Astelehenero 8:00etan zure epostan
“Asfaltoan sutan – Klima-aldaketa eta mugikortasuna” da datorren astelehenean, urriak 12, Barakaldon egingo dugun hitzaldiaren izenburua. 19:00etan izango da, Ibarrakaldu aretoan (San Jose kalean), eta gonbidatuta zaudete, jakina. Gure helburua mugikortasunaz hitz egitea da. Izan ere, mugikortasunak, klima-aldaketan eragina izateaz gain, jasaten dugun kutsaduraren iturri nagusietako bat da. Horra datua: iaz, Europar Batasunak 2030erako ezarritako muga berrien gainetiko aire kutsatua arnastu zuen euskal herritarren %58k.
TESTUINGURUA
Instituzioetatik egunero hitz egiten digute berotze globalaz eta klima-aldaketaren larritasunaz. Egia esan, gogoratzen ez diren eta ezagutu ere egin ez diren bero-boladak, suteak edo euri-jasak gertatzen ari dira. Baina horiei aurre egiteko edo beren eragina leuntzeko zer egiten dute?
NBEko adituen arabera, berotegi-efektuko gasen emisioak handitzen dituzten giza jarduerak dira klima-aldaketaren arrazoi nagusiak. Emisio globalaren %75a honako hiru jarduera hauen ondorio dira: erregai fosilak erabiltzea, basoak botatzea eta nekazaritza intentsiboa.
Instituzioetatik askotan herritarron “kontzientziari” dei egiten diote, klima-aldaketaren aurkako borrokan “gure aletxoa” jar dezagun, “guztion zeregina” omen da-eta. Praktikan, ordea, garapen-eredu jakin bati eusten dioten eta hondamendira garamatzaten politikak ezartzen jarraitzen dute.
Planetaren egonkortasuna bermatzen duten 9 mugetatik 7 gainditu ditugu. Baita tenperatura globala 1,5 ºC baino gehiago ez igotzeko helburua ere, klima-aldaketaren ondorio makurrenak saihesteko ahaleginean. Eta, hala ere, denetarik eraikitzen tematuta jarraitzen dute, eta bereziki erregai fosilen kontsumoa eta ondorioz klima-aldaketa areagotzen dituzten errepideak. Non geratzen da trantsizio ekologikoa? Ez al genuen garraio publikoa gehiago sustatu behar?
Badirudi ezetz. Gure inguruan adibide asko daude (Arrontegiko zubiaren handitzea, Las Carreraseko saihesbidea…), baina bi aipatuko ditugu:
– Subflubialak, Bizkaiko Foru Aldundiak berak onartu duenez, egunean 11.000 ibilgailu gehiago mugiaraziko ditu.
– Hegoaldeko trenbide-saihesbidea, 2008tik bultzatzen ari diren proiektua. Ordutik, gora egin al du salgaien garraio-eskariak? Ez. Baina azpiegitura hori eraikitzeko bidea egiten jarraitzen dute, beharrezkoa ez den arren eta alternatiba jasangarriagoa ere badagoen arren.
Bada, kontu hauen guztien gaineko gogoeta sustatu nahi dugu asteleheneko hitzaldiaren bidez.

INFORMAZIO OSAGARRIA
BEROTZE GLOBALAREN ARRAZOI NAGUSIAK
Erregai fosilak erretzea
– Energian, garraioan eta industrian erabilitako ikatza, petrolioa eta gasa.
– Berotegi efektuko gas-emisio globalen %75 baino gehiago dira, eta CO₂-ren ia %90.
– Giza jardueren ondorioz sortutako CO₂ da berotze-globalaren eragile nagusia.2. Basoak botatzea
Basoak botatzea
– Basoak botatzeak biltegiratutako karbonoa askatzen du eta planetak CO₂ xurgatzeko duen gaitasuna murrizten du.
– Jarduera hau emisioen laurdenaren eragilea da, lurzoruaren erabileran aldaketak egitearekin batera.
Nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboak
– Ganaduak metanoa (CH₄) sortzen du, berotegi-efektu handiko gasa.
– Ongarri nitrogenatuek oxido nitrosoa (N₂O) isurtzen dute.
Industria-prozesuak
– Porlana, altzairua, plastikoak eta beste produktu batzuk fabrikatzean, askatu egiten dira CO₂, N₂O eta gas fluordunak.
Garraioa
– Kamioiak, itsasontziak eta hegazkinak erregai fosilen mende daude, eta CO₂ eta N₂O kopuru handiak sortzen dituzte.
BEROTEGI-EFEKTUKO GAS NAGUSIAK
– Nagusiak CO₂, metanoa, oxido nitrosoa eta gas fluordunak dira.
– Industriaurreko garaiarekin konparatuta, CO₂ kopurua %51 handitu da.
BEROTZE GLOBALEAN LAGUNDU DUTEN FAKTORE NATURALAK
– Eguzkian gertatu diren aldaketak eta sumendien jarduera. Dena dela, faktore horiek 1850az geroztik 0,1 ºC baino gutxiago handitzen lagundu dute berotze globala.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545