arbia abenduko

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Isurketa kutsatzaile berriak Urumeara eta Oriara, Donostian eta Alegian

2026-06-17 13:33

Atzoko isurketa Urumean. Argazkia: Sarroeta Auzo Elkartea

Martuteneko auzotarrek atzo goizean ohartarazi zuten isurketa kutsatzaile berri bat egon zela 27. Poligonotik Urumeara, argazkian ikus daitekeen bezala. Herenegun, berriz, albiste izan zen Alegian nabaritu zuten gasoleo-isuria, Amezketa ibaitik Oriara iritsi zena.

Uda atarian gaude. Udan, normalean ugaldu egiten dira isurketa-salaketak. Oporrak direla eta, enpresa batzuek “garbiketa” egiten dute, eta, oro har, ibaiek eta errekek ur gutxiago eramaten dutenez –egunotan bezala, berroaldia dela eta–, isurketa “arruntak” ere urteko beste hilabeteetan baino nabarmenago ageri ohi dira.

Zoritxarrez, isurketak oso ohikoak dira, baina ez ditugu horregatik “normaltzat” jo behar, ibai, erreka nahiz itsasoko urak nolanahi kutsatzea ez baita inolaz ere normala. Beraz, irmoki salatu egin behar dira.

Gauzak horrela, herritar batek isurketaren bat ikusten duenean, egin dezakeen onena da lehenbailehen 112 larrialdi-zenbakira deitzea. Handik jarriko dute martxan protokoloa, Ura agentziako ikuskatzaile bat isuria detektatu den lekura joatea aurreikusten duena.

Ondoren, herritar hori, betiere nahi izanez gero, Eguzkirekin harremanetan jar daiteke eguzki.eguzki@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz. Ahal dugun neurrian, jarraipena egiten saiatuko gara eta, hala badagokio, publikoki salatuko dugu.

Salaketa publikoa guk, auzo elkarte batek edo dena delako batek egitea ezinbesteko tresna iruditzen zaigu, zeren eta ikusten ez diren arazoak ez baitira existitzen, eta, hain justu, isurketen arazoari ikusgarritasuna eman behar baitzaio. Baina, esan bezala, isurketa baten aurrean, beste ezer baino lehen, 112ra deitu beharra dago.

EGUZKI, 2026ko ekainean

atzera
gora